GARA
ROMA

Emakume bat, lehen aldiz Italiako ezkerreko alderdi nagusiaren buru

Elly Schlein hautatu dute Italiako Alderdi Demokratikoaren (PD) buru primarioetan, botoen %53,8arekin irabaziz. Alderdia gidatuko duen lehenbiziko emakumea da, eta bere eskutik PD-k espero du boto aurrerakoiak berreskuratzea, Giorgia Meloniri aurre egiteko.

Letak Schleini erreleboa eman zion atzo.
Letak Schleini erreleboa eman zion atzo. (Alberto PIZZOLI | AFP)

Elly Schleinek ezustekoa eman zuen igandean eta Alderdi Demokratikoaren (PD) primarioetan irabazi zion Stefano Bonaccini faboritoari. Schleinek botoen %53,8 eskuratu zuen eta Bonaccinik, aldiz, %46,2. Italiako iparraldean eta Milan bezalako hiriguneetan garaipena eskuratu zuen alderdia gidatuko duen lehenengo emakumeak, eta baita gazteenak ere, bere 37 urterekin.

Emaitzen berri izan ondoren egindako hitzaldian, Schleinek esan zuen: «Aldaketarako mandatua argia da. Iraultza txiki bat egin genuen, eta oraingoan ere ez gintuzten etortzen ikusi». «Gaurtik aurrera, Parlamentuan eta herrialde osoan oposizioaren antolaketari ekarpena egingo diogu, Gobernuak kolpatzen dituen eta ikusi nahi ez dituen pobreen defentsan», adierazi zuen PDko buruak.

Horrekin batera, Alderdi Demokratikoa Giorgia Meloniren Gobernuarentzat «arazo handia» izango dela ohartarazi zuen. Horretarako, PDk azken hauteskundeetan izandako porrotak atzean uztea espero du, boto-emaile aurrerakoiak berreskuratuz.

Prekaritateari, desberdintasunei eta aldaketa klimatikoari aurre egitea dira bere hitzaldian aipatu zituen hiru erronka nagusiak, Italiako ezkerreko alderdi hegemonikoa gidatzen lehen emakumea izango dela ere nabarmenduz.

Bonaccinik porrota onartu zuen eta honela mintzatu zen: «Gauza izan da, ni baino gehiago, Alderdi Demokratikoari berritzeko zentzua emateko». Milioi bat pertsona inguruk parte hartu zuten Alderdi Demokratikoaren primarioetan. Ez boto asmoen azterketek ez aurrez egin diren bozketek ez zuten garailetzat hartzen Elly Schlein.

Schlein europarlamentaria izan da, Emilia Romagna eskualdeko lehendakariordea eta diputatua Italiako Legebiltzarrean. 2015ean alderdia utzi zuen, Matteo Renzi orduko idazkari nagusiaren ildoarekin ados ez zegoelako; alderdia zentro-eskuinerantz eramatea leporatu zion.

Orain Enrico Letta lehen ministro ohiaren lekukoa hartu du. Honek primarioak deitu zituen iragan iraileko hauteskundeetan alderdiak botoen %20 baino gutxiago eskuratu ondoren, Italiako Anaiak ultraeskuindarrak (%26) baino gutxiago. «Arrakasta izango du nik porrot egin nuen lekuan», esan zuen Lettak.