Jon ORMAZABAL
PILOTA

Ilusio adina zalantza, inork galdu nahi ez duen asteburu trinko baten aurrean

Urrutikoetxea osatu da sorbaldako lesiotik eta ostiralean Zumaian izango da. Peio Etxeberria eta Imaz ere baikor dira, baina gaur erabakiko dute.

Peña-Mariezkurrenak zalantzak agertu zituzten larunbatean Labriten.
Peña-Mariezkurrenak zalantzak agertu zituzten larunbatean Labriten. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Hamalau aste luzeren ostean, asteburu bakarrean jokatu behar izango dituzte ligaxkan hirugarren eta seigarren postu artean sailkatutako bikoteek finalerdietan egoteko euren aukera guztiak, eta ezin esan lauretako bakarra ere sasoi punturik onenean helduko denik. Izan ere, Zornotza, Zumaia eta Bilbo artean jokatuko den play offean parte hartuko duten bikote guztiek arazo fisikoak izan dituzte azken asteetan eta zalantzaz josita ekingo diote kanporaketari. Bere txarrean, titular guztiak jokatzeko moduan izango direla ematen du, nahiz eta Peio Etxeberriak eta Ander Imazek gaur egingo duten azken proban berretsi beharko duten erabakia.

Finalerdietarako ligaxkarako biderik zuzenena Zornotzatik pasatzen da. Peio Etxeberria-Rezustak eta Unai Laso-Imazek han neurtuko dituzte indarrak, eta irabazlea zuzenean igaroko da ligaxkara. Bi bikoteek eskuak kezka iturri izan dituzte azken asteetan: ezkerra, Zenotzekoak; eskuina, oiartzuarrak. Aspekoak hiru aste, bi jardunaldi, eman ditu jokatu ezinik, eta Irribarriak ezin hobeto bete du haren lekua, bi partida horietan hirugarren postua eman dieten bi garaipenak lortuz.

Otsailaren 10ean jokatu zuen bere azken partida Peio Etxeberriak Tafallan, eta enpresan ziur daude Zornotzan kantxaratuko dela. Hala ez balitz, erabakiak hartu behar lituzkete, baina Irribarriak larunbatean bere agurrekoa jokatu behar duenez, berriz ere Irribarriak ordezkatzea ez da aukeren artean sartzen. Txarrenean, Elezkanok beteko luke bere lekua.

Ander Imazek astebete gehiago eman du jokatu gabe -Eibarren, otsailaren 5ekoa da bere azken partida-, baina sentsazioak Peio Etxeberriarenaren oso antzekoak dira. Gaur egingo dute biek azken proba, eta baikorrak dira.

URRUTIKOETXEA, BUELTAN

Lau bikote hauen artean puntu bakarreko aldea baino ez da egon ligaxkan, baina Peña-Mariezkurrenak eta Urrutikoetxea-Albisuk 48 ordu eskasetan bi partida irabazi beharko dituzte finalerdietan egoteko. Zaratamoko aurrelariak ere hiru aste daramatza jokatu gabe baina ostiralean Aitzurin izango da, sorbaldako lesioa osatuta.

Peña-Tolosak elkarrekin jokatu dituzte azken bi jardunadiak, atzelaria eskuko minarekin zenbait astez geldirik egon eta gero; hala ere larunbatean Iruñean zalantzak utzi zituen.