GARA Euskal Herriko egunkaria
FUTBOLA

Biharko izarrak, betiko izarrak

Duela urtebete belauna hautsi ondoren, Martak Brasilekin jokatu du She Believes Cup eta bere seigarren Munduko Txapelketan parte hartzeko bideari ekin dio. Lehen aldia izango du Haiti txapelketan debutatzera eraman duen Melchie Dumornayk.

Dumornay haitiarrak Olympique-n emango ditu hurrengo bost denboraldiak. (CONCACAF)

Munduko Txapelketarako bost hilabete besterik falta ez direnean, bere garrantzia bikoiztu duten otsaileko torneo ugarietan, selekzioen inguruko analisiak ere biderkatu dira, eta ez dira falta izan zaleen eta adituen arreta eskatu duten izen propioak. Agian aurrerantzean Alexiari sariak garestituko dizkioten izarrak, agian bide hori aspaldi ibilita dutenak. Biharkoa bat, betikoa bestea, gaurkoak biak, Amerikatik datoz azken asteotan nabarmendu diren izar deigarri bi; Melchie Dumornay eta Marta Vieira da Silva, hain zuzen.

19 urte besterik ez ditu Dumornay haitiarrak eta bizitza osoa aurretik... orain arte gauza asko egiteko denbora izan du, hala ere; izan ere, kalitateari eta gaitasun fisikoari goiztiartasuna gehitzen die. FIFA Forward programaren dirulaguntzen bidez emakumezkoen futbolak Haitin azken sei urteetan emandako aurrerapausoaren adibide argia da. FIFAren beraren baimen bereziari esker, 14 urte baino ez zituela debutatu ahal izan zuen 20 urtez azpiko selekzioarekin. Eta ez nolanahi, maila horretako Munduko Txapelketa jokatzeko txartela eskuratu baitzuen - hori lortu zuen lehen Karibeko selekzioa-, Concacafeko hirugarren postuan amaitu ondoren. Bi urte beranduago txapelketako golegile nagusia izan zen, baina Munduko Txapelketaren saria ezin izan zuen disfrutatu, bertan behera utzi baitzuten pandemiagatik.

Aurten egingo du -eta ez 20 urtez azpikoa, absolutua baizik-, Haitik lehen aldiz parte hartuko baitu. Erdilari gaztearen parte hartzea ezinbestekoa izan da lorpen horretan. Concacafeko Txapelketara lehen aldiz gidatu zuen lehenik -golen ardura Roselord Borgella taldekideari utzi zion-, bertan bosgarren postuan amaitu zuen bere selekzioak eta jokalari gazte onenaren saria eskuratu zuen. Orain Munduko Txapelketarako txartela lortu du Haitirekin, Zeelanda Berrian lehiatu den azken aukeran. Txileren aurkako behin betiko partidan berak sartu zituen garaipena eman zieten bi golak.

Munduko Txapelketara joaten denerako munduko talde onenetako bateko futbolaria izango da, Olympique Lyonnaisek bost denboraldiko kontratua egin baitio ekainetik aurrera, orain dela bi urte Stade de Reimsen eskutik Atlantikoa zeharkatu ondoren.

SEI ALDIZ MUNDUKO ONENA

Martak ere badauka esperientzia Europan. Eta non ez, Vasco Da Gaman orain dela 23 urte eman zituen-eta lehen urratsak. Mende laurden honetan etxeko, Suediako eta Estatu Batuetako hamaika taldetan jokatu du askoren esanetan historiako futbolari onena denak, eta guztietan handitu du bere palmaresa (Champions, Libertadores, Damallsvenskan, WPS, Suediako Kopa eta Superkopak...), baina imajinario kolektiboan Canarinharen kamiseta horiarekin agertuko da beti.

Talentu agorrezineko erasotzailea, Brasileko ikurra eta gidaria izan da -Formigaren baimenarekin-, bere selekzioarekin Hego Amerikako futbola menderatuz eta kontinenteko ordezkari onena izanez txapelketa handietan, hiru zilarrezko domina lortu baititu Olinpiar Jokoetan eta Munduko Txapelketetan.

Banakako lorpenak are handiagoak dira. Sei aldiz izendatu du FIFAk munduko onena; Urrezko Baloia ere badauka; golegile nagusia izan da Munduko Txapelketan, Libertadoresen eta Suedian... Eta ez da nekatu eta, batez ere, ez du amore eman. Brasil Frantzia 2019tik kanporatu zutenean, bazirudien Martaren malko hunkigarriek bere azken Munduko Txapelketa izango zela adierazten zutela. Zer esanik ez, duela urtebete belauna hautsi zuenean, 32 urterekin; bere karrerak behin betiko amaitua zirudien.

Baina Prideko jokalariak markak hausten jarraitu nahi du. Munduko Txapelketen historiako golegile nagusia da emakume zein gizonetan; seigarren edizioa jokatu nahi du udan eta bideari ekin dio dagoeneko. Arriskatu barik, baina Pia Sundhaguek She Believes Cup-eko hiru partidetan eman dizkio minutuak, etxean bueltan dagoela baieztatzeko.

>Laburrean

Garaileak. Haiti, Panama eta Portugal debutariek lortu dituzte Munduko Txapelketa jokatzeko azken hiru txartelak. Otsaileko torneoei dagokienez, Ingalaterra (Arnold Cup), AEB (She Believes), Frantzia (Tournoi de France), Australia (Nations Cup), Mexiko (Revelations), Kosovo-Eslovakia (Turkia), Finlandia (Zipre) eta Islandia (Pinatar) suertatu dira garaile.

Sariak. Bigarren urtez jarraian, Alexiak The Best saria eskuratu du. Hirugarrena izan da Sarina Wiegman Ingalaterrako hautatzailearentzat eta Mary Earps lehen aldiz izendatu dute atezain onena. Urteko hamaikakoa osatzeko, Endler; Bronze, Williamson, Renard, Mapi; Walsh, Alexia, Oberdorf; Kerr, Morgan eta Mead aukeratu dituzte.

Dimisioak. Emakumezkoen selekzioaren protestak piztutako suaren ondorioz, Nick Bontis Federazioko presidenteak kargua utzi behar izan du. Baita, tartean eskandalu gehiago direla, Frantziako Noel Le Graetek ere. Seguruenik bere irteerak Corine Diacrerena ere ekarriko du, Wendie Renard Bleuen kapitainak selekzioari uko egin eta aspalditik datorren egoera azkartu ondoren.

Aulkia. Gerardo Garcia Realeko jokalari ohiak Francis Diazen lekukoa hartu du Betisen aulkian. Aurretik, errioxarrak EDF Logroño entrenatu zuen 2019tik 2021ra bitartean.