GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Bergarako Udalak bertako bizilagunak bertan behera uzten ditu


Gutun ireki honen bidez, gure instituzioak gobernatzen dituzten politikariez nazkatuta nagoela publiko egin nahi dut (Bergarako Udalari eta Gipuzkoako Diputazioari buruz ari naiz). Politikari hauen ahoa gezur hutsak diren esaldi ezberdinez beteta egoten da sarri. Askotan entzuten ditugu horrelakoak: «Herritarren zerbitzura gaude», «landa-eremua laguntzen dihardugu», «lurralde-oreka landa-eremuko eta hiri-eremuko zerbitzuak berdinak izan daitezen»... eta beste hainbat esaldi hutsal, beren burua zuritu eta itxurakerian aritzeko soilik direnak. Gutun ireki honen bidez, Angiozarko Goimendi auzoak politikarien partez bizi duen bazterkeria egoera salatu nahi dut, nahiz eta urte luzez hainbat eskaera bideratuak izan diren.

Bergarako Udalak guztiz baztertua dauka Goimendi auzoa, hainbati sinesgaitza egingo zaien arren, XXI. mendeko Gipuzkoako auzogune honetan orain 200 urte bezala bizi gara, oinarrizko zerbitzu publikorik gabe. Hona adibide batzuk: Goimendi auzoak ez dauka ur sare publikorik; hau da, ez dauka ur edangarririk. Ur edangarri bakarra uda beroetan lehortzen diren, neguko euriekin zikintzen diren eta tratamendu eta kalitate ziurtasunik ematen ez duten lur azpiko ur putzuak dira. Politikariek jakin arren auzoan urarekin daukan arazo honek osasun arazo larriak sortu izan dituela, Udalak eta Diputazioak ez dute ezer egin.

Baserri ezberdinetarako bideei dagokienez, bide publikoak partxez josita daude eta entitate publikoek behin ere ez dute mantentze lanik, ezta konponketa lan definitiborik ere, egiteko planteamendurik egin. Komunikabide eta Internet azkarraren garaian, auzora ez da banda zabal ultraazkarra iritsi eta Interneterako konexio bideak oso prekarioak dira.

Hala ere, harrigarriena zaborraren afera da. Izan ere, Goimendi auzoan Epeleko konpostatze planta eta Zabor Industrialen Epeleko planta dauden arren, bertako bizilagunok ez daukagu zaborra biltzeko zerbitzurik.

Gure egoera txarraren aurrean Bergarako Udalak ezertxo ere egiten ez duen bitartean, badira inguruko herrietako hainbat udal landa-eremuko bizilagunen bizi baldintzak hobetzen dihardutenak. Beraz, interes kontua besterik ez dela esango nuke. Esate baterako, Antzuolako Udalak bertako baserri guztiak ur sare publikora lotzeko lanak egin ditu, Oñatikoak Arantzazu inguruko baserrietara ur sare publikoa eramateaz gain, hainbat bide asfaltatu eta konpondu ditu, Elgetako Udalak ere baserri bideak asfaltatzen dihardu... Bitartean, Angiozarko Goimendi auzoa bakartuta eta baldintza txarretan aurkitzen da. Eta zer egiten du Bergarako Udalak egoera hau hobetzeko? Ezer ere ez, eta dirudienez, asmorik ere ez. Bueno, egia esate aldera, bada momentu bat zeinean instituzio publikoak gutaz oroitzen diren, zergak ordaintzeko orduan. Ezer jaso ez arren ordaintzen ditugu eta.

Aurretik azaldutako guzti honi soluzioa jartze aldera espero dut ordezkari munizipal zein foralek beraien agendetan Goimendi auzoari tartetxo bat emango dietela. Mesedez, hitz hutsaletatik ekintzetara pasa daitezela.