GARA Euskal Herriko egunkaria
AZKEN PUNTUA

«Maldita»


Gudak ez dira lehen bonbarekin hasten, baina Errusia eta Ukrainaren arteko gatazkaren urtemuga ofiziala izan berri denean, Kapuscinskiren “El imperio” liburua gogoratu dut. Kazetari poloniarraren lana sikiera egungo gatazka hobeto kokatu ahal izateko baliagarria izan daiteke.

Urtebete ez da nahikoa historia ulertzeko; bai, ordea, gerrek bakoitzarengan eragin ezberdina izanda ere, denen bizitza eraldatzen dutela egiaztatzeko. Ez da horrenbeste urte Europak Bosniako guda bizi izan zuela. Amaia Remirez eta Raul de la Fuente nafarren “Maldita” dokumentalak gatazkaren ikuspuntu ezberdina ematen digu. Balkanetako abeslari Bozo Vreco eta kataluniar pianista Clara Peyaren arteko harreman artistikotik abiatuz, min eta bizipoz pertsonalak eta kolektiboak batzen ditu kazetaritza ariketa bikain honek. Gerraren krudeltasunak desegindako zubiak elkartasunetik berreraikitzeko gonbidapena da. Film labur dokumentalaren Goya saria jasotzean, errugabeen aurkako gerrak eta onartuak izan nahi dutenen bihotzen gerrak madarikatu zituen Remirezek. «Aupa Black is Beltza», bota zuen De la Fuentek. Gure gerra txikiek ere mina eragiten dutelako. Eta ni Polonian den beste kazetari batekin akordatu nintzen. Ea iristen den elkartasun keinu hau Pablo Gonzalez preso duten espetxera.