GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Emantzipaziorako baldintzak


Gazteen emantzipazio-adinari buruzko datuak eskandalagarriak dira Euskal Herrian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan emantzipatzeko batez besteko adina 30,2 urteetan kokatzen da, Europan batez besteko hau 26 urtekoa den bitartean. Datuen arabera, gazte batek bere soldataren %80 bideratu behar du alokairuko etxebizitza ordaintzera. Bilbon gazte-langabeziaren gaineko datuak Europako okerrenetarikoak dira eta alokairu pribatuaren prezioa batez beste 711 euroan dago. Kasualitatea ote?

Guk argi dugu: ez, emantzipazio datu txarrak ez dira kasualitatearen ordaina, bizi baldintzen egiturazko okertze baten ondorio zuzena baizik. Azken hamar urteetan, Urkulluren mandatua hasi zenetik, gazteen soldatak 150 euro jaitsi dira, eta urtez urte emantzipatzeko adina atzeratu egin da. Jaurlaritzak ez ditu emantzipazioa bermatzeko politika publiko nahikoa garatu. Urtez urte aisialdi politika modura ulertu dira gazteria politikak, eta emantzipazio politikak ez dira lehentasuna izan. Emantzipazioa oztopatzen duten politika pribatizatzaileak egin dira sistematikoki eta, behin hori eginda, kasurik onenean, ezin hori arintzeko zenbait adabaki jartzen saiatu dira. Orain, emantzipazio datuak txarrak direla onartzen du Jaurlaritzak, baina jada belaunaldi oso bat urteetako politika horien ondorioak sufritzen ari da.

Gainezka egin duen egoera honen aurrean, Jaurlaritzak “Emantzipazio estrategia” bat aurkeztu berri du. Helburua emantzipazio adina bi urte jaistea da. Horretarako aurkeztu dituzten neurri ia denak ez dira berriak, baina batez ere, ez dira ausartak. Hala ere, neurrien artean ba omen dago berritasun bat: baldintza jakin batzuk betetzen dituzten 25-29 urteko gazte batzuek bi urtez errenta bat jasoko dute. Baina zer gertatuko da bi urte pasa ostean? Zer gertatuko da etxebizitzaren prezioarekin, soldata prekarioekin edo aldi baterako enpleguekin? Zer gertatuko da gazteen bizitza proiektuekin? Errenta hau ez da erroko aldaketa eta ez da nahikoa bizitza duinak bermatzeko. Ondorioz, ezta emantzipaziorako ere, gazteen bizi baldintzetan aldaketarik izan ezean ez baita posible izango emantzipazio prozesuak garatzea. Bizi prekaritatea eta emantzipazioa bateraezinak dira.

Izan ere, emantzipazioa ez da gurasoen etxetik nola edo hala alde egite hutsa. Emantzipazioa gazteok gure bizitzen gain erabakitzeko gaitasuna lortzea da, gure bizitza-ibilbideak askatasunez eta berme guztiekin eraiki ditzagun. Horregatik, emantzipazio politikek gazteok gure emantzipazio prozesuak nahi eta behar dugun momentu eta moduan hastea bermatu behar dute. Bide batez, bizitza prozesu horiek denboran zehar mantendu eta aldatzeko segurtasunak eskaini behar dira.

Hau guztia lortzeko, bizi baldintzen hobetzea ipar izango duten politika publikoak garatu behar dira. Ezinbestekoa da gure herri eta eskualdean lan egiteko eta bizitzeko aukera bermatzea, gure komunitateari errotuta bizitza propioak garatzeko aukera izan dezagun. Horretarako, batetik, alokairu prezio eskandalagarriei muga jarri eta alokairu parke publikoa handitu behar da. Bestetik, soldata duinak segurtatu behar dira, enplegu prekarioak desagerraraziz. Gure errealitatearekin bat, 1.400 euroko gutxieneko soldatak ziurtatuz. Hori dena, noski, hemen erabaki behar da.

Zain eta zain. Ezin dugu horrela jarraitu. Badakigu nola heldu garen honaino, baina aurrerantzean jarraitu beharreko iparra ere argi dugu. Emantzipazioa erreala izan dadin etxebizitza eskubidea eta soldata duinak bermatu behar dira. Azken batean, gazteon bizitza duinaren aldeko politika publikoak egin behar dira, hori gabe ez baitago emantzipaziorik.