Maider IANTZI GOIENETXE
bera

Geuretik Sortuak, elkarrekin, imajinatutako porturantz

Udalbiltzaren ekimenez, 22 kulturgilek obrak sortuko dituzte 39 herritan. Ederra izan zen Berako aurkezpena, ezti tanta bat ezpainetan, etorriko denari zaporea hartzeko.

Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimeneko partaideak, Beran.
Udalbiltzaren Geuretik Sortuak ekimeneko partaideak, Beran. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Sortzaile, udal ordezkari eta laguntzaileen artean, talde polita bildu zen atzo Berako kultur etxean. Ez da ohikoa nazio mailako ekimen handi bat herri ttiki batean aurkeztea, eta hori bera pozgarria izan zen. Euskal Herrian ditugun kalitatezko kulturgileen lagin bat ikusi ahal izan zen, eta gozatu, Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandiaren zuzeneko emanaldi eta guzti.

Aitor Elexpuru Berako alkateak ongietorria egin eta eskerrak eman zituen. «Naziogintzan ari gara, harremanak sortzen ari gara», erran zuen. Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendik eta Koro Etxeberria batzorde eragileko kideak azaldu zuten «izugarrizko poza» dela artearen bidez geure herriaren kontakizuna egitea xede duen proiektuaren bigarren edizioa aurkeztea. 2022ko urrian egin zuten deialdian 60 proposamen jaso zituzten, «askotarikoak eta kalitate handikoak», eta horietatik 22 sortzaile aukeratu dituzte, lau arlotakoak: literatura, zinema, antzerkia eta komikia.

2023 honetan, sortze egonaldiak eginen dituzte 39 udalerritan. Herri batzuek bakarka hartuko dute parte eta bertze batzuek elkarrekin. Hala, euren arteko senidetzea indartuko da.

Kulturgileek hiru asteko denbora eta espazioa izanen dute haiek aukeratutako gaia garatzeko, esleitutako udalerriko biztanleekin eskuz esku. Hortik ipuin luzeak, komikiak, film laburrak eta antzezlanak aterako dira, eta 2024an kultur zirkuitu batean aurkeztuko dituzte.

Kultura erosi ala babestu

Instrumentuak prestatzen ari zela, Osinagak hala aldarrikatu zuen: «Baliabide publikoak behar ditugu, denbora eta dirua. Hau gure lana da... ezta?». Aitortu zuenez, hilabetean lau aldiz erabakitzen du musikari izaten jarraitzea. «Gauza bat da kultura erostea eta bestea kultur sorkuntza babestea».

«Ikusten da porturik? Ez dugu ikusten, baina imajinatzen dugu. Haruntz goaz arraunean», kantatu zuen Osinagak, eta Zumaiako portura abiatuko dira Olatz Beobide eta Nerea Arriola bekadunak. «Errua» hitzetik tiraka antzerki obra bat sortuko dute. «Bertigoa ematen digun gauza bat egin nahi dugu», erran zuten. Ainhoa Urien idazlea, berriz, mugen ipuin batean sartuko da. Horretarako toki ezin aproposagoa esleitu diote, Lodosa, Sartaguda, Mendabia, Andosilla eta Sesma. «Oso baldintza onak» eskaintzen dituela-eta eskerrak eman zizkion Udalbiltzari, eta dei egin zuen: «Ea beste batzuk ere espabilatzen diren laguntzeko, herri bezala sortzen jarraitu behar dugu eta».