Zuriñe IGLESIAS SARASOLA

Emakume kirolariak, gizonen artean bidea egiten

Belaunaldi ezberdineko hiru emakume kirolari dira Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952), Idoia Mariezkurrena (Donostia, 1970), eta Izaro Lestayo (Getaria, 1998). Hiruren istorioak dira bereziak nola edo hala, gizonen artean jardun dutelako, eta nor bere kirolean bidea urratzea tokatu zaielako.

Reyes Azkoitia pilotari ohia, Bergarako Udal Pilotalekuan.
Reyes Azkoitia pilotari ohia, Bergarako Udal Pilotalekuan. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Azkoitiak pilotan eman du bizitza osoa, eta nahiz eta ezin izan duen txapelketetan lehiatu, «asko disfrutatu» du. Bergarako Pilota Eskolan ere aritu zen entrenatzaile moduan. Mariezkurrena puntako xabalina jaurtitzailea izan zen, Espainiako Txapelketetan hamalau domina lortuta. Jaurtitzaile gisa profesionala izatea ez zuen lortu, entrenatzaile lanetan, ordea, bai. Lestayo arraunlaria da, eta patroi izandakoa da, bai emakumezkoekin San Juanen (2017-2018), bai gizonezkoekin ere Getarian (2019). Egun Tolosaldeko patroia da.

«Bizitza osoan egon naiz gizonen artean, eta nik ez nuen arraro ikusten, ezta haiek ere», hori dio Azkoitiak; sei anaien artean neska bakarra zen. Garai haietan pilotan neska «oso gutxi» zeudela adierazi du Azkoitiak. Beraz, mutilekin jolastea besterik ez zuen: «Mutilei 10-11 urterekin irabazi egiten nien. Adin horretan ez dago indarrean diferentziarik, baina 13 urtetik aurrera bai».

Gizonen aurka aritzean azkoitiarrak baldintza moduan jartzen zuen pilota berak aukeratzea, eta tokatu izan zaio baten batek hori ez onartzea: «Indar aldetik ezin dut berdindu inola ere gizonena, eta nire abilezia gailentzeko indarrez pixka bat iritsi behar naiz». Azkoitiaren ustez, andre bat frontoira eramaten badute eta materiala ez bada berak dominatu ahal duena, «ez dio mesederik egiten ez berari, ezta ikustera joan behar dutenei ere». Aurkariek «normaltasunez» hartzen zuten pilotari ohia, eta publikoak «harriduraz» ikusten bazuen ere frontoian andre bat egoteak, oro har, «maitatua» sentitu dela nabarmendu du. Hala ere, aitortu du inoiz entzun izan duela «hobeto legoke etxean patata tortilla prestatzen».

Azkoitiarra entrenatzaile lanetan ere hasi zen semeak 16 urte zituela, Bergarako Pilota Eskolako zuzendaritzan sartuta. «Lehen zeudenek utzi egin zuten, eta zortzi guraso sartu ginen. Semea eskolan zegoen, eta frontoira joaten nintzen ikustera. Harmailetatik laguntzen hasi nintzen, eta laguntzen eta laguntzen, barruraino sartu nintzen arte», azaldu du Azkoitiak. Han ere emakume bakarra zen.

Pilota eskolan neska kopurua hazten joan den galdetuta, azkoitiarrari «arraroa» egin zaio, entrenatzaile bat emakumea izanda, «oso neska gutxi» eduki dituztelako, «urte bakoitzean agian bat edo bi». Horrez gain, Azkoitiak azaldu du emakumezkoen pilotan 12 urtetik 16ra hutsune bat zegoela, neska askok adin horretan pilota utzi behar izan zutelako, mutilekin lehiatzeko jada indar aldetik tartea handitzen zihoalako, eta ez zeudelako neska aski txapelketak antolatzeko.

JAURTIKETETAN EREDURIK EZ

Mariezkurrenak bere bizitza osoa eskaini dio atletismoari, bereziki jaurtiketei: lehenik jaurtitzaile gisa, eta ondoren modalitate horretako entrenatzaile moduan Pamplona Atletico klubean eta Espainiako Federazioan. «Emakume oso gutxi zeuden jaurtiketetan, ez zegoen talderik, ezta eredurik ere». Jaurtiketetan andre gutxi egotearen arrazoi nagusia formakuntza luzea dela dio atletak: «Jaurtiketetako probek prestakuntza luzea dute emaitzak lortzeko, eta orduan, bidean ez badituzte bultzatzen, zailagoa da iristea eta errazagoa da emakumeek kirola uztea. Emaitzak lortzen ez dituzun arte ez zaituzte baloratzen, eta zaila da ibilbide horri guztiari eustea». Orain, baina, egoera oso bestelakoa da, eta formakuntzan badaude profesionalak horretan laguntza ematen.

Mariezkurrena donostiarra da jaiotzez, baina 4 urterekin Nafarroara joan zen; lehen urtean Mugairira, eta hortik Beintza-Labaienera. Egun Iruñean bizi da. Garai haietan profesionala izatea «oso zaila» zela esan du iruindarrak, eta andreentzat «pixka bat zailagoa» zela: «Garai haietan ez zegoen hain ongi ikusia horretan aritzea. Oso burugogorra izan nintzen, eta argi nuen esperientzia bizi nahi nuela. Nafarroako Gobernuak beka bat eman zidan kirolarien erresidentzia batean egoteko. Eta gero saiatzen zara bitartean zerbait ikasten, haurrak entrenatzen... eta klubaren, gobernuaren edo federazioaren laguntzak lortzen». Hori bai, ez ziren «profesionalak», ez baitzuten soldatarik jasotzen atletak izateagatik, eta emaitzen arabera lortzen zituzten bekak.

Horren harira, Mariezkurrenak nabarmendu du dirua kudeatzen jakin behar zuela, «urte on bat zenuen moduan, txar bat ere eduki zenezakeelako». Alde horretatik, donostiarrak ez zuen alderik nabaritu gizona ala emakumea izan, «domina batek balio bera zuelako». Hori bai, 31 urterekin lehen aldiz haurdun geratu zenean, emaitzengatik egokitzen zitzaion Indurain beka jasotzea, baina haurdun geratu zelako ez zuen jaso: «Garai hartan gai horiek jorratzen ziren arren, ez nuen jaso Indurain beka. Gainera, hurrengo urtean kirol merituengatik jaso nuen beka hori, baina aurkezpen ekitaldira joan eta emakumearen aldeko hitzaldia entzutean, pentsatu nuen: niri iaz beka jasotzea egokitzen zitzaidan, eta ez zenidaten eman...».

Halakoak «zorionez» zuzentzen, eta «behar bezala egiten» joan dira. Mariezkurrenak gaineratu du «kontu pixka bat» izan behar dela egoera «ulertzeko, laguntzeko eta errazteko», eta jomugan jarri du haurdunaldi osteko prozesuan ere laguntzak izatea «ezinbestekoa» dela: «Inork ez zekien esaten nola has zintezkeen, are gehiago nirea bezalako indar lan batean. Asko kostatu zitzaidan lehengora itzultzea, eta uste dut gaur egun ez dagoela konparaziorik, laguntza eta aholkularitza dituzulako gauzak ondo egiteko».

Zentzu horretan, Mariezkurrenak galdera hau egin dio bere buruari: «Txapelketa batera eramaten banaute emakumeentzako laguntza plan batekin, hori diskriminatzailea da emakume plan batengatik egin behar izan dudalako?». Horren inguruan hausnartuz, iruindarrak argi du halakoak egun «beharrezkoak» direla, baina «denboran luzatzen badira eta soilik emakumezkoentzat badira, ez goazela bide onetik».

NORMALIZATZEKO BEHARRA

Lestayok zenbait bide ireki ditu arraunean, baita handik kanpo ere. KAE1 ligan patroi postuan uretaratu zen lehen andrea izan zen, eta Elkanoren lehorreratzea antzezpeneko historiako lehendabiziko emakumezko eskifaia ere bai. Halakoak «normalizatzeko beharra» nabarmendu du getariarrak, eta gaineratu du une hartan baiezkoa eman ziela komunikabide guztiei «zabaltzeko emakumeak ere gizonezkoekin egon» daitezkeela.

Gizonezkoen traineruan patroi lanetan aritu zelarik, Lestayok adierazi du Jon Larrañagak deitu zioenean ez zuela «espero hainbesteko buelta emango zitzaiola gaiari». «Orain arte ez baldin bazaigu inporta izan, zergatik orain bai, mutilekin nagoelako?», hausnartu du getariarrak. Atzera begira, «amorrua» sentitu zuen, ordura arte ematen zuelako «ez zela existitzen»: «San Juanekin bi liga irabazi ditugu, beste bi Kontxako Bandera; eta Izaro Lestayo ez zen ezaguna -ezta nahi ere-, baina gero Getariara etorri nintzenean...».

Patroiak nabarmendu du ez duela «alderik» sumatzen, emakumezkoekin edo gizonezkoekin aritu: «Getarian oso-oso ondo zaindu naute. Agian beste talde bat izango balitz, ez zen horrela izango». Bi taldeetan lorpen garrantzitsuak eskuratu zituen Lestayok: San Juanekin bi liga eta beste bi Kontxako Bandera, eta Esperantza ontziarekin bigarren mailatik Eusko Label ligara igo zen. Erdietsitakoak oihartzun bera izan zuen galdetuta, getariarrak esan du San Juanen egon zenean egunkariekin arazoak izan zituztela: «Kontxa irabazi genuenean, egunkariaren azalean mutilen argazkia handian jarri zuten, eta neskena txikiagoa. Azkenean, betiere mutilen lorpena handiagoa zen, eta uste dut ordutik gauzak asko aldatzen ari direla. Orain emakumezkoei garrantzi gehiago ematen zaie, baina nik Getarian bizitu nuena, ez dakit mutilengatik edo neskengatik zen, baina lorpen hori herriak ospatu zuen bezala... ez du parekorik!».

Profesionaltasunari dagokionez, prestakuntza aldetik Lestayori ez zaio iruditzen «hainbesteko aldea» dagoenik gizonezkoen eta emakumezkoen artean, lan egiteko konpromisoa norberak hartzen duelako. Hori bai, diruan «sekulako aldea» dagoela nabarmendu du: «Guk dena irabazi genuenean San Juanen ez genuen hainbeste kobratu, eta sari guztiak denon artean banatu genituen. Getarian bigarren mailan irabazi genuenean, egia da liga irabazi genuela, baina ez genituen hainbeste estropada irabazi, eta diru aldetik oso berdintsu ibili gara. Orain, Getaria goi mailara igo denean, eta azken postua lortuta ere, uste dut emakumezkoen aurrenekoa edo gehiago dela».

Hori dela-eta, Lestayok badaki dirua «icebergaren punta» dela, eta lehen emakumezkoek komunikabideetan sumatzen zuten «errekonozimendu falta» hori orain «aldatu» egin dela. «Esaterako, Kontxan emakumezkoek eta gizonezkoek diru berdina jasotzen dute». Hala ere, patroiak nabarmendu du Ligan «oraindik saltoa» badagoela, baina «pixkanaka» egin behar diren gauzak direla.

PAUSOAK, EMATEKO

Pilotan, Azkoitiak uste du Master Cupak «ateak ireki» dizkiela emakumezkoei, «jakin dutelako txapelketa moldatzen neskak erakartzeko; pilota bigunekin, eta lehiaketa irekia eginda». Aurrerantzean, baina, zer pauso daude emateko? Azkoitiarra jakitun da «gai delikatua» dela, baina argi du «neskek batuta joan behar dutela, eta ez banatuta, gutxi garelako». Horrez gain, pilotari ohiak esan du diruak «zatartu» egin duela kirola, eta berak egungo emakumeen mailan jokatzeko aukera izango balu, «munduko neskarik zoriontsuena» izango zela.

Arraunean ere aurrerapausoak izan dira. Lestayoren ustez, hamar urte atzera eginda, emakumezkoen arrauna ez zen «hainbeste bultzatzen»: «Orain ez dut esango pareko gaudenik, baina bai antzeko». Horrez gain, patroiak nabarmendu du arraun munduan emakumezkoek «konfiantza gehiago» hartu behar dutela, eta «elkarri sostengua eman behar diotela, esateko bagarela gizonak adina».