Finalerdietara, ardi larruz jantzita

Azken egunetan tenperaturek gora egin badute ere, jakina da bost hilabeteren ostean lehen mailako txapelketako partida bat hartuko duen Gasteizen hotz egin ohi duela urteko sasoi honetan; hala, Gorbeialdea zurituta ikusita edo, ardi larrua jantzi nahi izan dute igandean elkarren aurka arituko diren Laso-Imaz eta Altuna III.a-Tolosak. Partida garrantzitsuak material aukeraketetan jokatzen hasten direla jakinik, bikote bakoitzak besteari utzi zion faboritoak bizkar gainean eraman ohi duen zama, horretarako arrazoi ezberdinak emanez.
«Finalerdietan egonda helburua finala da, baina argi daukagu nondik gatozen, txapelketa hasieran aipatzen ziren hiru bikote faboritoak justu gurekin finalerdietan daudenak dira eta alde horretatik nik uste guk ez dugula inolako presiorik eta alde horretatik lasai gaude», aipatu zuen Jokin Altunak, aurkarien mailari erreparatuz.
Amezketarraren hitzek ez zuten aurkari izango duen Ander Imaz batere konbentzitu. «Jokin ez bada faboritoa txapelketa batean... nik uste momentuko pilotaririk onena dela, jokatzen dituen txapelketa guztietan faboritoen artean bera dago», bota zuen.
Unai Laso bat etorri zen bere atzelariak esandakoarekin eta Binakakoan orain arte batzuek eta besteek egindakoa hartu zuen argudio gisa. «Nik uste argi dagoela, beraiek bigarren izanda sartu dira finalerdietan, Jokin maila oso onean ikusten dugu eta Tolosa ere txapelketa ederra jokatzen ari da. Gu irregularrak izan gara txapelketa osoan zehar, beraiek oso erregularrak eta nik uste eurak direla faborito. Baina biak leku berera heldu gara eta finalerdietan edozer gauza gerta daiteke; tentsioak ere izaten du zeresanik», azaldu zuen.

GHK responde a ToxicoWatch con otro estudio previo de BioGipuzkoa

«El París abre de nuevo durante la cena, los usuarios lo han entendido»

Los gurús del capitalismo se levantan contra Trump tras el caos bursátil

Antifrankista amorratua eta GARAren sortzaile, Euskal Herri askea ipar izanik
