Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren ipuinak

Zergatik nobela eta ipuinetan gutxitan aipatzen dira abestiak eta taldeen izenak, eta filmetan musika asko jarri baina hain gutxitan aipatu kantu eta taldeen izenak? Zinema mutuari piano baten soinuak laguntzen dio etenik gabe. Pelikuletan musikarik gabeko ia tarterik ez dago. Horregatik, nobela eta ipuinetan talde eta abestien aipua egiten denean, informazio gehigarria dakarkio pertsonaiaren nortasunari edo egoeraren filosofiari; pelikuletan, ordea, ez.

Iban Zalduaren hamasei ipuineko liburuan (‘‘Ipuina engainua da’’), narrazio labur askotan ageri dira tramaren erdian abestiak, eta batez ere taldeak (Elton John, Radiohead, Cat Power, Belako, Charlie and The Colours, Músculo, Siesta!, Perlak, The Cure, Joy Division, Miren Narbaiza, Napoka Iria, Neuman, Izaro, Negu Gorriak, Etsaiak, The Smashing Pumpkins, Rainbow, The B-52’s). Nabari da Zalduak maite duela B-52’s (nik ere gustuko dut), maiz ageri delako liburuan, eta azal-hegaleko argazkian talde horren kamiseta darama jantzita. Hutsune handia zabalduko da irakurleak taldeak ezagutzen ez dituenean, nahiz eta sarera jo entzutera. Telesailetan, aldiz, ez da horren garrantzitsua edo dramatikoa ez jakitea noren musika den.

Nick Hornbyren ‘‘High fidelity’’ nobela musikaz blai dago, obsesionatuta. Fernando Navarroren eleberriaren izenburua argigarria da: ‘‘Todo lo que importa sucede en las canciones’’. Eneko Bidegainek ‘‘Bichta éder’’ nobelan, besteak beste, Musergo, Kortatu eta Laboa aipatu ditu.