GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA

Baskonia ez al du euforiak itsutuko

Monakon gutxigatik galdu zuen Baskoniak. (@EUROLEAGUE)

Saski Baskoniak Euroligako bederatzigarren postua oraindik gertuegi daukala egia da. Baina, pasatu den martitzenean Real Mądrali WIZink Centerren irabazi eta gero, euforia apur bat nabari da gasteiztarren artean. Are gehiago, jokatu beharreko hurrengo partida etxean denean: gaur gauean, 20.30ean, AS Monakoren aurka.

Horixe da orain gasteiztarren helburua: garaipenak kateatu eta bederatzigarren postuari baino laugarrenari begira hastea, gauza zaila dirudien arren. Hain zuzen, AS Monako bera da une honetan Euroligako laugarren sailkatua, 17-10 balantzearekin; hau da, Baskoniak baino bi garaipen gutxiagorekin.

Ez da matematika askorik jakin behar Joan Peñarroyaren taldeak gaur gauean irabaziko balu zer gertatuko litzatekeen jakiteko. Hasteko eta bat, Euroligako Top 8an askoz sendoago legoke, atzetik dituen taldeen emaitzei hainbeste begiratu beharrik gabe. Bestetik, Sasa Obradovic serbiarrak zuzentzen duen taldearekiko garaipen bakarrera jarriko litzateke, eta ziurrenik puntu aldea ere gasteiztarren aldekoa izango litzateke, Monte Carlon 79-74 galdu ondoren.

LEHIAKORRA IZAN

«Gure gorabeherak izan ditugu, noski, beste guztien antzera, baina urte osoan izan gara lehiakorrak», nabarmendu zuen asteroko prentsaurrekoan Joan Peñarroyak atzo. Terrassako entrenatzailea pozarren zegoen, nola ez ba, asteartean Madrilen irabazi eta ia hiru hilabeteko lehortea amaitu ostean: abendutik martxora Euroligako partidarik etxetik kanpo irabazi ezinik, alajaina.

«Taldeak bidera atera zaizkion zailtasunei aurre egiteko egokitu egin behar izan du, eta dagoeneko martxoan gaude. Alegia, play-offetarako sailkapena ia oraintxe bertan erabakiko da eta horretara bidean sekulako partida garrantzitsu pila jokatu beharko ditugu», adierazi zuen katalanak, eta besterik gehitu aurretik, bere jokalariek zeren aurrean dauden ondo dakitela berretsi nahi izan zuen. «Mutilek badakite hau zer den eta zer egin behar duten», esan zuen.

Markus Howard bere mailarik onenera itzuli ezinik dabilela-eta, ea kezkaturik ote dagoen galdetu zitzaion Peñarroyari. Zentzu horretan, Real Madrilen aurka Howard «oso egoki» aritu zela defendatu zuen Terrassakoak, eta haren aldeko mezua berretsi zuen . «Jokalari oso berezia da eta, tarteka gure jokoa askotxo baldintzatzen badu ere, zorteko gara bera gurekin dagoelako», esan zuen eskolta estatubatuarrari buruz.

Ikusi egin beharko da Baskoniak Madrilen lortutako garaipena etxeko ohiko sendotasunarekin berresten duen gaur gauean ala euforiak itsutu egingo ote duen.