Maite UBIRIA
BAIONA
ERRETRETEN ERREFORMAREN GAINEKO EZTABAIDA

Frantses Senatuak ontzat eman du erretiro adina 64 urtera gibelatzea

Frantses Senatuak gaueko eztabaida baliatu zuen erretreten erreformaren kapitulurik sinbolikoenetarikoa aintzat hartzeko. Jendeari loa kentzen dion erretiro adina 62 urtetik 64 urtera gibelatzea xede duen 7. artikulua onartu zuten senatariek, bide batez karriketan ehunka milaka herritar bildu dituen mobilizazioen aurrean Emmanuel Macronen Gobernuari arnasa emanez.

Donibane Lohizuneko tren geltokian elkartu eta Herriko Etxera joan ziren grebalariek erakundea argirik gabe utzi zuten.
Donibane Lohizuneko tren geltokian elkartu eta Herriko Etxera joan ziren grebalariek erakundea argirik gabe utzi zuten. (Patxi BELTZAIZ)

Ostegun gauerditik minutu batzuk igaro zirenean bozkatu zuten frantses senatariek erretreten erreformaren 7. artikulua. 345 senatarik parte hartu zuten bozketan. Horietarik 201 adina bi urtez gibelatzeko proposamenaren alde agertu ziren eta 115 aurka azaldu ziren.

Bozketara kosta ahala kosta iristeko, Senatuaren arautegia bihurritzeko hautua egin zuen Gerard Larcher Ganberako presidenteak. Ezkerreko taldeek eztabaida galaraztea egotzi zioten, giro zeharo ozpindu batean igaro zen gaueko eztabaida horretan. Eliane Assassi senatari komunistak hitza «bahitu» izana leporatu zion eskuinari. «Ez dugu onartuko zuek nahi duzuena, Melenchon erara moldatzea Senatua» erantzun zion Les Republicains taldeko buru den Bruno Retailleauk.

Bornek lasaitua hartu du

Bozketa gertatu eta berehala Elisabeth Borne lehen ministroak Twitter sarearen bidez bere poztasuna agertu zuen. Borneren esanetan «orekatua bezain justua» den erreformaren kapitulurik sinbolikoenetarikoa onartuta, eskuinak gehiengoa duen Senatuak arnasa eman die bai berari bai eta frantses presidenteari ere.

Joan zen asteartean, sindikatuek deituta, seigarren mobilizazio eguna egin zuten frantses Estatuan. Orain arte izan den parte hartze handienarekin, gainera. Horrek ataka estuan ezarri zuen Gobernua.

Antolatzaileen arabera 3,5 milioi herritar karriketara irten ziren «erreforma bortitza eta ez bidezkoa» salatzeko. 23.000 herritar batu ziren intersindikalak Baionan deituriko martxara. Bigarren manifestaziorik jendetsuena izan zen, otsailaren 11n 25.000 lagun bildu zirelako Baionan lehen aldiz asteburua antolaturiko protesta ekimenean.

Hain justu heldu den larunbaterako mobilizatzeko deialdi berria egin dute sindikatuek, jakinik igande gauerdian amaituko dela lege egitasmoaren eztabaida Senatuan.

Eskuina ez da asetzen

Erretreten erreformaren 7. artikulua onartzeaz gain, Macronek defendaturiko lege egitasmoa oraindik ere gehiago gogortzeko asmoa berretsi du eskuinak. Hala, Retailleauk berak 2. artikulua aldatzeko emendakina aukeztu du. Zehazki, erretreten erregimen bereziak desagerraraztea aurreikusten du aipaturiko puntuak.

Borneren Gobernuak aurkezturiko egitasmoak aurreikusten du, besteak beste, Parisko garraio publikoko RATP konpanian indarrean dagoen erregimen berezia etorkizunean enpresara lotuko diren beharginei ez aplikatzea. Eskuinak, ordea, egungo langileei ere kentzea nahi luke.

Eskuineko taldeko buruak behar zuen atzo emendakina defendatu. Izan ere, azken unean bere proposamena berandurako uztea erabaki zuen. Ezkerrak «jokabide koldarra» egotzi zion, jakinik sindikatuen ekintzak gogortzeko aukera handiak badirela.

Gobernuaren itxaropena da iganderako Senatua testua bere osotasunean onartzeko gai izango dela. Ondotik diputatuz eta senatariz osaturiko batzordeak testua landu eta, akordio batera erdietsiz gero, hilaren 16an erreforma bozkatzeko aukera legoke.

Behin testua bozkatua denean, karriketan pizturik den sugarra itzaltzen joanen dela espero du frantses Gobernuak.

Izan ere, sindikatuen bultzadapean blokeoak eta lanuzteak ugaritu dira azken orduetan. Atzo argindar mozketen eguna izan zen. Bezperan Gerard Larcheren egoitza ilunpetan utzi ondoren, atzo grebalariek Stade de France eta olinpiar jokoetako obren alderdia argirik gabe utzi zuten Parisen. Baita Donibane Lohizuneko Herriko Etxea ere.