GARA
HERNANI

Mikel Karmona, musika bizi filosofia bilakatu zuen zaletua

Hernaniko La Bodega tabernako ugazaba gisa ezagutu zuten askok Mikel Karmona, musikazale amorratua, edozein herri ekimenen aurrean baiezkoa prest izaten zuen tabernaria. Iritsi zaio heriotza, baina bere grinak izango du segida, ziur.

Mikel Karmona, eskuinean, Begirunea Tour biran.
Mikel Karmona, eskuinean, Begirunea Tour biran. (@muguruzafm)

Hernaniko La Bodega tabernan ordu batzuk igarotakoa den edonork ezagutuko zuen Mikel Karmona. Musikazale amorratua, edozein ekimen herritarretan bere hondar alea jartzeko beti prest egon ohi zena, grinatsua, errebeldea, ekintzailea eta, nola ahaztu, festarako irrikarik ere faltan izaten ez zuena. Edozein eskariren aurrean, ezezkoaren aurretik baiezkoa prest izaten duten pertsona horietakoa zen.

Gaur egingo zaio azken agurra, 19.00etan, Hernaniko San Joan Bataiatzailearen elizan. Heriotzaren albistea zabaltzen lehenetarikoa Fermin Muguruza izan da, Twitter bidez: «Agur lagun handia, Esan Ozenki-ko bazkidea, konspiratzailea... Horrenbeste oroitzapen... Hernaniko La Bodega, Negu Gorriak, Kuba, Mexiko...», oroitu zuen.

Berriak, Hernaniko ostalari elkarteak ere izan zuen gogoan Karmona, haren izaera lagunkoiari azpimarra jarriz: «Proiektu baten alde hamaika lan egina/ auzolanean tinko, konpromezutan fina».

Grina eta konpromisoa, horiek baitira, hain justu, Karmona hobekien deskribatzen duten hitzetariko batzuk. Sagarrondotik, Hernaniko Olinpiadak, Berriak-en kontzertuak... ekimen horien eta beste hamaikaren atzean izaten zen Karmonaren eskua. Ezeren gainetik, musikazale amorratua baitzen. Horrenbeste, non Andoainen, Garate estudioen eraikin berean topatu zuen aterpea. Ondo gogoan izango dute Karmona, ziur, bertara diskoa grabatzera joan diren musikariek eta teknikariek: beti zabalik ezagutu dituzte haren etxeko ateak.

Baina Karmonak musikarekiko zuen lotura askoz lehenagokoa da. Zaletasun horrek eraman zuen Esan Ozenkiko lehen zutoinak sostengatzera eta, bide horretatik, Negu Gorriaken Begirunea Tour biran parte hartu zuen, 1996an, Mexiko eta Los Angelesen barna.

Abentura hartatik urte batzuk pasatu ziren Karmonak, beste kide musikazale batzuekin batera, Hernanin La Bodega taberna mitikoa zabaldu arte. Eta hura ere musikarien aterpe bilakatu zen: Euskal Herriko dozenaka taldek kontzertuak egin dituzte han, tartean Mano Negrak, Negu Gorriakek eta Dut-ek.

Musikariek bakarrik ez, musikazaleek ere La Bodegan aurkitu izan dute larunbat gauetako musika eskaintza monokromatikotik ihes egin eta beste garai eta, musikaren bidez, espazio batzuetara bidaiatzeko parada. Eta irakaspen hori hor geratuko da.