Maite UBIRIA

Korsikako Asanblean ezingo dute korsikeraz eztabaidatu

Estatu frantsesak Bastiako Auzitegi Administratibora jo zuen Korsikako Asanbleako araudia bertan behera uztea eskatzeko. Konstituzioaren 2. artikulua aldarrikatuz, epaitegiak deliberatu du hautetsiak beren jardun publikoetan ezingo direla korsikeraz mintzatu.

Korsikako Asanblean korsikera erabiltzea debekatu dute.
Korsikako Asanblean korsikera erabiltzea debekatu dute. (KORSIKAKO ASANBLEA)

Bastiako Auzitegi Administratibora jo zuen frantses Estatuak Korsikako Asanbleako araudia bertan behera uzteko xedez. Oraingoan, epaitegiak, frantziar Konstituzioaren 2. artikulua aldarrikatuz, parlamentariek beren jardun ofizialetan ezin dutela korsikeraz aritu deliberatu du. Korsikako presidente Gilles Simeonik jakitera eman zuen Bastiako Auzitegi Administratiboak plazaraturiko deliberoaren berri Twitter sarearen bidez.

Frantses Estatuko zerbitzuek epaitegira jo zuten Korsikako legebiltzarrak onarturiko araudia bertan behera uztea eskatzeko. Horren ondorioz, zehazki, frantses Konstituzioren 2. artikulua aintzat harturik, erakunde horretako kideek ezin dutela beren lana korsikeraz egin ebatzi du auzitegiak. Artikulu horrek dioenez, «Errepublikako hizkuntza frantsesa da».

Aho batez onarturiko araudia

Korsikako Asanbleak 2021eko abenduaren 16an onartu zuen bere barne araudia. Lehen aldiz, parlamentariek aho batez onartu zuten araudia. Korsikako kontseilu exekutiboak berak, parlamentuaren erabakia aintzat harturik, araudia berretsi zuen 2022ko otsailaren 8an.

Araudi horregatik jarri zioten Mediterraneoko uharteko orduko prefeta zen M. Lelargeri helegitea. Zehazki, honakoa zioen araudiak: «Korsikako Asanblea eta Korsikako Kontseilu Exekutiboa korsikar herriaren interes material eta moralen bermatzaile dira (...) Korsikako Asanbleako eztabaidarako hizkuntzak korsikera eta frantsesa dira».

Izan ere, Lelarge prefetak iradoki zuen Konstituzioaren aurkakoa zela bi barne araudietan aipatzen den pasarte hori aldatzea, korsikar herriari, alde batetik, eta korsikar hizkuntzari, bestetik, egiten zitzaien aipamena aldatzea, hain zuzen.

«Pentsaezina da hau onartzea»

«Jakina, onarturiko erabaki horiek bertan behera uztea errefusatu genuen, bai arrazoi politikoengatik, baita arrazoi filosofikoengatik ere, korsikar herria existitzen delako eta korsikera herri horren hizkuntza historikoa delako», azaldu zuen Gilles Simeonik Bastiako Auzitegiak emandako debekuaren harira plazaraturiko agirian.

Erabaki horren ondorioz korsikar hautetsiek ezingo dute korsikeraz eztabaidatu ez parlamentuan, ez gobernuan, ez eta bizitza publikoko beste jardueretan ere beren hizkuntza baliatu. «Erabaki hori onartzea pentsaezina da guretzat», eman zuen aditzera Simeonik.

Helegitea ezartzetik harago, aipaturiko ebazpenari erantzun orokorragoa eman behar zaiola uste du Korsikako exekutiboko buruak, «guztiz beharrezkoa delako Konstituzioaren erreforma bat garatzea korsikar hizkuntzari koofizialitatearen estatusa emateko, jakinik hori ezinbesteko baldintza dela korsikerak bizirik irauteko eta berau garatzeko».