Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Arrain hezur bat eztarrian», Olatz Mitxelenak kontatu behar zituen ipuinak

Liburua idazteko Igartza Sariaren laguntza jaso zuen Olatz Mitxelena oiartzuarrak 2021ean, eta orain emaitza aurkeztu du. Bere lanak oso desberdinak diren hamar ipuin biltzen ditu, esan ezin dena amankomunean dutenak. Lehen esaldi batetik abiatuz idatzi ditu denak, ondoren datorrena pentsatu gabe.

Olatz Mitxelenak bere lehen liburua aurkeztu du.
Olatz Mitxelenak bere lehen liburua aurkeztu du. (Maialen ANDRES | FOKU)

2021eko Igartza Sariaren fruitua aurkeztu zuten atzo goizean Donostian, eta arratsaldeko ekitaldian Beasainen, Olatz Mitxelenaren “Arrain hezur bat eztarrian” (Elkar) ipuin bilduma. Lehiaketara proiektua aurkeztu zuenean, “Arrakalak” izena zuen, harremanetan sortzen diren arrakalen inguruan idazteko intentzioa zuelako. Eta hala egin du, baina konturatu da bere ipuinek badutela beste zerbait amankomunean: isiltasuna, komunikazio falta, esanezina... Idazleak berak azaldu zuen «arrain hezur bat eztarrian gelditzen zaigun hitza» dela esatera ausartzen ez garena.

Liburuan hamar ipuin jaso ditu, idatzitakoen artean onenak aukeratu ostean. Batzuetan idazten trabatuta gelditu zela aitortu zuen arren, ez du bat bera ere baztertu; birziklatuz edo moldatuz osatu ditu testuak. Esaldi bat idatzi eta horri tiraka sortu ditu istorioak, zer gertatuko zen pentsatu gabe, erabakiak hartzen, pausoz pauso.

Azkenean ipuin oso desberdinak atera zaizkio. Mundu propioak, min mota desberdinak, logikaren galera adierazten dutenak, zahartzaroa, errealitatearen pertzepzioa edo hizkuntza bezalako gaiak jorratu ditu. Kasu batzuetan fantastikoak atera zaizkio, eta errealistak bestetan. «Literaturarekin jolastea interesatzen zait», azaldu zuen.

Forma aldetik ahots desberdinak erabiltzen saiatu da, ikuspuntu desberdinak emateko. Ipuin batzuk laburrak dira, erritmo bizikoak, eta beste batzuk pausatuagoak. «Saiatu naiz hitzekin gauzak esateaz gain hizkuntza guztiarekin esaten, hau da, erritmoa eta tonua bilatzen». Era berean, gorputz osoarekin idatzi du, eta sentimenduez gain, mina, usaina edo zaporea deskribatzen dira.

Nahita bilatu du giro iluna, deserosoa eta zikina. Baina batzuetan nahi gabe atera zaio, eta galdetu dio bere buruari ea ez ote dabilen beti zauri beraren inguruan idazten. Dena den, umorea ere badago. Islatu nahi izan duena da errealitatea gogorra ere badela, «ez nik besteek baino min gehiago dudalako, artean hori transmititzen duten lanak interesatzen zaizkidalako baizik».