GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikako zirtolariak


Agertokietan zirtolari petoak diren musikari edo abeslari gutxi dugu Euskal Herrian. Bertsolariek bete behar duten ariketako bat hitzezko sestran jardutea da. Zirtolari ona izan zen Lazkao Txiki, baina, esandako asko egun botako balitu, jende andanaren txistuak jasoko lituzke, genero ikuspegitik zuzentasun gutxi zeukalako. Haren herrian mural bat margotu dute etxe baten hormatzar batean, eta hitzezko sestra eta ika-mika sortu zen horma-pinturaren komenigarritasunaz. Taula gainetik hamaika genero astakeria entzun izan ditugu kontzertuetan, egun feministek bortizkeriarik ez dute pasatzen utziko, laidoa arbuiatuta.

Zirtolariak gimnastika filosofiko azkarrera ohituta daude, higidura erreflexua segundo-hamarrenetara datorkio zaluki, ateraldi xelebre bezain argitsuekin. Errepikapenak edo bat-batekotasuna. Musikariek errepikapenak entseatzen dituzte. Jazz musikariak trebatuagoak daude bat-batekotasunera, bertsolariak bezala. Musikari gutxik dute hitzaren espontaneotasuna kantuen artean. Aldez aurretik pentsatuta daukate mitintxoa. Musikari zirtolari gutxi daude EHn, Evaristo horietako bat. Abestera igaro diren bertsolariek ere galdu dute dialektika zirtolaria. Zirtolari bikainenak hitzaren aizkolariak dira, kolpe bakoitzean espalik handiena atera publikoaren enborrari. Zirtolariak ez dauka zirrikiturik losintxarako, zirtolariaren sena zirikatzailea izatea da. Tortolaraino jartzen gaituzte gizon koipetsuek. Zirtolaria moral koipetsuen segalaria da.