GARA
ARRAUNA

Eusko Label eta Euskotren ligak uztailaren 1ean hasiko dira Coruñan

Duela gutxi jokatu zen Oriako Traineru Jaitsiera.
Duela gutxi jokatu zen Oriako Traineru Jaitsiera. (Jon URBE | FOKU)

Traineruen Kluben Elkarteak (TKE) 2023ko gizonezkoen zein emakumezkoen mailetako txapelketa nagusietako egutegiak aurkeztu zituen atzo, Bermeoko Arrantzalearen Museoan egindako batzarrean. Eusko Label Ligak 20 jardunaldi izango ditu; historian lehenengo aldiz zortzi talde izango dituen Euskotren Ligak, aldiz, 14. Biak ala biak, uztailaren 1ean hasiko dira.

Honela geratuko da denboraldia: uztailaren 1ean eta 2an, Coruñan; uztailaren 8an, Donostian; uztailaren 9an, Zierbenan; uztailaren 15ean, Bilbon; uztailaren 16an, Orion; uztailaren 22an, Sestaon (egun honetan ez da Euskotren Liga egongo); uztailaren 23an, Castro Urdialesen; uztailaren 29an, Getxon; uztailaren 30ean, Santurtzin; abuztuaren 5ean, Hondarribian, abuztuaren 6an, Lekeition; abuztuaren 12an, Moañan; abuztuaren 13an, Boiron; abuztuaren 19an, eta 20an, Zarautzen (hemen amaituko da Euskotren Liga); abuztuaren 26an, Ondarroan; abuztuaren 27an, Getarian; irailaren 16an, Bermeon (play offekin batera) eta irailaren 17an, Portugaleten (hau ere play offekin batera).