GARA Euskal Herriko egunkaria

«Zomorrotu», Aintzane Usandizagak ipuin-liburu berria argitaratu du

«Zomorrotu» da Aintzane Usandizagaren azken lana. Bost istoriok osatzen dute liburua, baina loturik daude pertsonaien harremanak istorio batetik bestera. Bakoitzaren erabakiek eta harremanek inguruari nola eragiten dioten sumatzen da atal bakoitzean, eta irakurlea pixkanaka joango da pertsonaien hamaika ertz ezagutzen.

Aintzane Usandizaga, bere azken ipuin-liburua eskuan duela. (Maialen ANDRES | FOKU)

Bizitzari ertz eta perspektiba ezberdinetatik begiratzea gustatzen zaio Aintzane Usandizagari, eta hori da bere azken liburuan egin duena ere. Xabier Mendiguren editoreak eta Danele Sarriugarte idazleak lagunduta aurkeztu zuen atzo Donostiako Elkar dendan. Bost istoriok osatzen dute liburua, eta aitortu zuen eztabaida askoren ondotik ipuin-liburu bezala definitu dutela, baina eleberriaren antzik ere baduela, istorioak lotuta daudelako pertsonaien bidez.

“Zomorrotu” jarri dio izenburua; bi adiera nagusi ditu aditzak idazlearentzat: batetik, intsektuarekin lotzen du zomorroa, nor bere baitara biltzearekin; bestetik, mozorroarekin lotzen du, eta testuinguru bakoitzean pertsona bakoitzak moldatzeko duen joerari egiten dio erreferentzia. Eta horrela ibiliko dira liburuko pertsonaiak ere.

Inguruz aldatzeak mozorroz aldatzea ekartzen duela sarritan azaldu zuen idazleak. Eta hori da, hain zuzen, pertsonaiei gertatuko zaiena, autoeskolako irakasle sasifilosofoari, lesio bat eta landare asko zaindu beharko dituen aita kezkatuari, ikuspegi originalen bila dabilen musikariari… Egituraketa berezia du liburuak. Bost ipuinek osatzen dute, eta ipuin bakoitzak bere azpiatalak ditu. Eta, aldi berean, ipuin bakoitzak badu lotura besteekin, badago nolabaiteko hari bat. Egituraren bidez, pertsonaien inguruan dugun iritzia aldatzen joaten dela kontatu zuen, ikuspegi ezberdinetatik ezagutzen delako pertsonaia, eta joko hori gustatzen zaio berari: «Irakurlea bere iritzia sortzen joatea nahi nuen, eta jasotzen dugun informazio bakoitzarekin inpresioak nola aldatzen diren ikustea». Hori izango du erronka irakurleak; fokua pertsonaia batetik bestera pasatuz, perspektiba aldaketak zalantzak sortuko ditu, zer den erreala eta zer irudikatua zalantzan jartzeraino.

PERTSONAIAK DIRA GAKOA

Joko hori egiteko, pertsonaien «errealismoa» garrantzitsua da, eta Sarriugartek hori azpimarratu zuen: «Pertsonaien eraikuntza oso erreala lortzen da, pertsonaien alde ezberdinak erakusten dizkigu Aintzanek, ez delako dena ona edota dena txarra». Usandizagak, berarentzat pertsonaien arteko loturak pisu berezia izan duela kontatu zuen: «Idazten nuen gelan mapa bat nuen pertsonaiekin, eta beraien harremanak nola aldatzen ziren gertakariekin apuntatzen nuen. Guk egiten dugunak, guri eragiteaz gain gure inguruari ere eragiten diolako».

Elkarrizketek erritmoa ematen diote liburuari, eta horregatik garrantzi berezia hartzen dutela onartu zuten. Sarriugartek umorea eta «bestelako bizi ereduei» lekua egin izana eskertu zuen. Laguntasunak oso garrantzi handia duela adierazi zuen: «Gutxitan ikusi dugu laguntasuna horrela islatuta». Maitasunari ere egin dio lekua, eta kode batzuek «oso normatiboak» ematen duten arren, egunerokotasunean harremantzeko beste modu batzuk dituztela ikusten da liburuan, Sarriugarteren arabera, «eta hor ere badago diferentzia, beti ez da zertan bitxikeriaren alarde egin».

Bide luzea izan du liburua amaitzeak, baina «emandako denbora» mirestekoa dela aitortu zuen Sarriugartek. Izan ere, 2022ko hasieran aurkeztu zion lehen bertsioa Mendigureni, baina aurten arte ezin izan dute argitaratu. Urtebeteko distantzia horrek on egin dio: «Distantzia hartu dut, eta forma ematea zaila izan den arren, lagundu dit».