Jon ORMAZABAL
IRUÑEA
Interview
Ander Imaz
Baikoko atzelaria

«Edozein komentariok asko eragiten zidan, baina paso egiten ikasi dut»

Bere bigarren final handiaren atarian, oiartzuarrak bere buruarengan konfiantza handia irabazi izana trasmititzen du eskainitako elkarrizketa honetan -osorik NAIZen irakurgai-. Urteetan egindako lana balioetsi du, eta baita Oiarpe klubean gaztetxoekin aritzeak ematen diona ere.

 

Bigarren finala zer da, kontsakraziokoa?

Oso gustura nago. Azkenean kontziente naiz ze zaila den final batean egotea. Iaz arte ez nuen aukerarik izan. Iazko finala jokatzeak uste dut nire buruarengan konfiantza sortu zuela, eta aurten bigarrena jokatzeak esan nahi du lana ondo egiten ari garela.

Iazko finala jokatzeak zure estatusa aldatu du?

Bueno, azkenean, debutatu zuen Ander Imaz eta oraingo Ander Imaz beti saiatu da partida bakoitzean dena ematen, jendeak ikus dezan saiatzen naizela gauzak ahalik ondoen egiten. Iazko udan partida asko jokatu nituen, debutatu nuenetik lesio gutxi izan ditut eta partida dezente jokatzeko aukera izan dut; baina, egia esan, garbi dagoena da finala jokatzeak jendearengan sortu duela beste ikusmin bat. Nabaritu dut jende gehiagok ezagutzen nauela, kasu gehiago egiten didala.

Ehun partida jokatu dituzu dagoeneko Binakakoan. Bada zerbait.

Aurrekoan jakin nuen. Debutatu eta segituan sartu nintzen Albisuren ordez Iñakirekin -Artola-. Lau edo bost urte neramatzan profesionaletan, eta ikusi nuen maila horretan jokatu behar banuen asko hobetu beharko nuela, gauza askotan gora egin. Orduan esan izan balidate ehun partida jokatuko nituela lehen mailan, «hau erotuta dago» esango nuke.

Fisikoki ere aldatu zara.

Bai. Debutatu nuenean, egin nuen ia gimnasiotik pasatu gabe. Uste orduz geroztik kilo batzuk hartu ditudala, nire buruarengan ere konfiantza handiagoa daukadala eta fisikoki ere partida gogorrei, nik uste, nahiko ondo eusten diedala. Alde horretatik, iruditzen zait nire indarguneetako bat dela fisikoki eusten diodala, partida gogorra izanagatik ere antzeko segitzen dudala lanean. Horretan nabaritu dut, bai.

Inork ez dizu ezer oparitu.

Asko baloratzen dut. Askotan etxekoek eta nik dakigu zenbat lan egin dudan hemen egoteko, eta ikusten da azkenean lanak fruituak ematen dituela. Psikologikoki ere nik uste beste pilotari bat naizela debutatu nuenetik. Momentu txarretatik irteteak gogorrago egiten zaitu pilotari bezala. Asko ikasi dut.

Bereziki zer esango zenuke ikasi duzula?

Bueno, lehen edozein komentariok askoz gehiago eragiten zidan. Debutatu nuenean, berria izanik, segituan edozein pertsonaren komentarioak eragiten zidan, baina gaur egun, egia esan, jendeaz askoz gehiago paso egiten ikasi dut. Jendearen komentarioak normalean onak dira, baina komentario txar batek ez dit hainbeste eragiten. Horretan ikasi dut gehien.

Lasorekin jokatzeak ederra izan behar du. Baina ez al du presio puntu bat igotzen?

Azkenean badakizu Unairekin, bera ondo badago eta zuk laguntzen badiozu, aukerak dituzula borroka horretan ibiltzeko. Baina badakit halako txapelketa batean, eta dauden bikoteekin, gauden lekura heltzea oso zaila dela. Lehenengo urtean izan zitekeen pixka bat bikote berria ginelako presio gutxiagorekin heltzea, baina bigarrenez heltzeak esan nahi du biak ari garela txapelketa oso ona egiten, eta presio puntu hori nik ez nuke esango izan dudanik. Azken batean, gozamen bat da berarekin jokatzea, asko laguntzen dit, konfiantza handia dut berarengan. Kantxatik kanpora ere nik uste harreman ikaragarria daukagula. Eta beti esaten dudan gauza bat da, halako txapelketa batean zure lagunarekin konfiantzarik ez baduzu oso zaila dela urrutira heltzea.

Esango zenuke zure ibilbideko unerik onenean zaudela?

Dudarik gabe. Zazpi urte dira profesionaletan. Uste dut beste perspektiba batekin ikusten dudala pilota: bigarren finala, asko gozatzen... Iruditzen zait unerik onenean naizela.