IRAITZ MATEO
DONOSTIA

«Ibai ahoak», aforismoz osatutako saiakera liburua argitaratu du Aritz Pardinak

Saiakera filosofiko bat idazteko modu berezia hautatu du Aritz Pardinak “Ibai ahoak” liburuan, aforismoen bidez josi baitu liburua. Eguneroko bizitzatik abiatutako hausnarketak izan ditu hizpide. Lengoaia, denbora, ezagutza eta filosofiaren inguruan aritu da. Balea Zuria argitaletxearen eskutik kaleratu du, saiakera bilduman.

Aritz Pardina, bere azken lana eskuan duela; atzo aurkeztu zuen Donostiako Liburutegian.
Aritz Pardina, bere azken lana eskuan duela; atzo aurkeztu zuen Donostiako Liburutegian. (Jon URBE | FOKU)

Hiztegietan aurkitzen diren definizio gehienen arabera, Twitterreko edozein txio izan daiteke aforismoa, eta ez da hala Aritz Pardina idazlearen iritziz. Bere ustez, aforismoaren definizioak filosofia egiteko modu bat ere badela jaso beharko luke. Aforismoen bidez osatu du bere lehen liburua den ‘Ibai ahoak’, Balea Zuria argitaletxearen saiakera bilduman, eta atzo aurkeztu zuen, Donostian, Jose Ramon Makuso filosofiako irakasle eta idazlearen laguntzarekin.

Bizitzaren eta bizi esperientzien inguruan idatzi du, betiere filosofia betaurrekoekin. Hain zuzen, Friedrich Nietzscheren presentzia liburu osoan sumatu daiteke, eta Pardinak azaldu zuen ez dela kasualitatea. Filosofiako gradua ikasi zuen, eta Nietzscheren inguruko Gradu Amaierako eta Master Amaierako Lanak egiten zebilela eskuz idatzitako testu laburrak idazten joan zen. Lan akademikoak amaitutakoan, idatzitakoarekin zerbait egin nahi eta argitaratzera ausartu zen. Balea Zuria argitaletxearekin egin du urrats hori. Jose Ramon Makuso editoreak adierazi zuen Pardinaren hitzetan ez dagoela «artifiziorik», edukia lantzen duela azaldu zuen eta «bidaia liburu bat» dela: «Geldiuneak egiten ditu, eta irakurlea letretan iltzatuta geratzen da».

ERROTA BEREKO LAU HELIZE

Lau atalek eta hitzatzeak osatzen dute liburua. Lehendabiziko atala lengoaiaren ingurukoa da, lengoaiak betetzen duen funtzioaren inguruan hitz egiten du, sentimenduek duten garrantziaz. Nietzscheri erreferentzia eginez, lehendabizi sentimendua dagoela adierazi zuen aurkezpenean. Atal hau idazteko, pertsonaia bat irudikatu du idazleak, «filosofo heroikoa». Aitortu zuen filosofiako bere ikaskideengan inspiratu zela pertsonaia irudikatzeko, eta deskribatzera ausartu zen: «Lengoaia aldrebestuz hitz egiten dute, ideiak oso garbi ez dituen jendea da eta, ondorioz, lengoaiaren bidez nahasten du».

Denborari erreferentzia egiten dio Bigarren atalak. Musika irakaslea eta gitarrista ere bada Pardina, eta musika metafora gisa hartuta saiatu da denboraren inguruan hausnartzen. Bizitzak duen abiadura, isiltasunaren garrantzia edota musika entzuteko moduak nola aldatu diren izan ditu hizpide. Aurkezpenera liburuko pasarte zehatz bat ekarri zuten, bi aforismok osatutakoa: «1983. Amaitu da A aldea. Zutitu besaulkitik, joan altzari parera, eman bira diskoari, gainazala garbitu (beharrezkoa bada), jarri tentuz orratza diskoaren gainean eta entzun B aldea. 2023. Playlist-a amaitu da. Ukitu pantaila eta aukeratu beste bat».

Hirugarren atalean ezagutzaren inguruan idatzi du, ikuspuntu integratzaile batetik. «Ezagutza guztia ez da zientifikoa», adierazi zuen, eta nabarmendu arteak balio handia duela. «Aintzira batera doan uraren gisan irudikatu dut ezagutza. Leku ezberdinetatik iristen da», aipatu zuen.

FILOSOFIA ETA AFORISMOAK

Laugarrenean, filosofiaren historia laburra jasotzen saiatu da. Arrazionalismoak mendebaldean hartutako indarraren ondoren «eszeptizismoa nola nahastu den erabateko erlatibismoarekin», azaltzen du liburuan.

Halabeharrez egin behar izan zuen hitzatzea, izan ere, ingurukoei liburu bat idazten ari zela kontatu eta aforismoak zer diren azaltzeko eta ulertzeko zailtasuna zegoela sumatu zuen. Horregatik, hiztegi ezberdinetan kontsultatu zuen definizioa. «Bakar batek ere ez ninduen asebete», esan zuen, baina azkenerako, alemanezko batean irakurri zuen berezko esanahiarekin lotura gehien izan zezakeena. Horregatik aforismoak zer diren azaltzeko azken atala gehitu dio: «Gure eredura hurbiltzeko proposamena da liburuan jaso dudana».