GARA
BIGARREN MAILA

Alavesek urrezko hiru puntu ekarri ditu El Alcoraz zelai zailetik

Tenagliak bigarren zatian sartutako golak balio izan die babazorroei Huesca mendean hartzeko eta, berriro ere, Ligako lehen bi postuen arteko lehia betean sartzeko. Partida orekatua izan da.

Tenaglia Huescari sartutako gola ospatzen.
Tenaglia Huescari sartutako gola ospatzen. (ALAVES)

Alavesek bazekien atzo hiru puntuak eskuratzen bazituen, Ligako lehen postuen arteko lehian sartuko zela berriro ere. Izan ere, ostiralean bai Levantek bai Eibarrek bana berdindu zuten. Gasteiztarrek aukera probestu zuten, eta Tenagliak bigarren zatian sartutako gol bati esker, hiru puntuekin itzuli ziren etxera. Garaipenak meritu handiagoa du, kontuan hartuta denboraldi honetan El Alcorazen Cartagenak bakarrik irabazi duela.

Lehen zatian taldeen arteko berdintasuna izan zen nagusi. Biak ala biak defentsan zuloak ixten ahalegindu ziren, eta arrisku gutxi hartu zuten erasoan. Hori bai, lehen zati amaieran, gasteiztarrek goleko bi aukera garbi izan zituzten: biak, Jasonenak. Lehena, urrutiko jaurtiketa indartsu baten bitartez, eta, bigarrena, minutu bat geroago, Duartek erdiratutako baloia buruz jota, gutxigatik joan zaio kanpora eskuin hegaleko jokalariari.

Bigarren zatia, lehengo lepotik burua, Alaveseko alboko bi atzelariak partidako protagonista bihurtu ziren arte. Duartek bigarren zutoinera egindako erdiraketa indartsua errematatu zuen buruz Tenagliak, eta Alaves aurretik jarri zuen markagailuan, 0-1. Duarte ezker alboko atzelariak, atzokoa barne, sei goleko pase egin ditu denboraldi honetan, eta azken jardunaldietan erasoan egiten ari den lana erabakigarria izaten ari da.

Lehiaren azken minutuetan babazorroek markagailuari eutsi zioten, eta zelai zail batetik hiru puntuak poltsikoratu zituzten.