Joxemari CARRERE
Ipuin kontalaria

Aldarrikatzen

Euskal kontalaritzaren ibilbideari eta egoerari begirada zuzentzeko asmoz, Ahoz Aho jaialdiaren barnean egin ohi den Euskal Kontalarien Topaketan ‘‘Hitzorduen hitzordua’’ mahai ingurua antolatu zen asmo zehatzarekin: Euskal Herriko lurralde ezberdinetan kontalaritzak izandako ibilbidea, jaialdi eta programazio egonkorrak, aztertzea. Desagertutako jaialdiak, oraindik irauten dutenak edo berriak errepasatuz, kontalaritzarentzat hain garrantzitsuak diren jaialdien ezegonkortasuna azaleratu zen. Kontaketa saioen programazio iraunkorren gorabeherak ere azaldu ziren. Faltan ikusten zen programazio zabalago bat, iraunkorragoa, lurralde desberdinak hartuko zituena eta liburutegiez gain beste espazio batzuk hartuko zituena. Era berean, helduentzako programazioen ia-ia desagerpenaren arazoa azaldu zen.

Ez zen, ez, panorama baikorregia agertu euskal kontalaritzarentzat. Baina aurrera egiteko nahia azaldu zen. Ipuin kontalaritza aldarrikatzea, arte eszeniko eta sormen bide gisa, ez bestelako helburuen menpeko, euskal kulturarentzat gehigarria da, gure hizkuntzaren eta kulturaren aniztasuna aberastuz. Eta hau ez litzateke izan behar bakarrik kontalarien edo liburutegien lana; kultur eragileena, instituzionalena edo komunitarioena, ere beharko luke izan. Euskal Herriak ahozko ipuin tradizio handia izan du, hagitz aberatsa. Egungo jendartera ekartzea transmisio horren katea eteten ez uztea da. Eta hori guztion lana da.