GARA Euskal Herriko egunkaria

San Mamesen arima, argiak itzali eta eztanda egin dezakeen lapikoa

Athleticek hamarkada bat baino gehiago darama finalerdi batzuetako partida erabakigarria etxean jokatu barik. Harmailaren hauspoa erabakigarria izango dela sinetsi arren, zale zuri-gorriek denetarik bizi izan dute: penaltietan galtzetik gau zoro batean aurkaria nagusitasun osoz menderatzeraino.

Yeste, zaleekin 2009ko Kopako finalerako sailkapena ospatzen. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Athleticen historia estuki lotuta dago Kopa txapelketarekin. Bartzelonaren atzetik, titulu gehien eskuratu dituen taldea da. Katalanek 31 lortu dituzte, eta 24 aldiz irabazi dute zuri-gorriek. 1984an altxatu zuten azken aldiz trofeoa Maradonaren Bartzelonaren kontra, hain zuzen ere. Endikaren golak eta amaierako borrokak memorian iltzatuta jarraitzen du. Geroztik, sei bider izan dira txapeldunorde eta 2009tik Kopako bost final jokatu dituzte. Talde zuri-gorriarentzat ohikoa bilakatu da azken hamabost urteetan finaletara heltzea, batez ere Kopan, baina baita Europa mailan eta Superkopan ere. Hamar final jokatu ditu, nahiz eta bi titulu bakarrik irabazi dituen; 2015eko eta 2021eko Superkopak. 1985ean Atleticoren aurka galdu ondoren asko kosta zitzaion berriro final batera iristea.

90eko hamarkadan, Europarako eta Txapeldunen Ligarako sailkatzea gogotsu ospatu zen Bilbon, baina XXI. mende hasierara arte ez zen Koparen ilusioa bizitzeko aukerarik izan. 2002an Jupp Heynckes alemanak zuzentzen zuen taldeak galdu egin zuen finalerdietan Real Madrilen aurka, eta 2005ean heldu zen hurrengo aukera Betisen aurka.

ZIKLO BATEN AMAIERA

Valverderen agindupean, Ligako talde erasokorrenetako bat bilakatu ziren zuri-gorriak sasoi horretan. Txapeldunen Ligarako sailkatu ziren lau taldeen ostean gol gehien egin zuen taldea izan ziren. Europan ere sekulako balentriak egin zituzten Standard Lieja taldeari 1 eta 7 irabazita. Hala ere, giroa okertzen hasi zen klubaren barruan Valverderen eta Fernando Lamikizen zuzendaritzaren artean. UEFA txapelketan Vienako Austriaren aurkako kanporaketa galtzea ezusteko kolpea izan zen eta entrenatzaileak ez zuela hurrengo denboraldian jarraituko adierazi zuen martxoaren hasieran. Apiril amaieran Benito Villamarin zelaian jokatutako joaneko partidan zuri-gorriak nagusi izan ziren, baina ez zuten golik egitea lortu (0-0) eta San Mamesen irabazi beharra zeukaten aurrera egiteko.

Itxaropena zen nagusi Bilbon eta zuri-gorriz jantzi ziren hiriko txoko guztiak. 20 urte igaroak ziren Kopako azken finaletik eta zaleak eztarriak urratzeko prest zeuden. Poza kaleko giroa berotzen joan zen egun osoan zehar. 40.000 lagun elkartu ziren San Mames zaharreko harmailetan eta lehen minututik animatzen jardun ziren. Etengabe saiatu arren, ezin izan zuten golik egin. Argia ere itzali egin zen partidan zehar. Harrigarria. Zaleek San Mames osoa saltoka jarriz eta olatua eginez erantzun zuten. Penaltietan erabaki zen finalerako txartela. Ezquerrok huts egin zuen jaurtiketan. Amesgaiztoa eta etsipena. Oso kolpe gogorra izan zen. Osasunaren harrobian hazitako jokalaria Bartzelonara joango zen denboraldi amaieran eta Del Horno Chelsea taldeari saldu zioten 12 milioi euroren truke. Jose Luis Mendilibar izendatu zuten entrenatzaile, Eibarrekin Lehen Mailara igotzetik gertu egon ondoren.

ARO BERRI BATEN HASIERA

Valverderen agurrarekin Athleticek zailtasun handiko bi denboraldi igaro zituen mailari eusteko. Entrenatzaile aldaketak eta zuzendaritzaren dimisioak. Joaquin Caparros entrenatzaile andaluziarrarekin berreskuratu zen egonkortasuna eta 2009an, 24 urteko itxaronaldiaren ondoren, Kopako final batera bueltatzeko aukera izan zuen talde zuri-gorriak. Sevilla mendean hartu zuten San Mamesen gau zoro eta ahaztezin batean (3-0). Gaizka Toquero lehendakari izendatu zuten aro berri baten hasiera ekarri zuen partida hartan. Jose Maria Del Nidok, Sevillako presidenteak, lehoiaren buztana jango zutela esan zuen partidaren atarikoan eta lapiko zuri-gorrian kiskalita amaitu zuen bere taldeak.

2012an Kopa eta Europa Leagueko finaletarako sailkapenak ospatu ziren San Mamesen azken aldiz. Mirandes erraz gainditu zuten, baina Portugalgo Sporting taldearen kontrako norgehiagokak ere memorian gordeta jarraitzen du. Kanporaketari buelta eman eta Llorentek azken minutuetan egindako gol bati esker aurrera egin zuten zuri-gorriek. 2015ean Espanyolen zelaian irabazita sailkatu ziren Kopako finalerako Valverderekin. Superkopako finalean, berriz, 4-0 irabazi zioten Bartzelonari San Mamesen jokatutako joaneko partidan. 2020an Yurik azken minutuetan egindako gol batekin lortu zuten sailkapena Granadan eta 2021ean Berenguerrek egin zuen gola luzapenean Levanteren zelaian. Iaz finaletik kanpo geratu zen Athletic, Valentzian 1 eta 0 galdu ostean.

Gogotsu daude zaleak zuri-gorriak finaleraino bultzatzeko eta Iñigo Cabacas Herri Harmailak harrera egiteko deia egin du partidaren aurretik. Arratsaldeko 19.00ak aldera izango da, jokalariak autobusean San Mamesera iristean. 2009an Carlton hotelaren inguruan milaka zale elkartu ziren eta finalerako bidea ireki zioten taldeari. Klubetik ere giroa berotzen saiatzen ari dira sare sozialetan jarritako bideoekin. Horren adibide, Gariren “Amets” kantarekin eta jokalarien txikitako argazkiekin osatutakoa.