Xole ARAMENDI
Obanos

Sugarrak erretakoari bizia emango diote artearen bidez Izarbeibarreko biztanleek

2022ko ekainean kiskalitako sastrakak margotzeko deia egin du Patxi Aldunatek. Gaurtik apirilaren amaiera arte arituko dira, eta argazkiak eta bideoa Hego Korean ikusgai jarriko dituzte

Legardan inguru honetan egingo da interbentzioa.
Legardan inguru honetan egingo da interbentzioa. (Blas CAMPOS)

Mendian piztu zen txinparta eta zabaltzen hasi zen. 2022ko ekaina zen. Obanos, Legarda, Muruzabal, Belaskoain eta Zabaltza bezalako herriak hutsarazi zituen mendian sortutako suteak. Urtebete joan da eta landa eremuan eragindako kalteari ez zaio konponbiderik eman. Ez guztiz.

Patxi Aldunatek, bizi duten egoera salatzeko, ohikoa duen bidea erabiliko du: artea.

Gaur hasita, ekintza artistikoa egingo da bi puntu nagusitan, Obanosen eta Legardan. Obanosen biribilgune bat aukeratu du artistak. Hitzordua goizeko 10.00etan da Obanoseko plazan. Zita leku berean izango da, interbentzioak irauten duen bitartean. Legardan, aldiz, autobiatik ikusten den landa batean arituko dira.

Kolore biziz

Sugarrak erreta geratu ziren sastrakak eta sasiak margotu egingo dituzte. Kolore biziz. Aste Santuan egunero arituko dira, eta apirileko asteburu guztietan ere bai.

Euskal Herrira dei zabala luzatu du Aldunatek: «Herrikoak hasiko gara, artistak eta herritarrak, eta ibar osora zabalduko da gero. Iruñetik iritsitako artistak izango dira hurrengoak, pixkanaka Euskal Herri osoko artistengana iristeko». Dozena bat pertsonak ekingo dio gaur, eta egunez egun taldea berritzea da intentzioa.

Argazkien bidez dokumentatuko dute dena. Bideoa ere grabatuko da, interbentzioa ardatz hartuta. Arlo honetan Blas Camposen laguntza izango dute.

Proiektuaren oihartzuna Hego Korearaino iritsiko da. Izan ere, Goejeko Nazioarteko Arte Jaialdian epaimahaikidea izango da Itziar Nazabal eta antolakuntzatik euskal artista batzuk gonbidatzeko aukera eman diote.

Plataformarik onena

Aldunaterekin batera, Jule Costa eta Manola Arregiren lanak ere ikusgai izango dira. Euskal artistak bakarrik ez, magrebtarrak izango dira aurten. «Hasieran biluzi baten margoa eramatekoa nintzen, baina aspalditik buruan neukan ekintza aurrera eramatea erabaki dut; plataformarik onena izango da topaketa hau ikusarazteko», argitu du.

«Daukagun arazoa oraindik irtenbiderik gabe dagoela» ikusaraztea du helburutzat Aldunatek, «hilda dagoenari bizi berria ematea». «Sutea izugarri handia izan zen. Basoaren alde batzuk Nafarroako Gobernuaren ardurapean daude. Horietan lanean ari dira, egurra ateratzen. Baina beste toki batzuetan Udalak hartu behar du ardura. Gure herria, Obanos, kasu. Udalak ordaindu egin beharko luke, baina ez du dirurik. Dena erreta dago. Pinuak dira eta, oso lodiak ez direnez, inongo enpresari ez zaio interesatzen bertako egurra ateratzen hastea. Erreta jarraituko du, ez dakigu noiz arte», esan du.

Arantxa Hernandez alkatearekin harremanetan da Aldunate. «Ezin duela ezer egin dio. Nafarroako Gobernuak ez du erantzuten. Irtenbidea ez da erraza. ‘Izarren azpian’ esan nahi du Izarbeibarrek, baina iaztik begien aurren daukaguna ez da batere pozgarria».

Hernandez bezala, herritarrak eta inguruko udal ordezkariak pozik daude proposamen honekin, Aldunateren esanetan. «Denak prest daude lan egiteko».

Mezua jaso

Artea salaketarako bide da. «Ilusioa ez digute kenduko. Zaplazteko suabea da egingo duguna. Ez dakit nor den arduraduna, baina saiatzeagatik ez dugu ezer galtzen, kontrakoa baizik. Ea mezua norbaitek jasotzen duen», esan du artistak. Interbentzio artistikoarekin batera crowdfunding bat abiaraziko dute, ea gisa horretan jendea animatzen den diru apur bat ematera. Egitasmoan parte hartzeko interesa duten lagunek patxialdunate@gmail helbidera idatz dezakete.