GARA Euskal Herriko egunkaria
«BIDEAK» PODCASTA (II)

Bidegileak: nori ixten dizkio ateak Europak?

“Bideak” podcastaren bigarren atal honetan, Naiz Irratiko eta Mediabaskeko kazetariek bidegileak ezagutu dituzte: haurdun eta beste haur txiki batekin bidaia egin zuen Nadege, itotzetik juxtuan libratu zen Mohamed, baita Musa, Liman eta Joseph ere. Galdetu diozue zeuen buruari nori ixten dizkion ateak Europak?

Atal honetan, egunero Irundik Hendaiarako bidean doazenen bizipenak bildu dituzte. Nadege, Liman, Joseph eta Mohamedenak, besteak beste. (Patxi BELTZAIZ)

Hegoi Belategi NAIZ Irratiko kazetaria da eta, Mediabaskeko Ximun Larre lankidearekin batera, asteak eman ditu Bidasoaren inguruan Gobernu frantsesak ezarri dituen kontrolek migratzaileentzat sortu dituzten ondorioak aztertzen. Egunero Irundik Hendaiarako bidean doazenen bizipenak bildu dituzte bigarren atal honetan.

Udazkeneko gau euritsu batean, lehen hitzordua egin dute Irungo Harrera Sareko Gautxoriekin. Edurne eta Maiteri dagokie txanda. 21.00etako autobusean iritsi diren zenbait laguni Gurutze Gorriaren eraikinera lagundu ondoren, sarreran mutil bat ikusi dute. Liman du izena.

Gehienez hiru gau igaro ditzakete migratzaileek Gurutze Gorriaren instalazioetan, eta Limanen kasuan aurreko bidaian pasatu zituenez gaur ezin du bertan lo egin. 22.00ak pasatuta, ez du lo lekurik. Irungo Udalaren baliabideak dira beste alternatiba, baina berandu da, eta Harrera Sareko boluntarioek zalantzak dituzte irizpideak beteko ote dituen. B plana: Harrera Sarearen protokoloa. Limanek geltoki parean dagoen ostatuan lo egingo du.

Dokumentazioa eskatu diote. Ez du. Bidean dagoen migratzailea dela dioen papera besterik ez, Kanarietan izapidetua. «Poliziarentzat da dokumentua?», galdetu du. Ezetz erantzun diote, lasai egoteko. Harrera Sareko kideek ordainduko dute lehen egonaldi hau, baita lehen otordu bat ere. Gaurko afaria, oilasko bularki bokata gaztarekin.

«EROKERIA HUTSA»

Senegaldarra da Liman. Europarako bidea kontatu digu: erokeria hutsa. Dakarretik Malira jo zuen lehenbizi; basamortua zeharkatuz, Aljeriara igaro zen, eta ofizialki itxita dagoen Aljeria eta Maroko arteko muga zeharkatzea lortu zuen. Rifeko Nador hirira iritsi zen lehenbizi eta Rabat Marokoko hiriburura ostean. Handik hegoaldera jo zuen, Tarfayara, eta Aaiunera ondoren. Zazpi hilabetez egon zen Mendebaleko Sahara okupatuko hiriburuan.

Handik hurbil hartu zuen ustez bizimodu hobe batera eramango zuen ontzia, luzera laburregiko patera. Eskatutako dirua ordaindu eta Maroko eta Mauritaniako kostazainen arriskua gainditzea lortu zuen. Jendez gainezka zihoan zodiak hotz horretan egun oso bat eman zuten, Fuerteventurara gerturatu arte. Denek ez zuten lortu lurrera heltzea. Bidaiako une batean gidariak ezustean bizkortu zuen abiadura, bi gazte inora heldu ezinda geratu ziren eta uretara erori ziren, handik gutxira Ozeano Atlantiko zabalean desagertzeko.

«IRITSI ALA BERTAN HIL»

Hil ala biziko bidaia da, eta badakite. «Iritsi egin behar duzu... edo bertan hil», dio Limanek. Izugarria da halako ontzi bat hartu behar izatea. Limanek haietako askok izan zituzten zalantzak ere aipatu dizkigu, baina behin han atzera egiteko aukerarik ere ez zuten izan. Polizia hurbiltzen ari zen, presaka paterara igotzera behartu zituzten. Dena oso azkar pasatu zen, oso bidaia zaila izan zen.

BASAMORTU, OZEANO ETA HESIAK

Nadege 29 urteko emakume kamerundarra da. Bere izena izan ez arren, hala deitzeko eskatu digu. 2018ko abenduan ihes egin zuen bere herrialdetik. Ez du xehetasun gehiegi eman nahi alde egiteko arrazoien inguruan, baina emakumea izanik bizitza arriskuan zuela adierazi digu. Europarako bidean ere behin baino gehiagotan izango du bizitza arriskuan, basamortu bat, ozeano bat eta Kamerun eta Baiona arteko estatu bakoitzeko polizien hesiak gainditu beharko dituelako.

Lehen oztopoak etxetik gehiegi urrundu gabe aurkitu zituen, Aljeriatik Marokora igarotzeko lehen saiakeran poliziek atzeman eta berriro Nigerrera eraman zuten eta. Poliziaren despiste bat baliatu zuen ihes egiteko. Aljeria iparraldera jo zuen, Oranera, eta han gerora bere haurren aita izango zenarekin igaro zuen Marokorako muga. Bi urte egin zituzten biek Marokon eta aurreneko haurra jaio zen. Lan txikiak topatuz eta kalean eskean arituz eutsi zion Marokon familiak. Maiz lan egin eta ordainsaririk jaso gabe geratzen ziren. Ez zuten paperik, ez zuten aukerarik... bat bakarra, itsasoa urratzea Europara joateko.

Aita Marokon geratuko zen beste aukera baten zain. Nadegek haur besoetakoa eta sortzear zen bigarrenarekin ekin zion bidaiari. Casablancatik hegoaldera eraman zituzten; bi astez desertuan egon ziren, baldintza gogorretan, itsasora jauzi egiteko une egokiaren esperoan.

AURREZ AURRE, EZEREZA

Iritsi zen eguna, egurrezko arrantzale ontzi txiki batean ekingo zioten Kanarietarako bideari. Gauak beldurra ematen du maiz; kasu honetan, iluntasunak aurrez aurre zuten ezereza lausotzeko balio zien itsasontzi txiki horretan sartu ziren 62 pertsonei.

Kanaria uharteetara gerturatu orduko telefonoak martxan zituzten ontzian zirenek eta laguntza eskatu ahal izan zuten. Gurutze Gorriaren itsasontzi batek erreskatatu zituen. Beste urrats bat, alimalekoa, helburu zuen Europan. Irunera heldu zenean, Gurutze Gorrira jo zuen. Informazioa lortu nahian zebilela, mugalari bat hurbildu zitzaion. 150 euroren truke eraman zuen Baionara.

Gauez egin zuten bidea, arazo handirik gabe. Baina Lapurdiko hiriburuan berriz noraeza sentitu zuen ama gazteak. Pausa zentroa da bidean direnentzat erreferentzia nagusia, baina mugalariek ez zituzten han utzi. Gurutze Gorria egongo zela esan zieten lekuan ez zegoen deus, ezin zuten polizia etxera joan, beldur ziren herritarren batek ikusi eta salatuko ote zituen... Azal beltzeko gazte bat ikusi zuen Nadegek; hari galdetu zion eta Pausara lagundu zituzten.

Laster ikusiko zuen, Europan izanda ere, oraindik bide luzea zuela egiteko.

TRATU TXARRETATIK IHESI

Nigeriakoa da Musa, hamar urte daramatza bidean. 2022an irten zen Kamerundik Joseph. Bere ama hil ostean aitarekin bizi zen, honen mehatxuak eta tratu txarrak eguneroko ogia ziren, eta autobus geltoki batera joaten hasi zen lotara. Europara joateaz mintzo zen jendea ezagutu zuen han, eta bideari ekin zion berak ere.

Nigerrera jo zuen lehendabizi, Aljeriara gero, eta Marokon harrobi batean lanean jardun zuen, Europara eramango zuen txalupa ordaintzeko dirua bildu ahal izateko. Kanaria uharteetara iritsi zen, olatu izugarrien artean, baina zorionez hildakorik gabe.

Gineako Errepublikakoa da Aboubakhar. Gainerakoen antzeko bidea izan du. Afrika eta Europa artekoa beste 45 lagun ingururekin egin zuen, txalupan.

Herrikidea da Mohamed, 2018an alde egin zuen. 1.000 euro ordaindu zituen, txalupa txiki batean Europarako bidea egiteko. Lehen saiakeran hondoratu egin zen ontzia eta lagun asko hil zen. Hirugarren saiakeran lortu zuten, Gurutze Gorriaren ontzi batek erreskatatu zituen.

«TERRORISMOAREN AITZAKIAREKIN»

Irungo Harrera Sareko Jon Aranguren izan dugu Gipuzkoa eta Lapurdi artean estatuek ezarritako mugan bizi den egoera ezagutzeko bidelaguna. «Terrorismoaren aitzakiarekin ezarritako kontrolez» mintzo da.

Mugen kontrolek terrorismo ekintzarik oztopatu ote duten ez dakigu. Bizi hobe baten bila abiatu diren milaka gazteren oztopo bihurtu direla egunero ikus dezakegu, ordea, oraingoan bertatik bertara, Euskal Herrian.

testigantzak

«Izugarria da halako ontzi bat hartu behar izatea. Askok zalantzak izan zituzten, baina, behin han, ez genuen atzera egiterik izan»

LIMAN

Senegaldarra

«Aita Marokon geratuko zen beste aukera baten zain. Nik haur besoetakoa eta sortzear zen bigarrenarekin ekin nion bidaiari»

NADEGE

Kamerundarra

«Aitaren tratu txarrak eguneroko ogia ziren, eta geltoki batera joaten nintzen lotara. Europara joateaz mintzo zen jendea han»

JOSEPH

Kamerundarra

«Lehen saiakeran hondoratu egin zen ontzia eta lagun asko hil zen. Hirugarrenean lortu genuen, Gurutze Gorriak atera gintuen»

MOHAMED

Gineako Errepublikakoa