Iker GURRUTXAGA
MUSIKHARIA
Interview
Joanes Iñurrieta eta Ruben Irigoyen
Muzak taldeko musikariak

«Krisiak izaten dira bizitzan, erabaki garrantzitsuak hartu behar dira»

Egia da jende asko disko luzeetara begira jartzen dela, baina EPek ere badute beren xarma. «Irabaziak eta galerak» izenekoa plazaratu dute Aitor Sagarmendik, Joanes Iñurrietak eta Ruben Irigoyenek: Muzak taldeak. Disko indartsua, erreferentziaz josia, rockaren energia eta indarra transmititzen dituena.

(Juan FERNANDEZ CONDE)

Talde baten helburua maiz izaten da kantu askoko disko bat ateratzea. Zuen kasuan, EPak ere lan dezente eman dizuela esango nuke.

Joanes Iñurrieta: Egia da konposatzea kostatzen zaigula, baina kantuak behar genituen zuzenekoetarako errepertorioa zabaltzeko. Hortaz, horiekin osatu genuen EP hau.

Ruben Irigoyen: Askotan eskuetan erre egiten dizute kantuek. Eta zuzenekoetan pare bat kantu jotzen bagenbiltzan, beste bat erdi bukatuta geneukan, eta laugarrena sortu eta disko laburra ateratzea erabaki genuen. Baina, bai, asko kostatzen zaigu konposatzea.

Muzak, taldearen izena bera nondik dator?

R.I.: Taldeari izena jartzea asko kostatzen da. Muzak talde bakarra ez garela badakigu, eta gainera marka erregistratua zen lehen. 60etan, 80 pisuko edifizioetan eta horrelakoetan, 10 minutu igaro behar ziren igogailuetan, geldoak zirelako, eta musika jartzen zuten Muzak deitzen zen gailu batekin. Musika subliminalki sartzen zuten jendearen belarrietatik; hortaz, zerbait lortu nahian jartzen zuten. Bada, horregatik jarri genuen Muzak.

Diskoari izena ematen dion kantuak irekitzen du albuma. Dinamika askoko kantuak, post-rock ukituak, metalaren esentzia… denetarik du. Foo Fighters bezalako taldeak etortzen zaizkit burura.

R.I.: Hasierako minutu hori aparteko intro bat izan zitekeen eta hasieran, gainera, horrela planteatu genuen. Gure barneko komunikazioan intro deitzen da, baina zerrendatan edota irratietan titulu horrek zentzua galtzen du. Intro horrek merezi zuen kantua, eta ‘‘Irabaziak eta galerak’’ bezala geratu da.

Kantuaren hitzak eta musika batera sortu ziren?

J.I.: Bai, nahiz eta beti musika etortzen den lehendabizi. Hitzak bi hilabete geroago etorriko ziren, gehienez ere. Egun dagoen egoerari kritika egiten diogu, debaluatzen ari delako dena, bizitzak barne.

R.I.: Gero eta buru gehiago daude eta gero eta gutxiago balio dute.

Armen industriari kritika bat ere badago.

J.I.: Herrialdeen arteko negoziaketa guztietan armak daude mahai gainean. Gerrak sekulako negozioa dira.

R.I.: ‘‘Carne de cañón’’ gara, eta sekulan baino gehiago.

Abestietan erritmika desberdinak izatea noren erabakiz izaten da?

J.I.: Musikalki disruptibo samarrak gara. Ez zaigu askorik gustatzen monotonia.

R.I.: Eta hori Joannes nahikoa ‘‘manporreroa’’ dela. Ez du asko loratzen kontua eta oso ondo geratzen da. Oraindik ere gehiago konplikatuko nintzateke ni, progresiboago izango nintzateke. Kantu bat badaukagu aurten ateratzeko moduan egon daitekeena eta bide horretara gehiago doana; bideoklip eta guzti etorriko da.

Gitarraren eta baxuaren lana nabarmentzekoak dira ‘‘Denbora’’ kantuan.

J.I.: Kantu hau poperoagoa da akaso. Lehen Foo Fighters aipatu duzu, eta kantu honen izen ez-ofiziala horixe zen. Rock melodikoago bat bilatu dugu, entzuteko zerbait errazagoa dena.

R.I.: Bai, eta hirugarren tokian dago diskoan, arnasa pixka bat hartzeko ere.

‘‘Lugorrian’’ krisi existentzial baten inguruan idatzita dago, eta ‘‘Denbora’’ denboraren beraren iheskortasunaz ari da. Ez dakit askorik laguntzen dioten elkarri.

J.I.: Arrazoi, zer pentsatua eta gogoetarako tartea zabaldu nahi izan dugu.

R.I.: Zerbait oso gizatiarra da, eta adin kontuak ere badira tartean. Krisi batzuk pasatzen ditugu denok bizitzan, erabaki garrantzitsuak hartu behar izaten dira eta abar. Jendeak har ditzala egoerok normaltzat, etorri bezala joaten direlako.

Pau Dones abeslariari egiten diozue keinua abesti honetan.

J.I.: Ez naiz sekula fana izan, baina familiako autoan ‘‘Depende’’ diskoa asko entzuten genuen. Denboraren inguruan esaten zituenak gogoko nituen eta berari abestu nahi nion. Eta bere izena sartu, zergatik ez?

R.I.: Ez naiz izenak sartzearen oso aldekoa, baina kantuetan esan dituenaz harago, bere bizitzaren azken etapan Pau Donesek izan duen jarreraren oso fana naiz. Bere izena eta abizena dira akaso disko honetan aipatzen den gauza positibo bakarra. Izan zaitezte Pau Dones. bizitzako egoera txarren aurrean.

‘‘Darwin’’ kantuarekin iluntasunera goaz. Offspring, Berri Txarrak, Limp Bizkit... etortzen dira burura. Musika mota horien eboluzio bat egin duzue eta letretan inboluzioaz ari zarete. Gizakia edo gizartea dago inboluzioan?

R.I.: Bata bestearen eskutik doa. Inteligentzia dugun unetik begira nola joan den dena. Eta ez dakit nora goazen, zalantzak ditugu.

J.I.: Espezie bezala gauza bat gara, eta bestea da nolakoak garen gizarte moduan. Gizakiok egiten ari garenarekin ez dakit aurrera goazen edo ez.