Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Zaintza erdigunean kokatu du Arrietak, eztabaidara gonbidatzen duen liburuan

«Zaintzaren haria» liburuan Hego Euskal Herriko zaintza sistema eraldatzeko arrazoiak eta proposamenak egiten ditu Felix Arrietak, indarrean dagoen antolakuntza eraldatzeko. Ekainetik aurrera herriz herriko bira hasiko du, gogoetarako espazioak sortzeko.

Felix Arrieta, liburuaren aurkezpenean.
Felix Arrieta, liburuaren aurkezpenean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Felix Arrieta Deustuko Unibertsitateko Giza eta Gizarte Zientzietako fakultateko irakaslea da. Aurreko batean jada zaintzaren inguruan idatzi zuen liburu bat, gazteleraz (“El archipiélago del bienestar”), baina orain eztabaida hori euskaraz egitera bultzatu nahi du, «herriari zor diogulako».

Hala, “Zaintzaren haria” (Elkar) lanak, Pili Kaltzadaren hitzaurrea duenak, zaintza erdigunean kokatzen du. Liburu laburra da, edonork irakurri ahal izan dezan, hori baita helburua: jendearengana iristea, gaia mahai gainean jartzeko. Bere tesia da ongizate sisteman ez dugula zaintzaz berariaz arduratzen den zerbitzu egoki bat, eta hori birpentsatu eta moldatu egin behar dela.

«Gizarte laneko ikasleekin saiatzen gara definitzen zer egiten duten gizarte zerbitzuek», esan zuen liburuaren aurkezpenean. Baina zaila da hori ondo ulertzea, eta horretarako «zer den argitu, nola egin behar den zehaztu eta zaintza sistema berri bat artikulatu behar da», aipatu zuen.

Liburuak hiru atal ditu. Lehenengoan azaltzen du zergatik egun ongizate ereduak ez dien beharrei erantzuten. Bigarrenean kasu praktiko bat agertzen da, asmatutakoa, auzoetan bizi diren adineko zaurgarri guztiak islatu nahi dituena. Eta hirugarrenean proposatzen du zer egin egoera hori aldatzeko.

«Erreklamazio bat egiten dut. 40 urte ingurukoak ‘Dragoi Bola’ belaunaldia garela esatea gustatzen zait, eta guri ere zor zaigu gauzak beste modu batera pentsatu ahal izatea», adierazi zuen. Hala, bere ustez, garrantzitsua da duela 40 urteko legeak alde batera uztea, eta berriak sortzea.

«Artxipelagoa eta mataza»

Egungo sistemak beharrei ez badie erantzuten bi arrazoirengatik da: «artxipelagoa eta mataza». Hego Euskal Herrian jarri du begia, nahiz eta Ipar Euskal Herriko egoera antzekoa izango dela pentsatzen duen. EAEn zaintza lurraldeka antolatzen da eta ez dago erkidego mailako baturarik. Nafarroan berdina gertatzen da, ez dago jarraitutasunik herriek eta gobernuak eskaintzen duten gizarte lanean. Horri «artxipelagoa» deitzen dio, eta uste du toki mailan egituratzea beharrezkoa dela, osasun eta gizarte zerbitzuei begirada bateratu bat emanez.

«Mataza», aldiz, burokrazia da. «Gure belaunaldiko guztiek ikusi duten ‘Asterix eta 12 probak’ pelikula etortzen zait burura. Leihatila batetik bestera joan behar dute inprimakiak lortzen. Egun gure gizarte zerbitzuak hori dirudi. Mendekotasun agiria lortzeko leihatila batetik bestera joan behar duzu. Laguntza dutenek egin ahal izango dute, baina besteek ez. Gauzak sinplifikatu egin behar dira, erreferentziazko leihatila batekin», nabarmendu zuen argi eta garbi.