GARA Euskal Herriko egunkaria
ABERRI EGUNAREN BEZPERAN

Euskal Herria Batera: «Oinarrizko adostasunak ezinbestekoak dira»

Aberri Egunaren bezperan ekitaldi bateratua egin zuen Euskal Herria Batera herri ekimenak atzo. «Batasunak eraikitzeko unea» dela nabarmendu zuten, eta subiranotasuna eskuratzeko Euskal Herrian «muskulua» badagoela aditzera eman zuten. Ordezkaritza oso zabala bildu zen Donostiako Miramar Jauregian.

Ordezkaritza zabala, Euskal Herria Batera ekimenean, Aberri egunaren bezperan. (Jon URBE | FOKU)

Aberri Egunaren bezperan, atzo goizean, egin zuen ekitaldia Euskal Herria Baterak Donostiako Miramar Jauregian. Ordezkaritza zabala elkartu zen, eta ekitaldi baten bidez 2023rako adostutako manifestua irakurri zuten Estitxu Garai eta Ibai Zabala bozeramaileek. «Euskal Herri osoa aintzat hartuko duen batasunak eraikitzeko unea» dela azpimarratu zuten, eta horretarako «oinarrizko kontuetan» adostasunak bilatzea ezinbestekoa dela.

Euskal Herria Batera herri dinamikak «aurrera egiteko prest dagoen herri eta komunitate bat badela» esan zuen, eta horretarako ordezkaritza zabala elkartu zuen Miramar Jauregian. Sabino Arana Fundazioa, Eusko Ikaskuntza, Olaso Dorrea Fundazioa edota Agirre Lehendakari Center-eko kideak zeuden, batetik; instituzioetako ordezkariak ere bertan zeuden, Eneko Goia Donostiako alkatea, Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea eta Miren Etxebeste Podemoseko kidea kasu. ELA eta LAB sindikatuak ere bertan izan ziren, hainbat eragilerekin batera: AEK, Udalbiltza, Herri Urrats, Gure Esku, Etxerat…

Jauregiaren kanpoaldean ongi etorria egin zieten eragileetako ordezkariei, goizeko 11.00etan, Eneko Goia Donostiako alkateak, Anjel Oiarbidek, Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak. Jauregiaren pareta batetik zintzilik, Janire Etxabek aurresku bertikala dantzatu zuen, Kimu taldeko txalapartariek musika jo bitartean.

Musikaz, bideoz eta bozeramaileen hitzartzearekin biribildu zuten atzo goizeko ekitaldia. Euskal Herria Baterak deitutako laugarren deialdia izan zen; 2020an etxetik ospatu zen, 2021ean oraindik pandemiaren eraginez herrietako plazetan, 2022an Urruñan Abadiako Adierazpenaren bidez, eta aurtengoan, duela 90 urte Maitea frontoian ospatutako Aberri Egunaren omenez, Donostian.

Estitxu Garaik eta Ibai Zabalak irakurri zuten eragileek zein norbanakoek sinatutako manifestua. «Arlo guztietan batera» egiteko beharra adierazi zuten, eta aurtengo leloari erreferentzia eginez «batera bagara, eta indarra badugu» aldarri egin zuen Garaik. «Nondik gatozen behar dugu jakin nor garen esateko, eta gu euskal herritarrak gara, gu Euskal Herria gara», azaldu zuen. Eta katea eten ez bada ere, herri gisa «ahul» jarraitzen dugula esan zuten: «Nahi genukeen subiranotasunik gabe eta demografikoki zahartuta dago gure herria ».

«Subiranotasunerako muskulua» badagoela azaldu zuten bozeramaileek, eta aurtengoan ere batasunerako deia egin zuten. «Oinarrizko gauzetan adostasunak» bilatu behar direla aipatu zuten, eta are gehiago «Euskal Herria bezalako herri txiki batean»; eta gaineratu zuten globalizazioak markatutako testuinguruan gurea bezalako herri batean, desadostasuna «luxua» litzatekeela. Aberri Egun bateratuaren deiadarra sumatzen hasi dela adierazi zuten jarraian. Amaitzeko, «Euskal Herria burujabea» aldarrikatu zuten.

Herrigintza oinarri

Globalizazioen erronkei erantzuteko kultura beharrezkotzat jo zuten ekimeneko kideek, eta bideo zein musika bidez adierazi zuten hori. Izan ere, ekitaldiari hasiera emateko Baldi taldeko Maddi Oihenart, Miren Zeberiok eta Juantxo Zeberiok abestu zuten, eta tartean Ines Osinagak ere parte hartu zuen; “Dena aldatzen da” abestia jo zuen, eta adierazi zuen aldaketen garai hauetan ere «gu» bat sortzea garrantzitsua dela.

Herri txikien biziraupena gero eta zailagoa dela esaten zuen proiektatutako bideoak. Aitortza egin zieten «euskal herritarren arteko lankidetza sustatzen» duten eragile guztiei. Erronka gero eta globalagoak dauden garaiotan, erronka horiei herrigintzatik aurre egiteko beharra adierazi zuten, eta gaineratu denak direla «herrigintzaren joko-zelaiak».