GARA
GETARIA

Balenciagaren lan prozesua, 120 marrazki eta dokumentutan islatuta

Erakusketak agerian jarri du Balenciaga etxean XX. mende erdialdeko hamarkadetan egindako lanaren prozesua. Ondoren, agiriak Getariako gordailuan jaso eta ikertu egingo dira.

Lorenzo Riva italiar diseinatzailea, Getarian. Berak gorde zituen dokumentuak.
Lorenzo Riva italiar diseinatzailea, Getarian. Berak gorde zituen dokumentuak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Marrazki erakusketa zabaldu du Getariako Balenciaga museoak maiatzaren 21a bitarte. Euskadiko Artxibo Historikoaren Riva dokumentu-funtsaren erakusgarri da, 8.000 erreferentzia baino gehiagorekin. Lakuak 2022an erosi zion funtsa Lorenzo Riva italiar diseinatzaileari. Hark kontserbatzen zituen dokumentuok, 1980ko hamarkadaren hasieran markaren zuzendari sortzaile izan ondoren.

Oso pozik dago marrazkiak orain Cristobal Balenciaga museoan gordetzen direlako. «Leku egokia da. Ziur nago merezi duten bezala aztertu eta baloratuko dituztela. Moda ez da soilik negozio bat, historia da, unean uneko gizartearen isla», adierazi du Rivak. 84 urterekin, Monzatik (Italia) hurbildu zen Getariara erakusketaren irekiera ikustera. Gainera, bere zenbait diseinurekin osatuko du erakusketa.

Erakusketaren ondoren, agiriak Balenciaga museoko gordailuan jasoko dira, han aztertu eta iker ditzaten. Denera 120 marrazki eta dokumentu dira. Zenbait eskuk eta askotariko teknikak erabiliz egindako zirriborroez gain, hainbat dokumentu pribatu eta Balenciagak eskuz idatzitako ohar ugari bildu dira. «Azken dokumentuok agerian utzi dute jostunak etengabeko inplikazioa izan zuela prozesu osoan, eta multzoari interes gehigarria ematen diote», esan dute..

Funtsaren ia bosten bat aurretiazko zirriborroek osatzen dute. Oharrik gabeko marrazkiok esplorazio-ideiak irudikatzen dituzte, eta ez dira nahitaez bildumako modelo bihurtzen. Horietan, aipatzekoa da 1951ko udako bilduman aurkeztutako modelo erdi-estutu bat, mugarria izan zena modaren historian.

1956 ETA 1962 ARTEAN

Erakusketaren zatirik garrantzitsuena 1956 eta 1962 bitartean egindako tailerreko zirriborroei dagokie. Marrazkion bidez, Balenciaga Etxeak denboraldi bakoitzean aurkezten dituen modeloei buruzko informazio zehatza aurkezten da. Zirriborroetan erregistro-zenbaki bat, gauzatzeaz arduratzen den première d’atelier delakoaren izena eta aurkeztuko duen manikiaren izena jasotzen da. Zirriborro asko materialei eta hornitzaileei buruzko oharrekin eta ehun-laginekin osatzen dira.

Balenciagak eskuz idatzitako oharretan, zenbait modeloren eraketari buruzko aldaketak eta argibideak ere ikus daitezke. Horietan, Etxearen ekoizpen-prozesuaren beste alderdi bat islatzen da. Bilduma aurkeztu arte, modelo bakoitzak aldaketa puntualak izan zitzakeen, gauzatzeari dagokionez eta multzoko beste jantzi batzuekiko harremanari dagokionez.

Zirriborro komertzialak ez dira hain ohikoak funtsean, 1950eko hamarkadakoak dira eta bildumen aurkezpenetarako egiten dira. Desfile horiek, Parisko Etxean ez ezik, Europako eta Amerikako beste hiri batzuetan ere egiten ziren. Kategoria honetan sartzen dira, halaber, erosketa-prozesuan hainbat bezerori bidalitako zirriborroak, bai eta publizitate- eta sustapen-xedea izan zezaketen zirriborro landuagoak ere. “Total look” delakoaren garrantzia hauteman daiteke funtsean, osagarriei buruzko zirriborro multzo txiki baten bidez. Balenciagak eskuz idatzita jaso zituen materialei eta koloreei buruzko oharrak, baita kapelak eta burukoak jartzeko posizioak ere. Euskadiko Artxibo Historikoaren Funtsak antzerki-emanaldietarako zirriborro ugari ditu, 1940ko hamarkadan eginak. Janzkera historikoaren ezagutza zabal eta zehatza agerian geratzen da zirriborro horietan; besteak beste, Alice Cocea aktoreak “Echec à Don Juan” (1941) antzezlanean erabiltzeko egindako modelo batzuk aurki daitezke.

ARTXIBOA

Halako tamaina eta garrantzia duen artxibo ezagun bakarra da hau. Munduko beste ezein museok ez du gordetzen Balenciagari buruzko halako beste dokumentu-funts espezifikorik, eta Balenciaga Etxeak soilik du funts handiagoa, baina ez dago sarbide publikorik haren artxiboetara jotzeko. Balenciaga museoko zuzendari Miren Vivesen ustez, zirriborroen bildumak «bultzada handia ematen die museoko dokumentu-funtsei. Museoarekin lotutako dokumentu-ondarearen erreferentzialtasuna eta nazioarteko proiekzioa sendotu eta indartu egin da».