Aitziber PZ. KARKAMO
Kazetaria
AZKEN PUNTUA

Zientzia fikzioa

Liburuaren egunaren inguruko egitarauaren barruan bihar Gasteizen izanen den Katixa Agirreri egindako elkarrizketa ikusi dut egunotan. Berriz, “Zentauro” bere azken eleberrian, etorkizunera jauzi eginez, zientzia fikzio espekulatiboaren eremuan kokatzen du istorioa. Horren harira, genero berria jorratzen badu ere, liburuan Katixaren berezkotasuna topatuko ote dugun galdetu dio kazetariak. Une batez, azken asteotan gora eta behera izan dugun inteligentzia artifiziala irudikatu dut liburua idazten. Berehala deuseztatu dut ikara ematen didan ideia hau. Hogei urte dira AEBetako Armadak Jose Couso kameraria akabatu zuenetik. Badirudi, zientzia fikzioan soilik eginen dela justizia kasu honekin, beste horrenbeste komunikatzailerekin jazotako egoerekin bezala. Bera baino egun bat lehenago hildako Julio Anguita Parrado kazetariarekin akordatu naiz. Zer pentsatuko luke berak lan egiten zueneko “El Mundo” egunkariak azalean inteligentzia artifizialaz egindako argazki bat publikatu duela ikusita? Alegia, zer pentsatuko luke errealitatea manipulatzeko gezurrezko argazki bat publikatu denean?

Orain arte, kalitatezko kazetaritza egon bitartean gure ofizioa ditxosozko asmakizun horiei gailenduko zitzaiela ziur nintzen, baina hauek ikusita, artifiziala izanen da geratuko zaigun inteligentzia bakarra.