Jon ORMAZABAL
PILOTA

Erremonteak set formatura jauzi egingo du aurtengo Sagardoaren Txapelketan

Sei bikotek parte hartuko dute: Goikoetxea V.a-Barrenetxea, Aldabe-Azpiroz, Ezkurra II.a-Zubiri, Urriza-Martirena, Segurola-Juanenea eta Ansa II.a-Zaldua.

Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, atzoko aurkezpenean.
Txapelketan parte hartuko duten pilotarietako batzuk, atzoko aurkezpenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Tradizioa eta berrikuntzak ahalik eta era erakargarrienean uztartzea izan da, azkenaldi luze honetan, Oriamendi 2010 enpresak erremontea bere ataka zailetik ateratzeko erabili duen bide-orria. Konplexuak eta beldurrak alde batera utzita, Galarretako enpresak ez du kirol zahar hau garai berrietara egokitzeko beldurrik izan eta, momentuz, formula berritzaile hau emaitza onak ematen ari da.

Bi ezaugarri horiek inoiz baino gehiago nabarmenduko dira astelehen honetan hasiko den XII. Sagardoaren Txapelketan. Erremonteak erremonte izaten jarraituko du eta lehia izango da muina, baina aurtengo edizioa bi berrikuntza berezirekin dator; itxuran eta jokoan. Lehenari dagokionez, adimen artifiziala erabiliz, “Erremontari” pertsonaia sortu dute, telebista saioan aurkezle gisa arituko dena, eta, kirol arloan, erremontean lehen aldiz, partidak set formatuan jokatuko dira. 15 tantoko bi set-ek osatuko dute partida hasiera batean, baina bikote bakoitzak set bana irabaziz gero, hirugarren bat jokatuko da bost tantora. Hau da, erremintako beste modalitateetan -palan eta zestan- errotu den formatuak Galarretara jauzi egingo du.

Aurreko bi urteetan izandako harrera onaren ondoren, Sagardoaren Txapelketa ETB1eko “Erremontari” saioaren barruan jokatuko da, astelehenero, apirilaren 17an hasi eta ekainaren 12ra arte. Saioan, Sagardoaren Txapelketa osoa emititzeaz gain, elkarrizketak eta erremontearen ikuspuntu berriak ezagutuko dira, teknologia berriak erantsiz. Partidak Galarretan, 18.30ean hasiko dira eta gauez emango dira, telebistaz, prime timean.

SEI BIKOTE

Ohiturari jarraituz, Sagardoaren Txapelketan sei bikotek hartuko dute parte eta sei sagardotegi ordezkatuko dituzte; Goikoetxea V.a-Barrenetxea IV.a (Oialume Zar), Urriza-Martirena (Alorrenea), Aldabe-Azpiroz (Petritegi), Ezkurra II.a-Zubiri (Gurutzeta X Txuleta), Segurola-Juanenea (Bereziartua) eta Ansa II.a-Zaldua (Aburuza).

Set formatuan jokatuko denez, lehenengo setean txapak erabakiko du aurreneko sakea nork egingo duen. Bigarren setean, lehenengo seteko bikote galtzailea hasiko da sakatzen, eta hirugarrengoan, ordura arte tantorik gehien egin duenak. Ligaxka eta finalerdien ostean, finala ekainaren 12rako dago iragarrita.