Zuriñe IGLESIAS
ZORNOTZA
Interview
OLATZ ARRIZABALAGA ETA UXUE OSES
Pilotariak

«Eurak goraka etorri zirenean, jakin genuen neurketa gelditzen»

«Lasaitasuna» eta «burua partidan kontzentratuta izatea» izan dira gakoetako bi, Arrizabalagaren (Gernika-Lumo, 1997) eta Osesen (Oñati, 2005) ustetan, Emakume Master Cupeko Binakako txapela janzteko. Estreinakoa du oñatiarrak; gernikarrak, berriz, laugarrena. Aurrera begira, Arrizabalagak buruz burukoa du begiz jota, inoiz ez duelako lortu.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

 

Joan den martxoaren 26an irabazi zuten Emakume Master Cupeko Binakakoa Olatz Arrizabalagak eta Uxue Osesek, 14-22 mendean hartuta Amaia Aldai eta Nora Mendizabal. GARAk Zornotzako Lauaxeta ikastolan elkartu ditu, bertan entrenatzen baitira. Takoak jartzen ari direla Arrizabalagak argi utzi du «lasai» entrenatuko dela: «Beroketa moduko bat besterik ez dut egingo». Izan ere, finala jokatu ondoren Euskal Selekzioarekin joan zen Azirara Munduko Txapelketa jokatzera, eta oraindik eskuak ez ditu guztiz osatuta.

Denbora bat pasatu da finalaz geroztik. Nola gogoratzen duzue egun hori?

UXUE OSES (U.O.):Partida nahiko polita irten zen; markagailuan aldea egon arren, lehia parekatua izan zen eta garaipenarekin egun borobila izan zen.

OLATZ ARRIZABALAGA (O.A.):Egun berezia izan zen, Master Cupeko finalak, batez ere Binakakoa eta Buruz Burukoa, nahiko bereziak izaten dira. Antolakuntzak ere lortu zuen frontoia betetzea, itxura bat ematea, eta horrelako finalak irabaztea, frontoia beteta egonda, oso berezia da eta ez dugu erraz ahaztuko.

Olatz, zuk ez zenuen ospatzeko tarterik izan, Euskal Selekzioarekin joan baitzinen. Hiru domina lortu dituzue. Helburuak bete dituzue, beraz?

Bai, valentziarrei valentziar frontoian irabazteak, euren kirola denean, meritu handia du, baina batez ere Joko Internazionalean lortutakoak izan du meriturik handiena. Entrenatzen aritu gara, baina ez genuen esperantza handirik, eta txapelketan behetik gora joan ginen, finalean sekulako dema egin genuen, eta espektatibak bete genituen erabat.

Uxue aurrenekoz aritu zara Binakakoan -Capellan ordezkatuz-, aukera ederki aprobetxatuta.

Horrelako aukera bat ematea pozgarria da. Capellanek ere lan ona egin zuen, eta haren lekua hartzea ez da erraza, maila ona eman behar delako. Olatzek eta biok bikote ona osatu dugu eta oso pozik nago finala irabazi dugulako.

Olatz, zuk laugarrenez irabazi duzu txapela Binakakoan. Txapelketa ondo doakizun seinale?

Bai, lehen beti esaten nuen ez zitzaidala gustatzen binaka jokatzea. Azkenean, aurrelaria izanda gehiago gustatzen zaigu buruz burukoa; hor delako gure jokoa gehien aprobetxatzen dugun lekua, eta beste urteetan gehiago kostatu zait Binakakoa jokatzea. Baina azkenengo urtean lan handia egin dut entrenamenduetan, jakinda zein den nire rola, eta beste lasaitasun batekin jokatu dut azkenaldian, apur bat bikotean eskarmentua dudala erakutsita. Ematen duenez, ondo moldatzen naiz Binakakoan eta espero dut horrela izaten jarraitzea.

V. Bizkaia Txapelketan bikote berari irabazi zenioten 21-22. Final honetan espero baino errazagoa izan da?

U.O.: Agian, bai. Aurrekoan aurretik gindoazen, baina atzeraka joan ginen nire huts batzuk tarteko, eta 21-21 berdintzea lortu zuten. Finalean, hasieran partida oso gogor joan zen, gero hor izan genuen tartetxo bat aldea handitu genuena, eta horregatik azkenean ailegatu ginen lehenago 22ra, baina uste dut lehia gogorra izan zela nahiz eta markagailuan aldea egon. Partidaren gakoa bukaeran egon zen, lehia erdira arte eurak partida osoa gure atzetik egon zirelako, eta edozein unetan partida hautsi ahal zelako eta eurak aurretik jarri. Horregatik uste dut aurrez jokatutakoa eta oraingoa igual-iguala izan dela gogortasun aldetik.

O.A.: Bai, partidaren giltza izan zen sendotasuna hasieratik amaierara arte mantendu genuela. Hasieran, agian, eurek dominatu zuten gehiago, Amaia jokoan sartu zen ni baino gehiago, baina azkenean Uxuek ez zuen pilotarik galdu eta eurek ez zuten zulorik topatu. Aurrean oso ondo defenditu genuen, baita Uxuek atzean ere, eta azkenean zu erasoan bazaude eta ez baduzu ikusten hutsunerik, aurkariak desesperatu egiten dira. Uste dut horregatik lortu genuela txapela: jakin genuen egoten, noiz egin behar genuen eraso eta noiz ez, noiz defenditu eta noiz ez, eta azkenean horrek egiten du final bat irabaztea. Uste dut bikote moduan gehiago izan ginela.

Lehian bi une giltzarri egon ziren: 4-4 joanda sei tanto erreskadan egin zenituztenekoa eta haiek markagailuan 10-11 hurbildu zirenekoa. Nola kudeatzen dira horrelakoak?

O.A.: Momentu onetan gora zoaz, motibatuta zaude, baina gero eurak goraka etorri zirenean beldur apur bat sartzen zaizu. Azkenean, Amaia kantxan dagoenean badakizu edozein momentutan txarto jokatzen egotetik oso ondo jokatzera pasa daitekeela, eta partida zaildu ahal dizula. Giltza uste dut hor egon zela: eurak goraka etorri ziren momentuan jakin genuela partida gelditzen eta denbora hartzen. Hortik aurrera jarraitu genuen gure jokoa egiten, lasaitasuna erakutsita nahiz eta eurak goraka etorri.

U.O.: Ez ginen momentu batean ere neurketatik joan, eta agian bai izan ginela piloteoan gehiago, baina uste dut burua kontzentratuta izan genuela partida osoan, eta askotan finaletan hori izaten da giltza; ondo jokatzeaz gain, burua kontzentratuta egotea eta partidatik ez joatea hainbeste jenderen aurrean.

Hogeita bigarren tantoa egitean zer pasatu zitzaizuen burutik?

U.O.: Nik arindu ederra hartu nuen. Batzuetan 22ra ailegatu baino lehen urduri jartzen naiz eta huts egiten hasten naiz. Momentuan ez zara ohartzen, baina minutuak pasata eta txapela jantzita poztasuna ematen du; egindako lanagatik eta batez ere partidan disfrutatu izanagatik. Finalak askotan ez dira disfrutatzen, urduritasunagatik gehienbat, eta jokatu genuen finala disfrutatu egin nuen; nahiko lasai jokatu nuen, presiorik gabe, eta batez ere horrekin geratzen naiz, gozatu izanarekin.

O.A.: Hogeita bira heltzea kosta egiten da. Ikusi nuenean 22. tantoa ez genuela segidan egin, beldur apur bat sentitu nuen ea berriro 21era berdinduko gintuzten. Niri gustatzen zait 21. tantoa egitean jarraian 22.a egitea. Gainera, aste horretan zalantzak izan nituen eskuan, justu iritsi nintzelako, eta pozgarria da jakitea txapelketa on bati amaiera on bat eman diogula, eta behintzat gauzak ondo irten direla.

Olatz, lehiaren ondorengo adierazpenetan esan zenuen neurketak irakurtzeko garaian «lan asko» egin zenuela. Zertan datza lan hori?

Batez ere, partidak ikusten asko ikasi dut. Finalak galduta ere asko ikasi dut, final horiek berriro ikusita eta begiratuta zertan huts egin dudan. Azken urteetako finaletan buruak egin dit huts, burua hotz ez dudalako mantendu. Psikologoarekin egin dut lan lasaitasuna izateko, badakidalako lasai nagoenean nire jokoa erakusteko kapazagoa naizela. Anaia dut entrenatzaile eta harekin ere lan asko egin dut, eta berak esan dit zein izan behar den nire rola kantxan. Amaia bezalako aurrelari batek indarra baliatzen du, eta nik, alor teknikoa. Hor uste dut egon dela gakoa: jakitea zein den nire lekua kantxan eta zer egin behar dudan une oro.

Zein xede dituzue hurrengo txapelketei begira? Olatz, zuk buruz burukoa izango duzu begiz jota, iaz Amaiak irabazi baitzizun.

O.A.: Urtea hasten denean beti markatzen ditugu bi helburu: Binakakoa eta buruz burukoa. Urteko lehen xedea bete dut. Orain bigarrenaren bila noa, eta, gainera, gogo berezia dut falta zaidan txapela delako Emakume Master Cup zirkuituan. Orain buru-belarri egongo gara horretan; Binakakoa irabazita, motibazioa eta gogoa dut urtea ondo borobiltzeko. Joko maila onean heltzen naiz, asko disfrutatzen ari naiz azken hilabeteetan.

U.O.: Laster Nafarroako Emakume Master Cupa hasiko da, eta orain pilotaz disfrutatu nahi dut. Orain da garaia txapelketa dezente datozena, eta aurreko urtean partida gehiegi jokatu nituen eta horrek saturatu egiten zaitu, ez duzu disfrutatzen. Beraz, hemendik aurrera saiatuko naiz txapelketa askotan ez parte hartzen, komeni zaizkidanak hautatzen, eta saiatu maila ona ematen, baina batez ere disfrutatzea izango da helburu nagusia.

2020an pilota gozotik mistora pasatzeko jauzia eman zenuten. Onerako izan da aldaketa ikuskizun aldetik?

O.A.: Bai, uste dut hori izan dela emakumeen pilotan gakoa. Pilota gozoan gelditu bagina, ez genuen etorkizunik edukiko. Jendeak nahi du ikuskizun hori, eta hori pilota bizi batek ematen dizu. Gainera, gure jokoa gehiago erakusten dugu, ikusgarritasun handiagoa ematen diolako.

U.O.: Uste dut badugula maila pilota mistoarekin ibiltzeko. Espektakulua politagoa da, biziago jokatzen da, eta hori azkenean ikusleak eskertu egiten du, baita guk ere.

Emakumeen pilota pausoak ematen ari da, baina badaude desadostasunak.

O.A.: Gauza berri batean hasten garenean normala da pentsamolde ezberdinak edukitzea. Oraindik ez dakigu nora goazen, badakigu gura dugula normalizazioa lortu, gure lekua egin telebistan eta frontoietan, eta horretarako uste dut pauso onak ematen ari garela. Espero dugu hemendik urte batzuetara gauza erabat normala izatea pilotan jokatzea, agian profesionalak izan ahal izatea neskak, baina profesional titulua oso erraza da esatea, baina profesionala izan behar da. Pausoak ondo eman behar dira, eta apurka-apurka gauzak lortzen joan. Espero dugu bide hori batera egitea.