GARA Euskal Herriko egunkaria
JATORRI-DEITURA

Justiziak Arabako Mahastiak deitura erabiltzeko baimena ukatu du

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak onartu egin du Errioxako Kontseilu Arautzaileak aurkeztutako errekurtsoa, eta baliogabetu egin du Lakuak «Arabako Mahastiak» jatorri-deitura berriari emandako aldi baterako baimen nazionala. Arabako Mahastiak sor-markak eta Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) helegite bana aurkeztu diote autoari.

Guardiako mahastien irudia. (Endika PORTILLO | FOKU)

EAEko Agintaritzaren Aldizkariak (EHAA) 2022ko urriaren 18an argitaratu zuen Arantza Tapia Lakuako Ekonomia Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumeneko sailburuaren urriaren 7ko Agindua, “Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava” jatorri-izen babestua onartzen zuena eta «babes nazional iragankorra» ematen ziona. Ardoa marka berriarekin saldu ahal izatea ahalbidetu zuen Lakuako Gobernuak emandako babes horrek, baina EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin du, atzo jakinarazi zuenez.

Logroñon egoitza duen Errioxako Kontseilu Arautzailearen helegitea onartu du auzitegiak eta, horrela, Arabako Errioxako ardoen jatorri-deituraren babes nazional iragankor hori bertan behera utzi du. Alabaina, momentuz ez du erabakirik hartu jatorri-izen berri bat sortzeko eskaeraren inguruan. Arabako Errioxako Upategien Elkarteak egin zuen eskakizuna.

Litekeena da hilabeteak pasatzea epaileek gai honen inguruko erabaki bat hartu eta jakinarazterako, eta horrek atzeratu egingo luke ardoak deitura berriarekin etiketatzeko hautua egin duten ekoizleen produktuen merkaturatzea.

Gogoan hartu behar da Europaren onarpenaren menpe dagoela Arabako Mahastiak/Viñedos de Alava jatorri-deitura eta joan den urtarrilaren 20an Europar Batasunak adierazi zuela ez duela baimenduko harik eta Gobernu espainiarrak horren inguruko akordio bat erdiesten duen arte. Ez da erraza izango hori lortzea, Madrilgo Exekutiboak jatorri-deitura berriaren kontrako jarrera agertu baitu.

«KALTEA» ERAGINGO LUKE

Autoan epaimahaiak honako hau aipatzen du: «Kontsumitzailea nahasteko arrisku handia sortuko luke ardoa izendapen berriarekin merkaturatzeak; izan ere, jatorri-deitura desberdineko bi ardo eskainiko lirateke, baina biak inguru geografiko berekoak, eta berdinak lirateke ardoen ezaugarriak, eroapen-sistemak, landaketaren dentsitatea eta praktika enologikoak».

Epailearen ustez, horrek «duela 97 urte baino gehiago onartutako Errioxa jatorri-izenari, 14.139 mahastizain eta 570 botilaratze-upeltegi barne hartzen dituenari, kalte nabarmena eragingo lioke izen eta ekonomia aldetik. Kaltea itzulezina edo, gutxienez, konpontzen oso zaila izango litzateke».

«Ondorioz, eta eginbide onaren itxura dagoen ala ez aztertu beharrik gabe, bidezkoa da aurkeztutako eskaera baiestea eta eskatutako kautelazko neurria hartzea», gaineratzen du autoak.

HELEGITEA

Arabako Mahastiak sor-markak eta Arabako Errioxako Upeltegien Elkarteak (ABRA) helegite bana aurkeztu diote autoari.

Ines Baigorri ABRAko zuzendariak atzo Europa Press-i egindako adierazpenetan azaldu zuen apelazioa dagoeneko erregistratuta dagoela.

ABRAk eta Arabako Mahastiak jatorri-izenak argudiatu zuten EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoan ez dela justifikatzen izendapen berria onartzeak Errioxa sor-markari inolako kalterik eragingo liokeenik.