Urtzi URRUTIKOETXEA
EMAKUMEEN ESKUBIDEAK

Abortatzeko eskubidea kendu ostean, botika galarazi nahi dute orain AEBn

Abortatzeko eskubidea ezabatu eta ia urtebetera, haurdunaldiak eteteko erabili ohi den botika galaraztea gerta liteke orain Amerikako Estatu Batuetan. Hala agindu zuen Texasko epaile batek duela astebete; Gobernuak jarritako helegiteak partzialki baino ez dira onartu, eta Auzitegi Gorenak behin-behinean eten du debekua, datorren asteazkenera arte.

(Olivier DOULIERY | AFP)

Estatu Batuetan egiten diren abortuen erdietan baino gehiagotan erabiltzen da mifepristone botika, %53tan zehazki. Hainbat estatuk abortuaren aurka hartutako neurriek are gehiago bultzatu dute hamar astera arteko haurdunaldiak eteteko onartu izan den botika erabiltzea.

Donald Trumpek izendatutako Matthew Kacsmaryk Texasko epaile ultraeskuindarrak mifepristonea debekatzea ebatzi zuen apirilaren 7an, astebeteko epea emanez Gobernuari helegitea jar zezan. Hala egin zuen Joe Bidenen Exekutiboak, eta ostegunean Helegiteen Auzitegiak debeku orokorra baliogabetzea onartu zuen, baina neurririk zaurgarrienetako batzuk indarrean utzita. Posta bidez banatzea galarazteak, esaterako, beharrizan handiena duten emakumeei eragingo die, abortua ia guztiz debekatuta dagoen estatu errepublikanoetako neska pobreei, zehazki.

Justizia Sailak Auzitegi Gorenera jo zuen, osterantzean igande honetan sartuko baitzen neurria indarrean. Ostiralean iritsi zen Gorenaren ebazpena: aldaketa guztiak bertan behera geratu dira; hau da, mifepristonea lehengo baldintzetan sal daiteke. Baina asteazkenera arte balio duen behin-behineko ebazpena da.

Duela 20 urte baino gehiagotik erabiltzen da mifepristonea, 2000. urtean FDAk, AEBko Gobernuaren Elikagaien eta Sendagaien Agentziak, medikamentu segurua zela ebatzi ostean. Hamabost urte beranduago, hasierako zazpi asteetatik hamar astera arte luzatu zuten botikaren baliagarritasuna, urteetan bildutako ebidentziak mifepristonea segurua dela ondorioztatuta. Orain Helegiteen Auzitegiak zazpi astera murriztu du berriz.

Hala ere, Matthew Kacsmaryk epailearen 67 orriko ebazpenak dio FDAk lege federalak urratu zituela, ez zituelako aintzat hartu «ondorio psikologikoak», ezta botikaren segurtasun-erregistroa ere, eta datu hori «ez litzateke aintzat hartu gabe geratu edo gutxietsi behar». FDAk ez eze, Ameriketako Obstetrizia eta Ginekologoen Elkargoak (ACOG) eta beste erakunde mediko batzuek diote mifepristonea segurua dela.

Ebazpenean, epaileak «jaio gabeko gizaki» deitzen die fetoei; helegite-ebazpenean ere, abortuaren aurkako taldeek erabili ohi duten terminologia ageri da. Auzibidea Alliance Defense Freedom talde kristau eskuindarrak ireki zuen, eta helegitean zenbait neurri bertan behera geratuta ere, lorpen garrantzitsutzat jo dute botikaren aurka hartutako neurri sorta. Kacsmaryk First Liberty Institute elkarte kristau eskuindarreko aholkulari izandakoa da. 2017an Donald Trumpek hautatu zuenean, ezaguna zen abortu-eskubidearen aurkari amorratua zela; oro har, aurkako jarrera zuten gainerakoen ondoan ere nabarmen agertzen zen Kacsmaryken muturreko jarrera.

Mifepristonea misoprostol botikarekin batera erabili ohi da. Lehenak haurdunaldia eteten du, eta bigarrenak, umetokia husten du. Planned Parenthood elkarteak gogor kritikatu ditu bai Texasko bai Helegite Auzitegien ebazpenak eta, gogora ekarri duenez, «misoprostol ere botika seguru eta eraginkorra da. Herrialde askotan ez daukate mifepristonea eta misoprostola erabili ohi da». Hilaurtzeetan ere -espontaneoki gertatutako abortuetan- erabili ohi da. Abortatzeko eskubidearen aldeko manifestazioetan asko oihukatzen dira izen horiek, haurdunaldiarekin aurrera jarraitu nahi ez eta zer egin ez dakitenek ere argi ulertzeko eran.

Hala, adituek diotenez lehen aldiz, auzitegiek bertan behera utzi dute Estatu Batuetako organo zientifiko ofizialak botika bati buruz hartutako erabakia. «Politikariek eta politikak eraman dituzte abokatuak justizia-auzitegietara, eta, han, medikuntzako profesionala ez den epaile batek, duela 20 urte baino gehiago estatubatuarrentzat botika segurua eta eraginkorra dela esan zuen FDAren ebazpena desegitea agindu du», salatu du erabakia Kamala Harris AEBko presidenteordeak.

Apirilaren 7ko epaia argitaratu eta ordubetera, Washington estatuko epaile batek Texaskoaren aurkako ebazpena eman zuen, abortua legezkoa den 17 estatutan botika ere eskuragarri izatea bermatzeko. Arazoa da AEBko estatuen herenak baino ez direla estatu horiek eta dagoeneko oztopo gehien dituzten emakume eta neska gazteek are zailago izango dutela beren gorputzaren eta osasunaren gainean libreki hautatzea.

ERREAKZIO ERREPUBLIKANOA

Orain arte ez bezala, eta beste gai batzuekin gertatu ohi denaren kontra (armak izateko eskubidea, kasu), ordezkari errepublikano gehienek zuhur jokatu dute abortu eskubidea are gehiago murrizteko ebazpen honekin. Ohartu dira estatubatuar gehienen jarreretatik oso urruti dauden neurriak direla, eta hauteskundeetarako kalkuluetarako ere kaltegarri zaiela, iazko azaroko emaitzek erakusten duten legez: abortu-eskubidearen defentsak milioika lagunen mobilizazioa ekarri zuen. Demokratak, Senatuan gehiengoa lortu arren, Ordezkarien Ganberan gutxiengoan daude, eta ez dirudi abortua Konstituzioan kodetzeko promesa betetzeko moduan izango direnik.

Estatu Batuetan abortua eskubide konstituzionala izan da ia 50 urtez “Roe vs Wade” aurrekariari esker, iazko ekainera arte. Auzitegi Gorenak “Roe” bertan behera utzi zuen iaz, eta orain, estatu bakoitzak arautzen duenez, abortua debekatzeko aukera ere badute (dozena bat estatutan erabatekoa da debekua, oso salbuespen gutxirekin). Gorenaren neurriak ez zuen ondoriorik izan eskualde progresistetan, baina errepublikanoen alde bozkatu ohi duten estatu askok berehala prestatu zituzten haurdunaldia etetea ia kasu guztietan debekatu edo erabat murrizten zuten legeak. Ordutik, borroka judiziala areagotu egin da; elkarte feministek lege horietako asko behin-behinean bertan behera geratzea lortu dute, baina ziurgabetasun egoera ekarri du milioika emakumerentzat eta ginekologian, familia-plangintzan eta, oro har, osasun-arloan diharduten klinika zein profesionalentzat. Orain, gatazka hori sakondu egin da, botikaren arloraino iritsita.