GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA

Aaron eta Bailo, Elite txapelketako onenak

Sari banaketa, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan. (EEPF)

Saria handia zela nabaritu zen finalean. Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak jaso du gizonezkoen zesta-puntako Elite txapelketa osoa eta ostiral arratsean jokatu zen final handia -goraino beteta, txapelketa osoak izan duen harrera are gehiago sendotuz-. Bikote irabazleak Jai Alai World Tourren lehiatzeko txartela irabazten zuen eta hori sari potoloa zen, Aaron Gonzalez arabarrak eta Ruben Bailo nafarrak osatutako bikote txapeldunak amaieran NAIZi aitortu zion legez.

Oso parekatu joan zen aurreneko jokoa (15-14). Urdinez jokatu zuten Bixente Gonzalezek eta Unai Urangak errenta polita izan zuten alde azken txanpan (11-13) baina, pare bat akats tarteko, hamalauna berdindu zuten gorriek eta Donibane Lohizuneko aurrelariak gora botatako pilotakada batekin irabazi zuten jokoa.

Bigarrengoan (15-8), gorriak sendo hasi ziren eta, ustekabean, markagailua alde jarri zuten, 7-2; zinez errenta nabarmena, ezustekoren bat ahalbidetzeko. Saiatu ziren Bixente eta Unai, 11-7ra ere hurbildu ziren, baina aldea, azkenerako, gehiegizkoa izan zen. Gehiegizkoa eta gainera, atzelari zumaiarra ez zen fin ibili giltzarri izan zitezkeen jokaldietan. Lapurtarraren senideak aritu ziren aurrelaria jokoan gehiago sar zedin animatzen, baina alferrikako saiakera izan zen -bidean ikuskizunerako parada eskaini zuen arren-.

MIRUAITZ, BETETA

Mutrikuko Miruaitz pilotalekuak gozatu ederra hartu zuen final handi honekin, txapelketa osoarekin bezala. Ostiralero (aurrekoan atseden izan zuten) giro aparta izan da eta goi-mailarako bidean dauden puntisten gaitasunaz jabetzeko aukera eman du. Gainera, bi herrikidek ere parte hartu dute txapelketan: finalerdietaraino iritsi ziren Eñaut Urreisti eta Mikel Mancisidor. Lastima, aurrelariak min hartu eta horrek finalerako txartela baldintzatu zuela.

Dena dela, atzelari mutrikuarrak Lekeitioko Jai Alai Masterra jokatzeko aukera izan zuen -Del Rioren lesioaren ondotik- eta profesionalen artean lehiatzeko gai dela erakutsi zuen, herrikideei harro egoteko motiboa emanez. Era berean, 3. posturako borrokan garaipena eskuratu zuen mutrikuarrak, Cosme Aguirre zumaiarra ordezko aurrelari zuela.

Lehen jokoa markagailua iraulita irabazi zuten (13-15); bigarrengoa Alberdi eta Atain II.aren alde jausi zen (15-13); eta joko erabakigarrian urdinek 3-1ekoa irauli zuten 3-5 gailentzeko.