GARA Euskal Herriko egunkaria
ALPINISMOA

Hirukote batek handia egin du Alaskako Dickey mendian

Alan Rousseau, Matt Cornell eta Jackson Marvell dira protagonistak. Estatubatuarrok mendiaren ekialdeko horman «Aim for the Bushes» bidea hiru egunetan eta estilo alpinoan zabaldu dute.

Alan Rousseau, Jackson Marvell eta Matt Cornell-ek bide gogorra zabaldu dute Alaskan. (CORNELL-MARVELL-ROUSSEAU)

Dickey mendia garaieran xumea da; ehun metro falta zaizkio hirumilakoa izateko. Alabaina, Alaskako inguru basati, urrun eta muturrekoan dago. Bada, Alan Rousseau, Matt Cornell eta Jackson Marvellek osatutako taldeak mendiaren ekialdeko murru tentean jarduera zaila zein arriskutsua egin berri du. Hiru eguneko eskaladan (martxoaren 31tik apirilaren 2ra) eta estilo alpinoan, estatubatuarrok gai izan dira “Aim for the Bushes” bidea (AI6, M6, X, 1.600 m) irekitzeko.

Bidea, zailtasun teknikoei begiratuta, zaila da. Eta protagonistok honako hau erantsi nahi izan dute: «Luze bat bera era ez da erraza izan. Hori gutxi balitz bezala, une oro zalantza ugari izan genituen. Ez genuen batere garbi aurrera jarraitzeko aukerarik izango ote genuen. Eta hori lehen egunetik gertatu zitzaigun. Zaila izan da, eta oso arriskutsua».

Goi mailako alpinistak izateaz gain, hirukote horrek eskarmentu handia du Alaskako mendilerroan. Eta, esan bezala, hasi berri den denboraldian marka utzi dute. Marvell eta Rousseauren bigarren bisita izan da hormatzar erakargarri eta estetiko horretara. Duela hiru urte “Ruth Gorge Grinder” (VI, M7, AI6+) sortu zuten: «Eskalada hartan eskalatu berri dugun zirrikitu hori ikusi genuen, baina arriskutsuegia iruditu zitzaigun. Batez ere, tximinia estuetatik irteten ziren elur-perretxikoengatik. Hala eta guztiz ere, marra hori buruan iltzatuta geratu zitzaigun. Itzuli garenean, berriz, marra zuri egonkor bat ikusi dugu. Eta ekinaldi bat egitea erabaki genuen. Bide batez, esan behar dugu bide horrek saialdiak jaso dituela. 2007an eta 2008an pare bat talde marra horretan sartu ziren, baina ez zuten gailurrera iristea lortu».

Behin betiko ekinaldia egin baino lehen, hirukotea paretan sartu zen baldintzak aztertu ahal izateko. Urrunetik egokiak ziruditen, baina hormaren barruan zeudenean zalantzak ugaritu ziren. Lehen luzean zeudela, ohartu ziren elur asko zegoela eta zaila zela euren burua aseguratzeko. Horrek guztiak alpiniston erritmoa mantso zuen, baina luze batzuk egiteko aukerak izan zituzten. Esplorazio hori egin eta baldintza nahiko “seguruak” zirela ikusi zutenean, hormatik jaitsi ziren. Gainera, hirurok ala hirurok bat etorri ziren honetan: eskalatu behar zuten marra oso agerikoa zen.

Ohiko tresneria antolatu eta martxoaren 31n kanpalekutik irten ziren. Goizeko lauretan altxatu ziren, eta hasiera ez zen batere atsegina izan; izan ere, haizeteek gogor astintzen zuten glaziarra: «Etsigarria izan zen, besteak beste, oso mantso hasi ginelako. Jaiki eta bi ordu eta erdira kanpalekua atzean utzi genuen. Glaziarra zeharkatzen ari ginela, hotz handia egin zigun. Hormaren sarrerara heldu eta lanak banatzen hasi ginen. Aurreko esplorazioari esker, eskaladaren erritmoa oso egokia izan zen. Murruaren erdia patrikan genuen, eta arratsaldeko zazpietan lehen bibaka prestatzen hasi ginen».

HOTZ HANDIA

Lehen sekzio hori gainditu ostean, zailtasun teknikoak pixka bat arindu ziren; hala eta guztiz ere, tarte bertikaletan zegoen izotza ez zen batere egonkorra. Protagonistok diote arrautza-oskolaren antz handia zuela: «Segurtagailuarekin, adibidez, ezin zen antzeman izotz hori zein kaskarra zen. Baina pioletaren kolpeekin ikusten zen izotzak nola erantzuten zuen. Eskalada horrek denbora asko kendu zigun. Bibaka egin eta gero, bigarren eskalada egunean erritmoa ez zen batere azkarra izan. Eguraldi lainotsua zenez, dendatik goizeko zortzi eta erdietan atera ginen. Ekialdeko horma horretan eserita geunden; erabat izoztuta. Horregatik, eguzkia irten zenean eskalatzen hasi ginen. Uste dugu horregatik beste bibak bat egin behar izan genuela. Nahiz eta lainotua egon, eguraldiak ez zuen okerrera egin, baina hotz ikaragarria egiten jarraitzen zuen. Horretaz gain, elur erauntsiek (spindrift-a) ez ziguten bisitarik egin. Alaskako mendilerroan eskalatzeko giroa ez zen muturrekoa».

Motibazioak ez zien kale egin eta, une askotan erritmoa oso mantsoa bazen ere, alpinistok onartu dute goi-mailako luzeak eskalatu zituztela. Horietako batzuk ez ziren oso erakargarriak; adibidez, oso arriskutsuak bihurtu ziren hainbat tunel. Paretaren goialdean, berriz, izotzean kalitate handiko metroak igo zituzten: «Lehen egunean Matt-ek eskalatu zituen luzeetan elur asko zegoen, baina oso egonkorra zen. Izotzezko luze tenteak eta kalitate handikoak ere eskalatu zituen. Edonork eskalatu nahi duen sekzioa izan zen. Arrokaren kalitateari dagokionez, oro har oso trinkoa zen. Ez genuen helduleku bat bera ere puskatu edo zatitxo txarrak garbitu. Kexa bakarra genuen: geure buruak babesteko leku gutxi zeuden. Izotzean torloju asko erabili genituen, eta arrokan, espero baino iltze gehiago».

Ondo baino hobeto elkar ezagutzen dute hirurek; hots, elkarrekin makina bat aldiz eskalatu dute, eta “Aim for the Bushes” bidean lortu duten arrakastaren giltza hori izan da: «Denok gara gai luze zailak gainditzeko; ia gaitasun bera dugu. Eta geure artean dugun konfiantza (eta adiskidetasuna) erabatekoa da. Eztabaidatu aurretik badakigu zein izango den erantzuna. Une jakin batean soilik izan genuen eztabaida txiki bat. Sortu dugun bidea ‘Snowpatrol’-en ondoan dago. Eta puntu batean ia bat egiten dute. Gailurra gertu zegoen, eta tontorrera abiatzeko marra hori erabiltzea aztertu genuen. Baina aukera hori alde batera utzi eta gure asmoarekin aurrera jarraitu genuen».

Bigarren eskalada egunean, harkaitzezko bloke handi batek bidea itxi zien. Gainera, elur-perretxikoekin estalita zegoen. Bloke horren oinarrira heldu zirenean, sabai bat gainditu beharko zutela uste zuten baina, zorionez, sekzio hori saihestu eta traba hori WI4 mailako luze batekin konpondu zuten. Tarte hori igo bezain laster gauak harrapatu zituen. Aurretik ikusten ziren luzeak ez omen ziren zailak, baina eskalada eten eta bibaka prestatzen hasi ziren.

ERRITMO MANTSOA

Behin eta berriz aipatu dute eskalada ia osoan erritmo nahiko mantsoa izan zutela, eta, hain zuzen ere, horregatik aurreikusi ez zuten bigarren bibaka egin behar izan zuten: «Onartu behar dugu bide hau zailtasunean oso iraunkorra dela, baita arriskutsua ere. Luze batzuetan bide agerikoena aurkitzeko bi ordu baino gehiago egin ditugu. Tximinia batean, adibidez, Alanek izotzean tunel bat egin behar izan zuen, ondoren metro batzuk igo eta elur-perretxiko batetik irten zen. Horrek guztiak, jakina, denbora asko eskatzen du. Aurrera jarraitzeko garbiketa lan izugarriak ere egin behar izan ditugu; zeure burua babesteko ez duzu leku egokirik aurkitzen; beldur zara elur plaka bat puskatuko ote duzun... Ohiko buruhausteak izan genituen».

Bibakei dagokienez, bi lagunentzako denda bakar bat eraman zuten. Lehen gaua nahiko erosoa izan omen zen, baina bigarrena, aldiz, kontrakoa. Paretan gau bakarra egitea aurreikusi zutenez, bigarren bibakerako ia janaririk ez zuten. Hori gutxi balitz bezala, lo-zakuak erabat izoztuta zeuden.

Nahiz eta eragozpen horiek guztiak izan zituzten, eskaladaren hirugarren eta azken eguna nahiko erosoa izan zela onartu dute: «Hotz handia egiten zuen, baina eskalada ez zen oso zaila. Ertz samur bat, arrokan hainbat luze… eta gailurrean ginen. Egun lainotsua zen, baina giroa ez zen muturrekoa. Tontorretik kanpalekura jaisteko hiru ordu behar izan genituen. Alaskako denboraldi berrian egin dugun lehen jarduera izan da. Hasi baino ez da egin, eta hirurok prest gaude jarduera berriak egiteko».