GARA Euskal Herriko egunkaria

Amateurrak nagusi


Nazkatuta nago ados ez nagoen aferetan nire oniritzia eskatzen didatenekin. Batzuetan lagunak eta besteetan enpresa edo elkarteren bateko ordezkariak, baina guztiek jarrera bera dute, zure iritzia jakin nahi dute, bakar-bakarrik, haien alde erabiltzeko. Hau da, galderak ez dira galderak, oniritzia eskuratzeko bitartekoak baizik. Soilik entzun nahi dutena entzuten badute balio dute zure hitzek, bestela irribarre batekin begiratuko dizute galdera ongi ulertu ez bazenu bezala. «Galdera ulertzeko gai ez zarelako erantzuten duzu horrela».

Sasoi batean Zarautzen munduko surf txapelketa egiteko edo, aurrerago, nolako surf txapelketa egin behar zen erabakitzeko nire iritzia eskatzen zidatenetik behin eta berriz gertatu zait gauza bera, batzuetan surf kontuei lotutako aferetan eta besteetan beste edozein arlori lotutako aferetan. Kontua da zure iritziak soilik balio duela galdetzen duenaren gustukoa bada. Soilik epe motzera begiratzeko ohitura eskasa dutenen gaitza da ez entzutea.

Mundu mailako lehiaketa bat antolatu behar bada, Junior edo Master mailakoa egitearen aldekoa naiz. Junior mailakoa, herriko zein inguruko gazteei bultzada bat emateko eredu egokiena izan daitekeelako. Eta Master mailakoa, duela hiru hamarkadako surflari mitiko haiek ile urdinduarekin edo ilerik gabe surf egiten ikusteak jende andana erakartzen duelako, baina batez ere halako txapelketa batek erakartzen duen turismoa kalitatezkoa delako. Ez da oso masiboa, baina erakartzen duen turismoa jasangarria da: familiak haurrekin, jan eta lo egiteko leku bila, plan lasaia, eta abar.

Honek, tabernariek nahiago duten beste ereduarekin talka egiten du; alegia, jende asko, gaztea eta parrandazalea. Nahiz eta horretan ere tronpatuak direla uste dudan, zeren azken urteetako adibideek garbi erakusten dute gazte anitz biltzeak ez duela beti diru sarrera handirik bermatzen. Hala ere, hirugarren aukera da beti gailentzen dena: QS mailako txapelketa. Ez da mundu mailakoa, ez da garrantzitsua, ez du deus aportatzen, baina jende asko erakar dezake, batez ere jende gaztea, egun batean gerturatu, eta hurrengoan desagertuko dena. Aztarnarik utzi gabe...

Bells Beachen egin den txapelketan Tom Curren eta Mark Occhiluporen arteko buruz burukoa ikusi ahal izan genuen. Ez da lehen aldia, baina itzelezko ikusmina sortzen dute bi surflariek itsasoratzen diren bakoitzean. Biak 60 urte egitera doaz, eta hala ere nerabe andana gerturatzen zaie sinadura eske. Biak izan ziren Zarautzen, 80ko hamarkadan egin ziren txapelketetan. Curren itsasoan bakarrik ikusten genuen, baina Occy herritar bat gehiago bilakatu zen, euskal jaiak amaitu eta hiru egunera oraindik baserritar jantzita zebilen herriko kaleetan.

Kondairek ez dute iraungitze datarik. Dirua izango banu, zenbait surflari mitiko gonbidatuko nituzke gurean lehiatzera. Izan ere, Mastersek sekulako errespetua dute, haiengatik ez balitz, egungo eszenatokia ezinezkoa litzatekeela edonork ulertzen baitu. Arlo gehienetan horrela da, politikan izan ezik; hor amateurrak gailentzen dira.