Iraitz MATEO
ALBAOLAREN «ATAUNEN ARRAUN» PROIEKTUA

Ataun: urte luzez itsasoari begira, arraungintza tarteko

“Ataunen Arraun” proiektuaren bidez, garai bateko arraunak nola egiten ziren asmatu eta berriro egin dituzte Albaolako kideek. Euskal Herria mendeetan itsasoari begira egon dela ziurtatzen du Xabier Agote Albaolako lehendakariak, eta euskal itsasoaren historia eta ondarea bermatzea eta transmititzea ditu xede.

Ataungo basoan hasi eta Pasaiako kostaldean amaitu zuten arraunak egiteko prozesua, Albaolako aprendizen eskutik eginda.
Ataungo basoan hasi eta Pasaiako kostaldean amaitu zuten arraunak egiteko prozesua, Albaolako aprendizen eskutik eginda. (ALBAOLA)

Euskal Herria erabat itsastarra izan da; iruditzen zaigu baserritar herria garela, eta ez da hala» baieztapenak harrituko ditu batzuk. Xabier Agote Albaolako lehendakariarena da, eta berak ez du zalantzarik hala dela. Egurrezko txalupekin obsesioa izan zuen txikitan, tematuta zegoen. Baina egurrezkoak gustatzen zitzaizkion gehien, eta kezkatuta zegoen gero eta txalupa gutxiago egiten zirelako egurrez. Bizkar gainean pilatu ditu orduak, esperientziak, irakaspenak eta ametsak, horietako asko Albaola Itsas Fabrikan. Oraindik ere obsesioa du egurrezko txalupekin; baina oraingoek hamar metro izango dituzte, eta jolasa baino askoz gehiago da beretzat.

Euskal Herriko itsasoaren historiarekiko dugun ezjakintasunak kezkatzen du gaur egun, eta zerbait egiteko garaia dela uste du: «Konturatzen gara ez dakigula nondik gatozen. Iraultza kultural bat behar dugu». 1813an kokatzen du berak euskaldunek itsasoarekin izandako «harreman handiaren gainbehera». Lehen itsasotik sartzen eta ateratzen ziren materialak, eta ondorioz baita dirua ere, Agoteren arabera.

Euskal Herria pobretzen hastea itsasoarekin harremana gutxitzearekin lotzen du, eta horrekin loturik «memoria ere galdu genuen», kontatzen du donostiarrak. Atsekabea sortzen dio itsas historia eta ondarea galdu izanak Agoteri: «Gure identitateak euskara du, alde batetik; eta, bestetik, folkloretik hartutako elementuak dira batez ere euskaldun egiten gaituzten ikur identitarioak. Historia zerbait intelektualagoa bezala hartzen da, ezagutu behar da, ikasi behar da… eta nolabait hori dena kendu digute, eta gero, berreskuratzeko aukera izan dugunean, ez dugu asmatu».

Baserri giroa ikertu eta jasotzeko izugarrizko lana egin dela uste du Agotek. Ataungo Aita Barandiaranek eginiko lana jarri du adibidetzat. Itsasoari erreparatuta, aldiz, horrelakorik ez dela egon kontatzen du, eta horregatik beraien alea jartzeko ahaleginetan dabiltzala Albaolan. Hori sumatu daiteke Pasai San Pedron dagoen ontzigintza eskolan; barnealdean museo funtzioa ere betetzen duen tailerra dago. Han aritzen dira mundu osotik etorritako aprendizak, ikasten eta lanean.

Agote Ameriketako Estatu Batuetako ontzigintza eskola batean ikasitakoa da, eta Euskal Herrira itzulitakoan, misio hori hartu zuen beregain: hemen ontzigintza eskola propioa sortzea. Transmisioan eta jakintzan sakondu eta zabaltzeko garrantzitsua da Albaolako lehendakariarentzat. Ematen duenez, baita bertako ikasleentzat ere, izan ere, elkarrizketarako bisita egiten dugun bitartean, hor dabiltza egurrezko oholak mugitzen kantuan, beste egur zati batzuk lixatzen beste pare bat... Giro ona nagusi, pasio berak elkartzen dituela nabari da.

ARRAUNAK BARNEALDEAN

Kantauri itsasoak ez du haize egonkorrik, bertako arrantzaleek, saregileek eta merkatariek hori ongi dakitela ziurtatzen du Agotek, udan haize gutxiegi egoten dela zehazten du, eta horrek zaildu ohi dituela lanak. Haize desegonkorra izateari gehitu behar zaio XVII. mendean itsasontziek motorrik ez izatea. «Arraunak eta belak ziren itsasontzien motorrak», eta, haizearen bidez bela erabili ezin zenez, arraungintzan «aditu» bilakatu behar izan zuten: «Hemengo arrantzaleek, beraien zoritxarrerako, arraun egin behar zuten». Gaur egun arrauna «osagarria» dela azaldu du, baina garai batean tresnarik garrantzitsuena izan zela. Mundu guztiko ontziek arraunak zituzten, baina, bertako meteorologia bereziagatik, halabeharrez, Euskal Herrian adituagoak egin behar izan zuten jardun honetan.

Ontzien atal oso garrantzitsuak direla konturaturik abiatu zuten «Ataunen arraun» proiektua. Barnealdeko herriek ere itsasoarekin duten lotura agerian utzi du proiektuak. Ataun hartu zuten erreferentziatzat, artxiboko testu zaharretan aipuren bat jasota dagoelako. Arraunak sortzeko «arkeologia esperimentala» egin dutela aitortzen du. Euskaldunen arraunak zehazki zein ezaugarri zeuzkaten aztertu nahi izan dute, eta, lortutako informazioa baliatuz, garaiko teknikak erabiliz gaur egun eraiki. Pago egurra zen arraunak egiteko zuhaitz nagusia; ugaria delako, batetik, eta ezaugarri egokiak dituelako, bestetik. «Ikertzen hasi ginen, historiari begiratzen. Hasiera batean askori harrigarria iruditu zitzaion: Euskal Herria oro har, baina Gipuzkoa bereziki, arraungintzan espezializatuta zegoen».

BASOTIK ITSASORAINOKO BIDEA

Basoan egiten ziren arraunak, baina ez ziren hantxe bukatzen, prozesua kostaldean amaitzen baitzen. Agotek tailerreko oholen artean bilatu du erakutsi nahi diguna, eta azaldu du: «Honi proto-arrauna deituko genioke (alde batetik zabalagoa da eta pala du, bestetik estuagoa). Arraun itxura hartzen hasiak diren oholak dira. Basoan egiten ziren puntu honetara arte, eta ondoren kostaldera eraman, bukatzeko».

Horixe izan zen Albaolako aprendizek Mikel Larrañaga aizkolariarekin batera egindako prozesua ere. Ataunera joan ziren denak, Marumendira, zuraren bila. Moztuko zituzten pagoak aukeratu ondoren, enborrak bertan zartatu behar ziren; ez zituzten zerrarekin mozten, erdibitu egiten zituzten, eta gero laukotu. Aizkoraz ziri forma luzea ematen zioten egurrari. Jarraian lehortzen utzi behar dela azaldu du Agotek.

«Pandemia batek tardatzen duena tardatzen du egurrak lehortzen», kontatu du irri batekin, eta ondoren azaldu du nolatan dakien hori. Hain zuzen, arraunari forma ematen lehenengo aldiz hasi zirenean, berde eta fresko egoten ziren, eta, ondorioz, okertu egiten ziren. Denbora gehiago beharko zuten lehortzeko, eta horretan utzi zuten beste tarte bat: urtebete. Eta hala ere okertu egiten ziren enborrak, nahiz eta «askoz gutxiago» izan. Azkenik, pandemia iritsi, eta horrek derrigortu zituen denbora gehiagoz lehortzen uztera: «Pandemiari eskerrak ikasi dugu egurrak lehortu eta egonkortzeko pandemia batek irauten duen denbora behar duela: pare bat urte».

Arraunak egin zituzten Albaolako aprendizek. Teoria bat ere sortu zuten horretarako, ezin izan baitzuten ziurtasun guztiarekin iraganean erabiltzen zen teknika lortu. Baina frogatzea ere tokatu zitzaien: «Txalupa uretara bota, eta aldez aurretik egindako arraunak probatu genituen. Konturatu ginen metro bat motzegiak egin genituela. Ez zuten balio guk nahi genuen ontzirako».

«Arraunek ez dute bizitza luzea», adierazi du Agotek. Hauskorrak direla azaldu du, okertu egiten dira, forma aldatzen zaie, puskatu egiten dira... Horren eraginez Euskal Herrian milaka eta milaka arraun egin behar izan direla kontatu du. Hemengo itsasontzientzat ez ezik, kanpora ere eraman dira euskal kostaldean egindako arraunak.

«Ditugun datuen arabera, Gipuzkoan arraungintzaren salmentarako gune nagusiak Donostia, Pasaia eta Hondarribia izan ziren. Baina arraunak pagadi askotan egin dira. Aurkitu dugun dokumentazioan Ataun nabarmentzen da arraungintzaren gune garrantzitsu gisa», esan du.

ARRAUNAK ATAUNEN, ATAUNEK ARRAUN

«Zer dela eta arraunak Ataunen egin?», galdetu zioten batek baino gehiagok Albaolako lehendakariari, eta berari gustatzen zaio besteengan interes hori piztea, kuriositate horrek hausnarrera bultzatzea. Erantzun erraza du galderak, donostiarraren ustez; basoak zeuden tokian egiten ziren, kasu batzuetan basoko produkzioaren zati bat burdinoletara bideratuta zegoen, baina beste zati handi bat itsasora joaten zen.

Eta haiek egin bezala, duela ehun bat urte ere prozesuaren zati bat basoetan bertan egiten zen: «Enbor batek asko pisatzen du. Bideak oso txarrak ziren eta gurdiarekin garraiatzen ziren zamak. Askoz ere logikoagoa da enborrei soberan duten hori kendu eta, bukatu gabe egon arren, piezak forma duela kostaldera ekartzea. Errazagoa, merkeagoa eta azkarragoa zen». Hasieran harrigarria badirudi ere, erantzun logikoa duela ezin uka.

Gipuzkoa «buru-belarri itsasoari begira» zegoela kontatzen du Agotek. Ulertzeko zaila egiten zaio nola itsasoko historiari eta ondareari lotutako guztia «erabat baztertuta» daukan gure gizarteak. «Barnealdeko jendea ere guztiz itsasoratuta zegoen, haritzei forma ematen, enborrak mozten, burdinoletan… Dena zen itsasorako, dena zen itsasoa Euskal Herrian».

ONDAREA ETA TRANSMISIOA

Albaolan lanean dabiltzanek birsortu behar izan dute garai bateko arraunak egiteko teknika, ez baitzegoen inon jasota nola egiten ziren. Eta horrela Euskal Herriko itsas ondareari balioa eman diote. Berreskuratu eta transmititzeko baliatu nahi dute «Ataunen Arraun» proiektua.

«Ondarea ezin da babestu, ez baduzu transmisioa bermatzen», halaxe uste du Albaolako lehendakariak, eta bere iritziz egun Euskal Herrian ez dago horrelakorik bermatuta.

Ondare gisa zer eta nola ulertzen dugun ere eztabaidagarria iruditzen zaio. Euskal itsas historiak eta bertan erabilitako ontzi, tresna zein teknikek garai batean ez zuten ondare izaera Agoteren arabera: «Itsas ondarea oso berria da. Guk sortutako zerbait da, ez baitzen lehenago kontuan hartzen. Hemen ondarea elizak, baserri batzuk, elizako organo edo koadroak... ziren». Eztabaida interesgarria eta luzea da ondarearen definizioan sartzea, baina ur handietan sartzea litzateke.

Ameriketako Estatu Batuetan ikasi zuen berak ontzigintza, eta ikusi zuen hango gizartean oso prestigiatuta zegoena, baina hemen galduta zegoela. Itsas ondarea «oso dinamizatuta» zegoen Maine hirian, Agotek ontzigintza ikasitako hirian, eta horrek inpaktatuta utzi zuela aitortzen du, horrek piztu ziola ikusitakoa Euskal Herrian sortzeko gogoa. «Euskaldunak izan ziren mendeetan baleak ehizatzen bakarrak. Ze handitasuna, ez? Eta ez diogu garrantzirik ematen», esaten du, etsipen apur batekin.

Euskaldunen itsas historia sortzeko ezinbestekoak izan ziren itsasontziak. Eta asmo horri jarraiki, haien teknologien berreskurapenean oinarrituz sortu zuen Albaola, «herrigintzaren asmotik abiatua».

Proiektu gehiago aurreikusten dituzte datozen hilabete eta urteetarako ere: «Azken finean, itsasoa eta itsas historia gauza zoragarri bat da, mendeetan atzera eta munduko leku guztietara eramaten zaitu; izan ere, euskaldunak egon dira Filipinetan, Indonesian, Txinan, Ameriketan, Norvegian… Nonahi gabiltza gure historiaren uberan -ubera da itsasontziak atzetik uzten duen marka zuri hori azaltzen du, Pasaiako portuko itsasoak seinalatuz-, historiari jarraika. Oso aberatsak dira gure itsas historia eta ondarea».