EDITORIALA

Betiko faxismoaren traje zaharberritua

Azken hamarkada ez da lasaia izan Estatu espainolean; ustelkeriak, 2008an lehertutako krisiak eta 78ko erregimena delakoaren gainbeherak mugimendu tektonikoak eragin ditu politikan. Alderdi berriak ere sortu dira, batzuk asmo eraldatzailez, baina bada erabat erreakzionarioa den eragile bat: Vox. Urte gutxiren buruan bizitza politikoa baldintzatzea lortu du eskuin muturreko taldeak, eta hari begira egongo da jende asko maiatzaren 28an, haien bozak erabakigarriak izan baitaitezke zenbait erkidegotan. Eta ondorengo hauteskundeetan ere bai.

Voxen hazkundea ezin da ulertu nazioarteko testuingurua kontuan hartu gabe. Eskuin muturraren gorakada nabaria da Europan, eta azken urteetan, gainera, Gobernu eta botere esparruak eskuratu dituzte. Giorgia Meloniren kasua, Italian, horren adibide nagusia da, baina ez bakarra. Aspaldiko auzia da hau, baina egia da, baita ere, AEBetan Donald Trumpen garaipenak mugimendua hauspotu zuela, eta haren atzetik, errenkadan, neofaxismoarekin harreman estua duten beste hainbat agintari heldu direla, Jair Bolsonaro brasildarra kasu. Dena den, hori horrela izanda ere, Santiago Abascalek eta enparauek gidatzen duten alderdiak ezaugarri propioak dituzte, Estatu espainolean urte luzez agintean egon den frankismoarekin eta haren kultura politikoarekin lotuta daudenak.

Izan ere, Voxen sorrerak eta sustraitze azkarrak zerikusia daukate Francoren heriotzaren ostean Estatu espainolean izandako trantsizio ereduarekin. Ez zen goitik beherako eraldaketa demokratikorik izan, eta diktadurako erakunde eta aginte esparruek indarrean jarraitu zuten, aurpegia garbituta. Hor zeuden pertsona gehienak, horietako asko epaile, polizia eta goi funtzionarioak, beren interesak defendatuko zituzten alderdietan elkartu ziren -AP, PP...- eta egungo testuinguruan Voxen aurkitu dute txokoa. Honek Estatuaren barrunbeak inork baino hobeto ordezkatzen ditu, haren esentzia islatzen du, duela mende erdi bezala demokraziarekin zerikusirik ez duen izaera. Baina Abascalenak ere gainbeheran sartzen badira, sektore horiek beren habia egingo dute beste nonbait. Arazoa ez baita trajea, honek janzten duen gorputz ustela baizik.