Ane URKIRI ANSOLA

«SARI POTOLOA» ESKURATZEKO BIDEA, ONGI BORROKATUA ETA GOZATUA

Aaron Gonzalez eta Ruben Bailo puntistak profesionalen artean lehiatzen ikusiko ditugu udara honetan. «Sari» hori erdietsi dute, Elite txapelketa irabazi ondotik. Finaleko garaipena eskuratu berritan, GARArekin solastatu dira arabarra eta nafarra. Txapelketa honek eragin duen ilusioa nabarmendu dute.

Ruben Bailo eta Aaron Gonzalez, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan, sari banaketaren aurretik, dantzariek eta txistulariek lagunduta.
Ruben Bailo eta Aaron Gonzalez, Mutrikuko Miruaitz pilotalekuan, sari banaketaren aurretik, dantzariek eta txistulariek lagunduta. (GARA)

Urduri geunden, saria ez zelako edonolakoa». «Horregatik egon da hainbeste tentsio hasieran». Horrelako adierazpenak entzutea nahikoa ohartarazpen da profesionalekin jokatzeak zer suposatzen duen puntista amateurrentzat. Aaron Gonzalez eta Ruben Bailoren esaldiak dira, Elite txapelketa amaitu berritan GARAri esandakoak.

«Aaron bezalako puntista gazteentzat lehendabiziko aukera izan daiteke honakoa, baina niretzat profesionalekin aritzeko azken aukera izan zitekeen», dio Noaingo atzelariak. Iaz itzuli zen Daniatik, bertan 9 denboraldi aritu ostean. Azken urtean, hain justu, Aaron Gonzalezen bidelaguna izan da, arabarrak ondo adierazi duen legez, eta bien artean ondutako harremana giltzarri izan da Elite txapelketan, hala iritzi dute.

Elite txapelketan gailenduta, Jai Alai World Tour zirkuituan lehiatuko dira. Gonzalezek aurreratu duen legez, bi Grand Slam eta Masters bat jokatuko dute. Mutrikun arituko dira, jaietan, eta Donostia eta Hondarribiko txapelketa handietan ere izango dira. Oraindik ikusteko dago nola osatuko dituzten bikoteak, baina saria irabazita daukate.

«Biok txapelketa biribila egin dugula iruditzen zait», iritzi du Gonzalezek. Bakoitzak bere aldetik egin du finalerako bidea, txapelketak alde indibiduala zein kolektiboa kontuan hartu baitu, eta aurreneko hiru asteburuetan, bi multzotan banatuta, bikoteak aldatzen joan dira. Lau aurrelari onenek -puntuka baloratu da- eta lau atzelari onenek jokatu zituzten finalerdiak, eta hauetatik irabazleak sailkatu ziren finalera.

FORMATUAREKIN, POZIK

«Txapelketaren formatua asko gustatu zait, bidezkoa iruditu zait. Ez zegoen bikote finkorik, eta ezberdina zen ostiralero. Nire multzoan, esaterako, aurrelarien arteko lehia oso estu ikusten nue,n eta Bailorekin jokatzen zuenak aukera gehiago zituela ikusten nuen. Baina inor ez zegoenez beti Bailorekin, gainerakoei ateak irekitzen zitzaizkigun», azaldu du.

Irabazi berritan ere sumatzen zaie urduritasuna, euforiak ematen duen ilusio eta ezinegon hori, bideaz «ederki gozatu» duten seinale. «Ni ez naiz konturatu harmailetako giroaz ere, nik soilik saria neukan begien artean», dio Bailok, barreka. Ostiralero ongi inguratuta egon da, Noaingo pilota eskolako gazte eta gurasoek Mutrikuko Miruaitz pilotalekua girotu baitute. «Ezin gusturago nago. Pilota eskolan entrenatzaile moduan nabil, eta txikienekin sortu den harreman hau... izugarria da», aitortu du.

Haur horientzat ere itxaropen puntu izan baita txapelketa. Profesionalekin lehiatzeko ateak ireki dituen formatu hau «berria» da hauentzat. «Horrelako aukerarik ez dut sekula eduki. Bai, agian, noizean behin deitzen dizutela eta jokatzen duzula... Baina jarraitutasunik gabe», adierazi du Gonzalezek.

MAILA HANDIA

Aaron eta Bailo B multzoko bigarren aurrelari eta atzelari onenak izan ziren eta, finalean, multzo berean punturik gehien eskuratu zutenek osatutako bikotearen aurka aritu ziren: Bixente-Uranga. Ea hauek faboritoago ziren galdetzean, arabarrak zalantza egin du: «Guk finalerdia ozta-ozta irabazi genuen, baina beraiek Eñautek [Urreisti] min hartu ondotik irabazi zuten, eta orduan bikote mutrikuarra [Urreisti-Manci] irabazten zihoan, 14-11».

Irabazleez harago, erakusleiho handia izan da. Horren erakusle da Mikel Mancisidor. Aaron eta Bailoren adierazpenetan behin baino gehiago atera da mutrikuarraren izena. Noaingoak ez du sekula bere aurka jokatu; «badirudi saihesten gabiltzala (barrezka). Uste dut zorte eskasa izan zuela finalerdian, baina gerra handia ematen dabil».

Izan ere, bere bikotearen lesioak finalerako atea itxi bazion, Del Riok min hartu izanak Lekeitioko Mastersera eraman zuen. Osa Goikoetxearekin osatu zuen bikotea eta txapela jantzi zuen.

Zirkuitu profesionalean dagoen maila handiaz jakitun, «hasieran kosta» egingo zaiela ohartarazi dute. «Maila handiagoa da, beste abiadura batean jokatzen da, beste pilota batzuekin...», aipatu du Gonzalezek. Ilusioz, baina, kasik garaiezinak izango direla aurreratu du: «Daukagun ilusio maila hain da altua, horrek gure alde jokatzen duela. Txapelketa osoan ikusi da, pilotakada bakoitzean bukaeraraino borrokatu dugula».

Bukaeraraino borrokatu -finaleko azken tantoa, markagailuan 14-14 zegoela, horren adibide da-, eta «ederki gozatua» izan da Aaron Gonzalez eta Ruben Bailoren ibilbidea. Elite txapelketak bidearen hasiera urratu du; jarraitzea geratzen da.