GARA
GASTEIZ

«Gaixotasunak saltzen du, osasunak ez», horregatik sustatzen ari da pribatizazioa

Osasun Publikoa Aurrera plataformaren mobilizazio bat, Gasteizen.
Osasun Publikoa Aurrera plataformaren mobilizazio bat, Gasteizen. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Osasun Publikoa Aurrera ekimenak manifestazioak deitu ditu gaurko Bilbo, Donostia eta Gasteizen, 12.00etan. NAIZ Irratia plataforma horretako kide Nagore Encisorekin izan zen atzo. Taldeak uste du osasun publikorako eskubidea galtzen ari dela eta Osakidetza pribatizaziora jotzen ari dela, biztanleen artean arrakala sortuz.

«Gure ustez, osasun publikoa puntu kritiko batera iritsi da. Herriak ezin ditu horrelako itxaron zerrendak eta egoerak jasan», aipatu zuen. Beren iritziz, «enpresa handi bat» sortzen ari dira, non herritarren osasunarekin negozioa egiten ari diren. «Gaixotasunak saltzen du, eta osasunak ez. Lehen mailako arreta suntsitzeak horretara eramaten gaitu, gaixotasunera», esan zuen Encisok. Bere hitzetan, osasun zentroetako arreta suntsitzen bada, bide bakarra gaixotzea da.

«Kasu konkretuetara bagoaz, aste honetan ginekologian zita eskatuz gero, 2024ko otsailerako ematen digute. Hori bada zerbaiten adierazle oso argia», aipatu zuen, egoera espezialitate guztietan antzekoa dela gehituta.

Ebakuntza eta probetan ere atzerapenak daude. «Onkologian, adibidez, bularrean bulto bat aurkitzen baduzu, 10-15 egunetan artatu beharko zintuzkete protokoloaren arabera, baina orain epe hori hilabete eta erdi luza daiteke -oso larria ez bada, orduan bai artatzen zaituzte berehala-. Beldurra duzunez, ordaindu ahal baduzu, pribatura joko duzu. Hori da sustatzen ari direna», salatu zuen.

Hori dela eta, plataformak uste du baliabide ekonomiko eskasak dituzten herritarrek ez dituztela beste batzuen aukera berak. «Pribatua ordaindu ahal duenak gaixotasunari lehenago egin ahalko dio aurre, eta dirurik ez duena, askotan, gaixotu egingo da. Hori ezin da onartu, teorian osasun eskubidea unibertsala baita».

IRTENBIDE BILA

Egoera konpontzeko eman beharreko pausoak garbi ikusten ditu Encisok. Alde batetik, pribatizatzen ari diren zerbitzuak publiko izan beharko lukete berriro. Bestetik, profesionalek sare pribatuan edo publikoan lan egin nahi duten erabaki beharko lukete, baina ez bietan. Eta, azkenik, lehen mailako arreta indartzea garrantzitsutzat ikusten du; alegia, indar gehiago bideratzea prebentziora sendatzera baino. Horretarako, ezinbestekoa da langile gehiago kontratatzea eta lan baldintza hobeak ziurtatzea.

Lakuako Gobernuak dio arazoa konpontzeko pausoak ematen ari direla, baina plataformak ez du sinesten. Adierazi du sektoreko enpresaburuekin harremana duela gobernuak, eta horregatik sustatzen ari dela pribatizazioa. Adibide gisa, Encisok kontatu zuen Araban erresonantzia magnetikoak egiteko hiru gailu besterik ez daudela, hirurak Osakidetzako instalazioetan, baina kudeaketa pribatuarekin.

Bestalde, arreta telefonikoa mantentzea salatu zuen. «Medikuak ezin bazaitu ikusi eta ukitu, nola jakingo du zer gertatzen zaizun?».