Iraitz MATEO
«NOR DA SORKUNTZAREN JABE?» JARDUNALDIA

PREKARITATE BAKARTUARI ERANTZUTEKO, elkarlana

«Nor da sorkuntzaren jabe? Kultura ekonomia sozialaren ikuspuntutik» jardunaldian, sortzaileen saretzeaz aritu zuren atzo Dinagu kolektiboko eta Artaziakoopeko kideak. Sorkuntzak maiz dakarren lan prekarizatu eta bakartiari erantzuteko elkarlanean aritzea dela bidea azpimarratu zuten. Merkatuaren erritmo eta ereduetan sartzearen argi-ilunez.

Dinagu kolektiboko kideak eta Artaziakoopekoak, Dokan antolaturiko jardunaldian.
Dinagu kolektiboko kideak eta Artaziakoopekoak, Dokan antolaturiko jardunaldian. (Maialen ANDRES | FOKU)

Bakardadea, prekaritatea, afizioa ofizio bilakatzearen korapiloak, ikuspegi eraldatzaileari eustea, saretzearen beharra eta aliantzen eraikuntza… horiek izan ziren, KoopFabrikak antolatuta, atzo Donostiako Doka Kafe Antzokian egindako jardunaldien hizketagaietako batzuk. “Nor da sorkuntzaren jabe? Kultura ekonomia sozialaren ikuspuntutik” izenburupean, sortzaileen saretzeaz jardun ziren Dinagu kolektiboko Karmele Salsamendi eta Uxue Bereziartua, Artaziakoopeko Oihane Espuñezekin batera.

Proiektu arras ezberdinak dira Dinagu kolektiboarena eta Artaziakoopena. Lehenengoan emakumezko sortzaileak elkartzen dira, eta egun “Nomada gaitun” egitasmoa dute martxan: Euskal Herrian zehar azoka ezberdinak antolatzen dituzte diziplina ezberdinetan lan egiten duten sortzaileekin. Artaziakoop, aldiz, hezkuntza artistikoa eta bitartekaritza kulturalean aritzen den gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Praktika eta metodologia artistikoak, ezagutzen partekatzea, eta eraikuntza eta eraldaketarako tresna baliagarriak diren ikasketa-prozesuak bultzatzen dituzte.

Dinaguko balioen erdigunean elkarlana, ahalduntzea, bertakoa eta eskuz egina izatea daude, Salsamendik esan zuenez. Eta hutsune batetik sortu zela kontatu du: bakarkako proiektu asko zeudela ikusten zuten, baina ez zegoen elkargunerik. Eta hortik abiatu zen «oso bakarkako» proiektuak zirenak kolektibizatzeko ideia.

Autoesplotazioaren inguruan galdetuta, zalantza egin zuten norberaren eraginez sortzen den edota testuinguruak behartzen dituen autoesplotatzera. «Denari baietz esaten diogu, ez dakigulako hurrengo hilabeteetan zer datorren; abendua oso oparoa izaten da guretzat, Gabonetako azoka asko ditugu eta horretarako prestatu behar dugu aurreko hilabeteetan. Baina urtarrila dator gero, eta otsaila… eta hor oso gutxi saltzen da», adierazi zuen Salsamendik.

Bereziartuak «etengabeko borroka kontzientean» bizi direla kontatu zuen; batetik, badakitelako kapitalismoa sostengatzen ari direla baina, bestetik, beraiek ere «jan» beharra dutelako. Korapilo etengabea da, «baina hobe da taldean bizitzea», gaineratu zuen.

ERALDAKETAREN BIDEAN

Gizarte ekimeneko kooperatiba gisa izendatzen dute Artaziakoopeko kideek beraien proiektua, baina ez da beti hala izan. 2019an egiten zutenari garrantzia emateaz gain, nola egiten zuten ere zaindu nahi zuten, eta orduan iritsi ziren Koop Fabrikan izena ematera. Orduan ezagutu zuten Ekonomia Sozial Eraldatzaile Feminista (ESEF), eta horretan lanean dihardute orduz geroztik.

«Bizitza eta lana uztartzeko ahaleginean gabiltza, eta gizarte eraldaketa bultzatzen, baina Koop Fabrikako lagunen artean egon arte ez geunden eroso ekonomiaz hizketan, eta konturatu ginen gu hori egiten ari ginela, egiten ari ginela jakin gabe», adierazi zuen Espuñezek. Edukia eta forma uztartzeak duen garrantzia azpimarratu zuen, eta kooperatiba izaerak eta elkarlanak duen garrantzia mahaigaineratu.

Aitortu zuen, egungo makroekonomia ereduetan, eta eredu liberalean, prekarizatutako langintza dela beraiena, «askotan aldi baterako lan bezala ikusia, gaztea zarenean egin dezakezun zerbait. Guk horri buelta eman nahi diogu eta langintza duin bihurtu eta egonkortu». Horretarako kolektiboki lan egitea ezinbestekotzat jotzen du. Beste espazio batzuetan beraien ikuskera bera ez dutela badakite Artaziakoopeko kideek baina, aldi berean, horiekin lan egitea eta «erdiguneak hartzea» beharrezkoa dela uste dute: Boteregune batzuetan fisurak eragin daitezke, eta bestelako harremantzeko ereduak sortu».