M. I. G.
IRUN

Erabakitze eskubidea, burujabetzak eta lankidetza uztartuko dituzte

Irantzu Perello abokatuak eta Josu Etxaburu Gure Eskuko kideak irakurri zuten adierazpena.
Irantzu Perello abokatuak eta Josu Etxaburu Gure Eskuko kideak irakurri zuten adierazpena. (Jon URBE | FOKU)

Gure Eskuk Irungo Ficoban egindako Itsasargia nazioarteko konferentzia baliatu zuen izen bereko eztabaida prozesuaren ondoren adostutako proposamen politikoa plazaratzeko. Hurrengo urteetan herri mugimendu honek jarraituko duen bidea zehazten du dokumentu horrek.

Duela hamar urte sortu zen Gure Esku. Lehen agerraldia Ficoban egin zuten hain justu, aldarrikapen bat eta erronka bat plazaratzeko: «Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu, herritarron garaia da», izan zen euren aldarrikapena. Erronka, berriz, Durango eta Iruñea lotuko zituen giza kate bat osatzea. Helburu argi batekin abiatu ziren: euskal herritarron erabakitzeko eskubidea erabiliz, gure etorkizun politikoa erabakitzea.

Azaldu zutenez, euskal herritarron gehiengoak erabaki nahi du zein izanen den bere etorkizuna. Are gehiago, etorkizuna erabaki ahal izatearen helburua guztiz demokratikoa da eta euskal herritar ororentzat da baliagarria. Adierazpena Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak eta Irantzu Perello abokatuak irakurri zuten.

EGINDAKO BIDEAZ HARRO

«Nahi bezain urrun iritsi ez bagara ere, balio handia ematen diegu elkarrekin egindako urratsei, eta harro gaude Gure Eskuk egindako ekarpenaz», aitortu zuten.

Hamar urteotan, «erabakitzeko eskubidearen aldeko giro berri bat eragin» dutela uste dute. «Zoru amankomun bat osatzen eta elkarbizitza hobetzen lagundu» dutelako ere pozik daude.

Gogoeta egin dute orain arte ibilitakoaz eta aurrera begirako bideaz. Itsasargia deitu diote prozesuari, bidea eta norabidea argitzeko beharra sentitu dutelako. Gogoeta horretan hiru ardatz zehaztu dituzte, elkarren artean lotuak. Lehena: «Etorkizuna aske erabakitzea gure herrian errotutako borondatea da. Baina ez da soilik printzipio kontu bat. Premiazko kontu bat ere bada, erronka kolektiboei behar bezala erantzuteko, edota bizi baldintzak hobetzeko».

Bigarrena: «Burujabetza esparru materialak gureganatzeak estatus politiko burujabea lortzen lagunduko dio gure herriari. Era berean, urrats burujabeak egitea eta arnasgune burujabeak eraikitzea gakoa izango da burujabetza osoa lortzeko».

Eta hirugarrena: «Euskal lurralde guztietako herritarron arteko lankidetzan sakondu behar dugu: harreman gehiago, proiektu bateratu gehiago, baliabide gehiago. Lankidetza areagotzea onuragarria izango da Euskal Herriko lurralde guztietako herritarrontzat».