Andoni ARABAOLAZA
BOULDER

Will Bosik «Burden of Dreams»-i ohorezko lekua eman dio

Zazpi urte igaro behar izan dira bloke horren lehen errepikapena heltzeko. Bosik dio 9a maila duela; hortaz, Nalle Hukkataivalen maisulana zailtasun horretako munduko lehenengoa dela baieztatu da.

Orain bai, baiezta daiteke Nalle Hukkataival boulderreko bederatzigarren esferan aitzindaria izan dela. 2016. urtean, Lappnor-en (Finlandia), “Burden of Dreams”-en lehen igoera egin zuen. Eskalatzaile finlandiarrak 9a mailako proposamena egin zuen, eta haren gaitasuna ikusita, inork ez zuen iritzi hori zalantzan jarri.

Hilaren 12an, berriz, aipatu dugun hori guztia baieztatu da. Edo hobeto esanda, Will Bosik azpimarra berezia jarri dio. 24 urteko eskoziarra lehen errepikapena egin du, eta onartu du 9a dela. Hots, Finlandiako bloke hori zailtasun horretako munduko lehena bihurtu da.

Bosiren prozesua Instagram-en bidez ezagutu dugu. Martxoaren 16an lehen bisita egin zuen “flash go” batekin. Eta termino hori erabili dugu bidaia horren aurretik eskalatzaile honek etxean eginiko erreplika (ikus argazkia) batean hamar egunez jo eta ke jardun zuelako. Beste modu batera esanda, “Burden of Dreams”-eko mugimendu guztiak bikain ezagutzen zituen.

Horri guztiari esker, Lappnor-eko bloke horretan eginiko ekinaldiak ikusgarriak izan ziren oso. 30 minutuko saio horretan mugimendu guztiak egin zituen. Lehen mugimendua hirugarren saialdian eta hurrengoa bigarrenean. Hirugarren eta laugarren mugimenduetan ez zuen arazorik izan, eta azkenak hiru saio eskatu zizkion.

Aurreratu dugun bezala, iragan 12a izan zen D eguna. Bosik berak horrela laburbildu digu egun berezi hori: «Blokera hurbildu nintzenean, ez nuen sentsazio baikorrak. Uste nuen bero gehiegi egingo zuela, baina berotzen hasi nintzenean nire energia berpiztu egin zen. Behin betiko ekinaldiari dagokionez, beheko sekzioan hegan egin eta goiko dinamikoan heldulekuari eutsi nion. Den-dena bikain atera zen. Nallek eginiko proposamenarekin ados nago. Arroka horretan zein bere erreplikan izan dudan eskarmentuak hori esaten dit. Inoiz egin dudan boulder zailena da; edozein 8c+ aise gainditzen du. Bai, zalantzarik gabe, 9a da!».

Nahiz eta kosta egin zaion bere izenak hedabide espezializatuetan lekua hartzea, kirol eskaladan zein boulderrean Bosi lehen lerroko espezialista da. Horregatik inork ez du zalantzan jarri eskoziarraren iritzia. Hukkataivalek hiru urte behar izan zituen Finlandian bertan zuen bloke horren lehen igoera egiteko.

BI 9A

“Burden of Dreams” ez da zailtasun horretako lehen boulderra izan Bosirentzat. Joan den urteko azaroan, Shawn Raboutouk sortutako “Alphane”-ren (Chironico, Suitza) lehen errepikapena sinatu zuen. Hortaz, 9a mailako bi bloke ditu. Batez ere duten estiloarengatik, argi dago bi bloke horiek ezin direla parekatu.

Alabaina, biak ala biak 9a mailakoak direnez, eskoziarrak honako azterketa egin nahi zian du: «Niretzat Finlandiakoa zailagoa da. “Alphane”-ek 10 egun eskatu zizkidan, eta “Burden”-ek 24, erreplika egunak kontuan hartuta. Bi bloke horiek oso teknikoak dira. “Alphane”-ren mugimenduak menderatzen direnean, askoz ere errazagoak bihurtzen dira. Hori guztia esan eta gero, uste dut “Burden” 9a sendoa dela, eta “Alphane” 9a bai, baina errazagoa. Hala eta guztiz ere, ez nago %100ean ziur “Burden” 9a sendoa denik».

Aurreratu dugu “Burden of Dreams”-en arrakasta lortzeko, protagonista honek gogor entrenatu zuela etxean eginiko erreplika batean. Gai honen inguruan zera aipatu du: «Erreplika hori %90-95ean oso zehatza da, baina ez, ordea, perfektua. Onartu behar dut asko lagundu didala, arroka horretan lehen ekinaldi onak egin ahal izateko. Erreplika horretan hamar egunez jardun nuen, eta egun horiek niretzat eskalada erreala izan dira. Egun, erreplika horiek asko erabiltzen dira, eta uste dut entrenatzeko oso egokiak direla. Askotan gertatzen da probatu nahi duzun blokea bustia edo baldintza kaskarretan dagoela. Eta ezin duzunean ekinaldirik egin, erreplikak erabat laguntzen dizu sasoiari eusteko eta mugimenduak gogoratzeko».

Hukkataivalek “Burden of Dreams”-en lehen igoera egin zuenetik zazpi urte igaro dira, eta urte horietan guztietan boulderra erabat hazi da. Entrenamendu zientifiko oso onak daude, aipatu ditugun erreplika horiek gero eta gehiago erabiltzen dira, lehen lerroko espezialistek elkarrekin ekinaldiak egiten dituzte… Zaila da irudikatzea muturreko zailtasunak izango duen bilakaera. Bosik berak dio erantzun zehatzik ez duela: «Datozen hamar urteotan, ziur naiz 8c+ maila erabat sendotu egingo dela, hots, maila horretako makina bat bloke egingo dira. Eta 9a batzuk. Agian, lehen 9a+ ikus dezakegu, baina uste dut boulderra maila horretatik oso urrun dagoela. Bederen, nire gaitasuna kontuan hartzen badut. Arrokarekin beti oso motibatua egon naiz. Egun, entrenamendu espezifikoak ditugu, eta onartzen dut horrek guztiak erabat lagundu didala esku artean nituen muturreko proiektuak aurrera atera ahal izateko, Shawn-ek eta biok 9a mailako bina bloke ditugu; arrakasta hori lortu dugun bi eskalatzaile bakarrak gara. Agian, “ohore” hori Shawn-ekin galduko dut. “Burden of Dreams” probatzen ari da. Baina ez dakit lortuko duen. Udaberria finkatu da Finlandian eta bero egiten hasi da. Agian, gaueko ekinaldiekin (baldintza perfektuak dira) bigarren errepikapena irits daiteke».