GARA Euskal Herriko egunkaria

Gonbidatua


Paradisua non den, zer den, edo, nor den, hortxe datza gakoa. Paradisuko lurrak okupatzeko esaldia oroitu nuela erran nuen aitzinekoan, askatasunaren aldarri artean metafisikaren ertzak ukitzen zituena. Margoa galdu duten esaeren babesean, isiltasunarekin hitz egiten jarraitu duelako harrizko hormek, baina normak, eta formak guk jarrita haren parean, bizimoldeak betiere; beste batzuk aldiz, dogmak, gu otzandu eta apaltzeko.

Kolektibitateari erreparatzen diodan aldi oro halako zerbaitek zizta egiten dit. Hortik aitzina, norberak egin, erran eta eraberritu ezean, dena zaharkitzen da, pentsamolde sendoenak ere bai, aspaldi errandakoa ia anakroniko bilakatuz. Jar iezaiozu ahapaldi honi oroimenera datorkizun edozein esaldi. Itxoin, Simone de Beauvoirren ‘‘L’invitée’’ aurkitu eta banator berriro. Horra: «Toi et moi, on ne fait qu’un; c’est vrai, tu sais, on ne peut pas nous définir l’un sans l’autre». Zu eta ni, bat gara; egia da, badakizu, elkar definitzeko batak bestea behar du.

Eta horra lehen irakurraldian oharkabean pasatu nuen beste esaldi bat: «Le temps s’étalait autour d’elle en une mare stagnante et douceâtre. Vivre, c’était vieillir, rien de plus». Denbora bere inguruan hedatu zen igerileku geldi eta gozo batean. Bizitzea zahartzea zen, beste ezer ez.

Tira. Uste dut bizitakoaren errepasoa garrantzitsu zaidala, aurrez erran eta idatzitakoa, ea hitz haietan neure burua ezagutzen dudan.