EDITORIALA

Salbuespen legeak bertan behera uzteko garaia

Euskal presoen ehunka senidek «horrenbeste sufrikario» eragin duten sakabanatzea eta urruntzea amaitzeagatik beren poza agertu zuten atzo Bilbon. Neurri errepresibo horiek amaituta, fase berri bat zabaldu da, baina ez errepresiorik gabekoa. Horregatik, senide horiek euskal preso, errefuxiatu eta deportatuak etxeratzeko garrantzia nabarmendu zuten, bidezkoa delako eta «herri honen bizikidetza eraikitzeko prozesuan aurrera» egiteko, eta horretarako salbuespen legeak desagertzeko eskatu zuten. Bada, ordea, justizia eta bizikidetzarekin bateraezinak diren beste interesak dituenik. Bada mendekua lehenesten duenik. Hain zuzen ere, euskal presoak menderatzeko eta mendekua hartzeko legeak eta legez kanpoko neurriak abiatu zituzten, eta jakina da dispertsioak utzi duen oinaze arrastoa.

Salbuespena lege izan da urte askotan euskal herritarrentzat, frankismoan eta frankismoaren ostean ere, epaileek ezarritako zigorrean jasota ez zeuden hamaika eskubide urraketatik legeak behin eta berriz bihurtzeraino. Eta bere horretan dirau euskal presoentzat salbuespenak, gatazka politikoaren adierazpen armatua desagertu eta hamabi urteren buruan, bizikidetzaren eta bakearen aldeko apustuaren aurka. Barregarria gertatuko litzateke hain tristea izango ez balitz salbuespen legeak inpunitatea saihesteko neurri gisa justifikatzea, edo biktimei zor zaien errespetuagatik. Izan ere, zigorgabetasuna ez da euskal presoen artean bilatu behar, kartzelan eta deserrian milaka urte eman dituztenen artean, baizik eta Madrilgo gobernuek legea ezartzetik babestu dituztenen artean eta haien arduradun politikoen artean. Zigorretik babestu ez ezik saritu ere egin dituztenen artean. Jokabide hori, gainera, nekez etor daiteke biktimei zor zaien errespetuarekin bat, are gutxiago zenbait biktima onartu ere egiten ez direnean.

Sakabanatzearen amaiera albiste ona izan zen modu berean, albiste ona izango da euskal preso, errefuxiatu eta deportatu guztien etxeratzea, salbuespenak eragozten duen askatasuna, alegia, herri honek hala nahi eta merezi duelako. Presoen senideek diotenez, bizikidetza prozesuan aurrera egiteko beharrezkoa delako.