APR. 25 2023 KOLABORAZIOA Botoaren balore eraldatzailea Tasio ERKIZIA Ezker abertzaleko militantea Egungo egoera sozioekonomikoa zein soziopolitikoa errotik eraldatu nahi dugunok ez dugu erronka makala, alajaina! Batetik, borrokak ez du etenik. Gure aurrekoak lortu zituzten askatasun esparruak borrokaren bidez eskuratu zituzten. Guri ez digute ezer erregalatu, eta ondorengoek ez dute beste biderik: menpekotasuna onartu eta sumisioan bizi edo errebeldia eta borrokaren bideari eutsi. Eta bestetik, bizi dugun errealitate konplexu honi aurre egiteko ez da bide bakar eta sinplerik. Borroka molde desberdinak uztargarriak egin behar ditugu eta bide hori, nahi edo nahi ez, herritarrekin egin behar dugu. Mobilizazio zein lantegiko eta kaleko borrokaren bidez aski zaila da gauzak aldatzea. Hor da euskararena, kasu. Gaur, lehen bezala, borrokan jarraitu behar dugu. Ikusten dugu zahar egoitzetako langileek zenbat denbora daramaten borrokan; osasungintza publiko eta duinaren alde zenbat mobilizazio antolatu ditugun; pentsiodunok zenbat urte daramatzagun astelehenero elkartzen; lantegietan zenbat urte eta belaunaldi eskubide berdinen alde borrokatzen... Baina borrokarik gabe ez dago askatasunik. Instituzioen gabeziak eta ezinak ere nabarmenak dira. Badakigu burgesiaren mesedetan sortuak direla. Egungo instituzioek gabezia demokratiko handiak dituzte. Baina, hala ere, lantegietan, eskoletan, unibertsitatean edo auzoetako borroka ezinbestekoa den bezala, instituzioetan ere borrokatzea beharrezkoa da. Eraldaketa soziala zein soziopolitikoa lortzeko, parte hartze instituzionala ere beharrezko tresna da. Askatasun bideak urratzeko lagungarria izan daiteke. Eta horretarako, herri mobilizazioarekin bat egin behar du, era guztietako borroka moldeekin uztartu behar da. Hortaz, herritarren auzolanari bizkarra ematen dion instituzioak gabezia demokratiko nabarmena du eta, aldi berean, instituzioen aurka antolatu nahi den auzolana hutsaren hurrengoa izango da. Arrazoi asko daude Europan mugimendu ezkertzaleak bizi duen krisi sakona ulertzeko, baina horietan nagusienetakoa borroka instituzionala eta masa borroka uztartzeko gaitasun eza da. Akats historikoa izan zen eurokomunismoak, 80ko hamarkadan eman zuen ziaboga faltsua, zeinaren arabera eraldaketaren oinarria soilik instituzioetan jarri zen. Oraindik ederki ordaintzen ari garen okerbidea, hain zuzen. Eta uztargarritasun hori, modu oso berezian, udaletan bermatu daitekeenez, merezi du botoaren balioari buruz hausnartzea. Ezkerreko pentsamendua duen jendea da gehien abstenitzen dena. Eta, egia esan, ez zaigu arrazoirik falta haserre egoteko. Baina lehen galdera zera da: zer lortzen dugu etsipenarekin? Nora garamatza abstentzioak? Nori egiten dio mesede? Abstentzioak eskumari egiten dio mesede. Beraz, ezer ez da aldatuko, bestelako gizartea nahi dugunok etxean gelditzen bagara. Eskuma oso pozik dago zapalduek eta errebeldeek igande librea hartzen badute, bozkatzera joan beharrean lotan gelditzen badira edo mendi buelta ematera joaten badira. Bigarren galdera: ziur zaude berdin dela bata zein bestea egotea herriko alkatetzan? Jarrera berdina dute herriko gazteek dituzten arazoen aurrean? Herriko euskaltzaleak babesturik aurkituko dira? Auzo elkarteek, laguntza berdina izanen dute? Ustelkeriaren aurka neurri berdinak hartuko dira? Saiatu zaitez informazioa jaso eta aztertzen alderdi bakoitzak zer nolako jarrera duen pentsioen aldeko borrokarekin, emakumeen eskubidearen defentsan, gutxiengo soldata sostengatzeko orduan, auzotarrak kexa desberdinez hurbiltzen direnean... Nortzuk babesten dute etxebizitzen espekulazioa? Nortzuk ari dira Euskaltel bezalako enpresak multinazionalen esku uzten? Hirugarrena, berriz, zera litzateke: botoak ez al du balio handia bestelako gizarte eredua defendatzen duten aukerei ematen badiogu? Gutxi kostatzen zaigu, baina bere balioa izan dezake. Berez, horrek ez ditu gauzak aldatuko, eraldaketarako eguneroko lana eta herri mobilizazioa ezinbestekoa baita. Baina ekarpen positiboa da. Nik errespetatzen ditut abstentzionista aktiboak, baina oso kritikoa naiz. Uste dut oker ari direla mespretxatuz udaletan lanean diharduten milaka alkate eta zinegotzi borrokalarien lana. Herri mugimenduan lanean ari bazara, zorionak, segi horretan. Tinko jarraitu zure ekarpena egiten, baina ez utzi botoa emateari. Abstentzioa ez da eraldatzailea. Barne minak edo amorrua asetzeko modua izan daiteke, baina jakin betikoei egiten diola mesede. Proiektu eraldatzaileei, botoaren bidez, zure atxikimendua erakustea, zure jarrera eraldatzailea erakusteko modua da. Gure aukera den EH Bildu mugimenduari akats eta gabezia ugari ikusten dizkiot. Askotan haserretzen naiz. Baina 44 urte hauetan, Herri Batasunaren historia osoan eta EH Bilduk daramatzan hiru legealdi hauetan, ez da ustelkeria kasu bakar bat ere egon, izan ditugun milaka alkateren eta zinegotziren artean; zintzo eta koherenteenak dira; herriaren alde beraien militantzia eskaintzen dute; ezkertzaleak eta abertzaleak dira... Ez da izango zuk nahi duzun modukoa ere, ziur. Zure ikuspegi militantetik hainbat hutsune ikusiko dizkiozu, baina herriarekin eta herriarentzat lanean ari dira. Bildu ditzagun indarrak. Herritarren auzolanari bizkarra ematen dion instituzioak gabezia demokratiko nabarmena du eta, aldi berean, instituzioen aurka antolatu nahi den auzolana hutsaren hurrengoa izango da