GARA Euskal Herriko egunkaria
SASKIBALOIA GURPILDUN AULKIAN

Euroleague 1a irabaziz, beste garaikur bat nahi du Bidaideak Bilbao BSRk

Igandean Kopako finala irabazi eta gero, 2019an Sheffielden egin zuten balentria errepikatu nahi lukete bilbotarrek asteburu honetan Cantun.

Pozarren, Bidaideak Bilbao BSRko kideak, igandean Kopa berriro irabazi eta gero. (@BIDAIDEAK)

Sei final galdu behar izan zituen Bilboko taldeak azkenean txapelketa bat eraman ahal izateko, tartean Ligakoa eta Kopakoa, eta nola ahaztu Galatasarayren aurka 2018an Txurdinagan azken segundoetan galdutako Euroleague 1eko final hura.

Baina 2019an Sheffielden Euroleague 1a irabazi ondoren, Bidaideak Bilbao BSRk bere apalak garaikurrez bete ditu: dela Ligakoa, dela 2022ko Kopa eta dela pasatu berri den asteburuan Vallecasen lortu duten Kopa, Amivel, Ilunion eta Amiab Albacete bidean utzita.

Noski, behin irabaztera ohitzen den hark gehiago nahi izaten du, eta Vallecasen egindako balentriari segida eman nahi dio talde bilbotarrak Cantu hirian, Euroleague 1eko Zortziko Finala jokatuko baitu.

AURKARIAK

Etxeko taldeaz gain, Briante84 Cantu, Italiako Padua eta Santo Stefano, Estatu frantseseko Hornets Le Cannet eta CTH Lannion, Alemaniako Hamburg eta Turkiako Galatasaray arerio zaharra izango ditu aurrean Adrian Yañezen taldeak.

Zortziko Finala lau taldez osaturiko bi multzotan banatuko da. Ostiral bazkalostean hasiko dira lanean, eta 15.45ean Hamburg izango dute aurrez aurre. Ostiralean bertan, 20.15ean hasita, CTH Lannion izango da bigarren aurkaria. Larunbat eguerdian itxiko du ligaxka talde bilbotarrak, 11.45ean Briante84 Cantu izango baitu aurrean.

Azken postuetan geratzen diren lau taldeek larunbat arratsaldean erabakiko dute beren postuen ordena; bigarren amaitzen dutenek, aldiz, hirugarren postuari begira igandean 10.00etan jokatuko dute. Multzo bietako buruek, igande eguerdiko 12.15ean erabakiko dute, 2019an Bidaideak Bilbao BSR gailendu ostean, palmaresean zeinek jarriko duen bere izena.