Dabid LAZKANOITURBURU

Kurduak, beti, turko-buru

Hauteskundeetara deitu zuenetik, denbora kontua zen Erdoganek Kurdistan izango zuela jomugan. Izan ere, 2002an boterera iritsi zenetik Kurdistanen irabazi ditu Anatoliako Penintsulan gotorlekua duen AKP alderdi islamistak. Irabazi edo galdu.

2015eko ekainean AKPk gehiengoa galdu zuen, HDP kurduen aldeko koalizioak Parlamentuan hirugarren postuak eman zizkion emaitza izugarrien ostean. Orduan PKK talde armatuarekin negoziazioak eten zituen, eta gerrara eta errepresiora itzuli zen.

Gazte kurduek, haserre, kalera eraman zuten matxinada, eta Armada su ta gar sartu zen hirietan, dena suntsitzen. Urte hartako azarorako deitutako hauteskunde aurreratuen bezperetan Ankaran gertatu zen atentatu suizida ilunak lotuta, gehiengo osoa berreskuratu zuen AKPk.

2016tik kartzelan da Selahattin Demirtas HDPko hautagai-burua, eta Erdoganek aise irabazi zituen 2018ko presidentzialak.

Oraingoan, urtarriletik hona ilegalizazio prozedura pairatzen ari den HDPk presidentzialetara ez aurkeztea erabaki zuen, oposizio kemalistaren hautagaiari irabazten laguntze aldera.

Hori da hain zuzen Erdoganek saihestu nahi duena. Eta horretarako bazter guztiak nahasteko prest da.