Ion SALGADO
GASTEIZ

Legebiltzarrera itzuliko da Hezkuntza Legearen eztabaida, bai eta kalera ere

Bingen Zupiriak eta Jokin Bildarratzek aurkeztu zuten lege proiektua, Gasteizen.
Bingen Zupiriak eta Jokin Bildarratzek aurkeztu zuten lege proiektua, Gasteizen. (Endika PORTILLO | FOKU)

Lakuak atzo onartu zuen Hezkuntza Lege proiektua. «Helburu nagusia da ikasleei ahalik eta hezkuntzarik onena eskaintzea. Kalitatezko hezkuntza, integratzailea, aukera berdintasuna eskaintzen duena, euskalduna, eskola publikoa funtsezko zutabe duena eta berrikuntzaren aldeko apustu sendoa egiten duena», adierazi zuen Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak Gobernu Kontseiluaren ondoren Gasteizen egindako agerraldian.

Azaldu zuenez, onartutako testuak iaz Legebiltzarrean adostutako akordioaren «edukia zein espiritua errespetatzen ditu», eta Parlamentura itzuliko da orain dagokion izapidetzeak jarrai dezan.

Edukiari dagokionez, familiek hizkuntza-eredua aukeratzeko eskubidea izango dutela esan zuen. «Lege honekin arautzen dugu ikastetxe bakoitzak bere hizkuntza proiektua eduki beharko duela, oso ezberdina delako D eredua Gipuzkoan dagoen Berastegi bezalako herri batean edo Bilboko auzo batean», esan zuen, ikastetxe bakoitzak «errealitate soziolinguistiko ezberdin bati» erantzuten diola azpimarratuz. Halaber, lege honen bidez Sailak zehaztuko du zein izango den ikasleen profila DBH amaitzean: euskaraz eta gaztelaniaz B2 maila lortu beharko lukete, eta B1, hirugarren hizkuntzan.

Bildarratzen esanetan, Lakuan adostasuna erabatekoa da lege honen inguruan. «Gure sailak ekarri duen aurreproiektu bat izan da, eta Gobernuaren proiektua da, bere osotasunean», nabarmendu zuen PSEko ordezkariak alde daudela ziurtatuz.

PSEren kritika

Kontrakoa esan zuen eguerdian PSEk. Azpimarratu zuen testuak ez dituela betetzen Legebiltzarrak 2022ko apirilaren 7an ezarritako helburuak. «Ordezkari sozialisten aldeko botoa izan du, ez baita gure asmoa tramitazioa oztopatzea, baina etorkizunean gure babesa izateko aldaketa jakin batzuk egin beharko dira», ohartarazi zuen, orain arte egindako proposamenak ez direla «behar bezala aintzat hartu» salatu ostean. Ildo horretan, proiektuak gaur egungo hizkuntza sistema aldatzen duela dio, eta argi uzten du aukera horren aurka dagoela.

Bestalde, EH Bilduk testua «zehatz-mehatz» aztertuko duela iragarri zuen, iaz sinatutako hezkuntza ituna beteko dela baieztatzeko. «Orain arte bezala jokatuko dugu, zorrotz eta arduraz», esan zuen Ikoitz Arrese legebiltzarkideak. Bere hitzetan, adostutakoa betetzen bada talde subiranistak ez luke arazorik izango legea babesteko. Dena den, Pello Otxandiano koalizioko programa zuzendaria Donostian izango da gaur bertan, iritzi sakonagoa emateko.

Lege proiektuaren edukiera ezagutu aurretik, Miren Gorrotxategik Elkarrekin Podemos-IUko bozeramaileak argi utzi zuen duela hilabete batzuk ezagututako zirriborroan zuzenketa ugari egin beharko liratekeela beraiek testua babestu ahal izateko. Esan zuenez, joan den urtean sinatutako itunak sortutako «poza eta itxaropena bidean hondatuz joan da, Eusko Jaurlaritzaren erabakien ondorioz».

Sindikatuen erantzuna

Sindikatuek borrokan jarraituko dutela iragarri zuten atzo, Hezkuntza Legea hobetze aldera. Izan ere, LABen esanetan, «presiorik gabe nekez lor daiteke sare publiko bakar deszentralizatu eta burujabean antolaturiko hezkuntza sistemak behar dituen eraldaketa horiek aurrera ateratzea».

Esan zuenez, LABek egindako ekarpen batzuk onartu dira, baina «badira, oraindik ere, garapen eta zehaztasun maila handiagoa eskatzen duten gaiak», euskalduntzearen atalean pausoak emateko, eskola publikoa «erdigunean jartzeko» eta segregazioari aurre egiteko. «Hezkuntza eraldatzeko lege on baten aukera parez pare irekia dago eta jarraituko dugu hori lortzeko eragiten», iragarri zuen sindikatuak.

ELAk testuaren aurka jo zuen, lege proiektuaren helburua «egungo hezkuntza sistema betikotzea» dela adieraziz, «azaleko aldaketa txiki batzuk sartuta». «Legeak ez du hezkuntzaren edukirik aipatu ere egiten; ondorioz, ez da biderik izango euskal curriculuma askatasunez garatzeko», nabarmendu zuen, eta mobilizazioak iragarri zituen. Gainera, grebara deitzea proposatuko die eragile sozialei eta sindikatuei.

CCOO ere proiektuaren aurka agertu zen, uste baitu «mehatxua» dela euskal eskola publikoarentzat, eta ez dela «herri honek behar duena». Bi hezkuntza-sareak «berdintzen» dituela dio, eta euskararen tratamenduak «zehaztugabetasunean» jarraitzen duela salatu zuen ohar batean.